GaraKaleidos-disko aipamenak

0800 - Voragine

08001 “VORÁGINE”
(K-Industria, 2007)

AUZOKO KOLORE BIZIAK
Katalunian azken urteotan sortu den ekimen musikal interesgarrienetakoa dela deritzogu. 2002. urtean, Julian Urigoitiak jartzen du martxan. Julianen sendiak almazena zuen Sant Gil kalean, Bartzelonako Raval auzo zaharrean. Julian, musika zaletu amorratua da, disko jartzaile eta ekoizle ezaguna. Almazena grabazio estudioan bihurtu ondoren auzoan zegoen musika aberastasuna elkartzea erabakitzen du eta grabazio estudioaren ateak auzoko abeslari eta musikari desberdinei irekitzen die. Bartzelonako Raval auzoan mundu osotik etorritako jendea bizi da eta Julianek, kultura desberdin guzti horien aberastasuna diskoan elkartzea lortu du. Lehenengo diskoa, “Raval Ta Joie” izenekoa, 2003. urtean kaleratzen da eta bertan 23 musikariz osatutako bandak parte hartzen du. Katalunia, Frantses Estatua, AEBak, Maroko, Argentina, Ginea, Argelia, eta munduko beste txokoetatik iritsitako jendea aurki daiteke 08001 ekimenean. Musikalki ere munduko txoko desberdinetan garatzen den musikaren eragina nabaria da; reggae, rai, rock, rap, etab. Guztia hizkuntza desberdinetan abestutako kantuekin. Bigarren diskoak lehenengoaren bidea jarraitzen du. Oraingoan ordea luxuzko laguntzaileak izan ditu ekoizpen eta masterizazio lanetan. Ekoizpenean Laurent Guéneau izan du lagun; besteak beste, Khaled, Orquesta Nacional de Barbes, Faudel, Ismael Lo edo Africa Bambataa-rekin lan egin izandakoa da. Masterizazioa berriz Mike Marsh-ek egin du Londonen (Björk; Oasis; Depeche Mode; Massive Attack; Chemical Brothers edo U2 taldeekin lan egin izan du).

ARITZ SOUND SYSTEM

121 KREW - Denboraren ildoa

121 KREW “EL SURKO DEL TIEMPO/DENBORAREN ILDOA “
(Musikherria, 2008)

Hip-Hop mugimenduak garapen izugarria izan du azken urteotan. 80. hamarkadan AEBetako auzo txiroetan jaio zena, mundu osora zabaldu da abiadura izugarrian. Estatu espainiarrean adibidez, guztiz marjinala izatetik, disko gehien saltzen duen estiloa izatera pasa da. Euskal Herrian, duela hamar urte, Selektah Kolektiboak hasitako bidea (euskaraz egindako rap musikarena alegia) jarraitzaile gutxi izan ditu (Mak taldea da salbuespena). Hori horrela izanda ere, geroz eta gehiago dira rap musikaren zaletuak gure artean, eta teknologi berriek zabaldutako aukeretaz baliatuz, geroz eta gehiago dira, taldea sortu eta, auto ekoizpenaren bidetik, diskoak kaleratzen dituztenak. 121 Krew taldea, 2000. urtean sortzen da Bilbo eta Barakaldo artean. Graffitiari lotuta hasieran, rapa egiteko erabaki sendoa hartuko zuten denborarekin. Eta denboraren ildoari jarraituz, urte hauetan jasotako esperientziak lagunduta, hamahiru abestiz osatutako diskoa kaleratzen dute orain. Kantuen letretan gaztelera nagusi bada ere, euskara tartekatzeko ahalegin berezia nabari zaie. Ezkerraldeak bizi izan duen garapenaren testigu dira eta ez zaie ikusten dutena gustatzen. Kantuetan, hankak lurrean jarrita, eguneroko errealitate gordinaz mintzo dira, ezkerr(ald)eko ikuspuntutik aztertuta. Kantu ilun eta zuzenak dira eta taldearen web orriaren bitartez guztion eskura daude.


ARITZ SOUND SYSTEM

4 HERO - Play with the changes

4 HERO “PLAY WITH THE CHANGES”
(Raw Canvas, 2007)

Tituloa: Garapenaren edertasuna

Sarrera:
“Pentsamendu bakarraren” ideia bultzatzen dutenen aurrean, ederra da, aniztasuna bilatzen dutenak badirela jakitea. Berdin pentsatu, berdin maitatu, berdin sentitu eta orohar, bizitza eredu bakarra bilatzen dutenen aurrean, asko dira, aniztasunaren edertasuna aldarrikatzen dutenak; baita musika munduan ere. Edertasuna konplexua da.


Zorionez, geroz eta urrunago geratzen ari dira estilo bakarrera mugatzen ziren taldeen garaiak. Gaur egun, geroz eta ohikoagoa da, estiloek ezarritako mugak apurtu eta estilo librean ari direnak. 4 Hero taldea, rap musikaren eskutik hasi zen musikaren munduan pausoak ematen. 1989a zen eta London hiriko lau gazte, heroi izan nahi zuten, musikaren heroiak. 90. hamarkadak, musika elektronikoaren barruko estilo berriei eman zien ongi etorria; jungelaren lehen urteak ziren, erritmo basatien lehen urteak.. Belarriak irekiak dituen ororentzat, paradisua da Londongo oihana. Estiloen garapenak ez ditu ehunka urte behar, eta junglea, drum&bassean bilakatu zen. Jazzarekin, soularekin, funkiarekin, bossarekin eta beste hainbat estiloekin harremandu zen. 4 Heroko lagunak (bikotea orain), garapen horren subjektu izan dira, protagonistak. Disko berrian; rapa, soula, drum&bassa, bossa eta jazza aurkituko dituzu, baina ez estilo horiek ezagutzen dituzun bezala. Erritmoak eta ahotsak, sentimenduak kantu bihurtzen dituzten ahots ederrak. Maisu lana.

ARITZ SOUND SYSTEM

ACIDO C - Stereopropulsion

ACIDO C “STEREOPROPULSION”
(Baga Biga, 2007)

EXTRA LURTARREN INBASIOA

Musika beltzaren energiaz bultzatuta datoz Acido C taldeko lagunak. Bide luzea egin behar izan dute diskoa baldintza txukunetan kaleratu ahal izateko (lehengo diskoa La Ostra Azul auto-ekoizpena izan zen, 2004. urtean kaleratu zuten eta arazo dezente izan zituzten orduko managerrarekin). Taldea 2002. urtean sortu zen Donostian musika afro-amerikarraren jarraitzaileek osatuta. Eskarmentu handiko taldea da eta kontzertu asko emandakoa. Urte guzti hauetan jasotako esperientzien emaitza da disko berria eta egia esan, disko borobila osatu dute. Musikariei dagokionez ere, talde sendoa osatu dute; base erritmiko indartsua, haize sekzio dotorea eta ahotsetan, THC taldeko Alicia eta Evaren koroek, behar bezalako estaldura eman diote kantuei. Abestiak erdaraz eta ingelesez abestuak daude. Musikalki, 90. hamarkadan, Ingalaterran bereziki, indar handia eduki zuen funk, soul eta jazzaren berrikuspenaren bideari jarraitzen diote (acid jazz deitu zuten; Gilles Peterson eta lagunek zabaldutako bidea). Ezer berririk ez beraz. Musika beltzaren zaletuak garenontzat, poztekoa da Euskal Herrian horrelako doinuak lantzen duTen taldeaK edukitzea (Parafünk, Ortophonk, THC edo Afrikak ere, besteak beste, bide hau jorratu dute). Poza gehiago emango liguke ordea, musika afro-amerikarra euskaraz lantzen duten taldeak sortzea eta kantuen edukietan, gai sozialak, konpromisoaren bidetik lantzea.

ARITZ SOUND SYSTEM

AFRIKA UNITE - PRESENTS 4 RIDDIMS 4 UNITY

AFRIKA UNITE “PRESENTS: 4 RIDDIMS 4 UNITY”
(Venus, 2007)
Italiako reggae banda beterano honek 26 urte bete ditu musika munduan. Erreza da esatea baina Europa mailan oraindik oihartzun gutxi duen musika estilo bat eginez horrenbeste urte mantentzea meritu handia du benetan. Hamar disko kaleratuta Europako reggae talde erreferentean bilakatu dira. Orain, lau erritmoekin osatutako diskoa aurkezten dute eta urteetako ibilbidean ezagutu dituzten hainbat abeslari gonbidatu dituzte erritmo horien gainean abestu dezaten (Ky-Mani, Alborosie, Sargento Garcia, Zoe, etab.).

ARITZ SOUND SYSTEM

AGGROVATORS- At King Tubbys studio

AGGROVATORS “AT KING´S TUBBY STUDIO”
(Attack records, 2007)

70. hamarkadan hau izan zen reggae banden artean garrantzitsuenetakoa. Kate sistemaren antzera etengabe grabatzen zuten produktoreek sortutako musika, geroago abeslariek gainean abestu zezaten edo, disko honetan bezala, King Tubby´k dub bertsioak egin zitzan. Carlton Barett, Aston Barett, Sly Dunbar, Robbie Shakespeare, Earl "china" Smith, Santa Davis, Geoffrey Chung, Tony Chin, K Sterling, C Harvey, T McCook, Bobby Ellis, Skully, L Brown, Jackie Mittoo, eta Winston Wright. Luxuzko ekipoa.

ARITZ SOUND SYSTEM

AL DI MEOLA - CONSEQUENCE OF CHAOS

AL DI MEOLA “CONSEQUENCE OF CHAOS”
(Telarc, 2007)

Al Di Meola gitarraren maisua da. 70. hamarkadan Chick Corea piano jolearekin batera hasi zenetik, mundu mailako instrumentista onenekin lan egin du. Fusio musikaren aitzindari, gitarraren eremuak etengabe zabaltzen aritu da; asiar, arabiar zein afrikar doinuen eraginekin. Aurreko lana kaleratu zuenetik lau urte igaro eta gero, disko berriarekin dator eta oraingoan Barry Miles teklatuetan, John Patitucci eta Victor Miranda baxuan, Steve Gadd baterian, eta Chick Corea pianoan -ezin falta- izan ditu lagun. New Age, jazz world fusioa.

ARITZ SOUND SYSTEM

ALEX GOPHER - Alex Gopher

ALEX GOPHER “ALEX GOPHER”
(V2, 2007)

Alex Gopher frantses estatuan egindako musika elektronikoarekin erlazionatua izan da hasieratik eta musika honek Europan izan duen garapenaren eragile izan da. 1998an lehen diskoa kaleratu zuen eta bertan house doinuak funk musikaren eraginarekin entzun zitezkeen. Hurrengo diskoan, Demonen laguntzaz, erritmoak gogortu zituen eta orain, azken disko honetan, hasieratik izan duen pop kutsura bueltatu da nabarmen. 80. hamarkadako kutsua duen pop elektroniko, melodiko eta bokalaren jarraitzaileentzat aproposa.

ARITZ SOUND SYSTEM

ALPHA BLONDY - Jah Victory

ALPHA BLONDY “JAH VICTORY”
(Mediacom, 2007)

Reggae musika mundu maila izan duen oihartzuna ulertzeko ezinbesteko abeslaria da. Boli Kostan jaioa Afrika eta Jamaikaren arteko zubi lanak egin ditu. Jamaikarra izan gabe nazioartean arrakasta lortu zuen lehen reggae abeslaria izan da. Disko berria Jamaika eta Paris artean grabatu du, jamaikar eta afrikar musikariekin elkarlanean. Roots reggaea oinarrian; ingelesez, frantsesez eta dioula hizkuntzetan abestutako letrak eta kora, akordeoia edo magrebeko perkusioekin lagunduta disko txukuna lortu du.

ARITZ SOUND SYSTEM

AMY WINEHOUSE - Back to black

AMY WINEHOUSE “BACK TO BLACK”

(Island, 2006)

Musika munduko izar mediatiko asko bezala, Amy Winehouse abeslaria, ezagunagoa egin da bizitza pertsonaleko gora berengatik, egiten duen musikagatik baino. Orain aurkezten duen bigarren disko honetan 60. hamarkadako soul eta jazzaren eragina nabaria da eta abesteko eran, Sarah Vaughan eta Macy Grayrekin parekatu izan dute. Eragiten duen polemikagatik ez balitz, ziurrenik, ez zen horren ezaguna egingo nahiz eta eskaintzen duen musikagatik soilik kasu egitea merezi duen.


ARITZ SOUND SYSTEM

ANDY PALACIO - Watina

ANDY PALACIO “WATINA”
(Cumbancha, 2007)

Belizeko musika (herria bezala) guztiz ezezaguna zaigu Euskal Herrian. Ert-Amerikako herri txiki eta eder honetan nahasketa bitxia ematen da. Andy Palacioren musikak nahasketa horretatik edaten du. Karibeko erritmoengatik bustia; soca, reggae eta son kubatarraren ukituak atzemango ditugu baina Afrika mendebaldeko erritmoen presentzia nagusia da. Abesteko garaian ere Garifua hizkuntza erabiltzen du kantuei sonoritate berezia manez. Erritmikoa eta goxoa. Letrak ulertuko bagenitu…

ARITZ SOUND SYSTEM

ANGELIQUE KIDJO - Djindjin

ANGELIQUE KIDJO “DJIN DJIN”
(Sony 2007)

Afrikar etorki(zu)naren ahots ederra

Angelique Kidjo 1960. urtean jaio zen Afrika mendebaldeko Benin herrian. Historian zehar esklabutzak izan duen eraginagatik eta vodoo sinesmenaren jaioterria delako ezaguna da Benin. Emakumeak abeslari izatea oso gaizki ikusia egon arren oso gaztetik hasi zen Angelique abesten. Txikitatik musika estilo desberdinak entzun ditu; Zaireko rumba, Kamerungo makossa, AEBetako soul, jazz eta funkia eta Jamaikao reggaea, eta musika guzti horien eragina atzeman daiteke bere musikan. Oso gazte zela Parisera ihes egin behar izan zuen eta ondoren AEBetan eta Brasilen bizi izan da. Bidai guzti horiek eragina izan dute konposatzen duen musikan eta musika horrek urteetan izan duen garapenaren eragile dira. Hasierako diskoetan jazz eta funkiaren eragin handia atzeman daiteke (base elektroniko indartsuekin batera) eta azkenekoetan berriz, erritmoak lasaitzearekin batera, Hegoamerikako musikaren eragina nabariagoa da. Azken diskoa bizitza osoko ibilbidearen laburpena dela esan daiteke, eta horren isla da bertan izan dituen laguntzaileak (Amadou and Marian, Brandford Marsalis, Alicia Keys, Carlos Santana, Ziggy Marley, Joss Stone, Josh Groban eta Peter Gabriel). Hizkuntza desberdinetan abesten du eta edozein dela erabiltzen duen hizkuntza, inoiz entzun dugun ahots ederrenaren arima afrikarra aurkituko dugu.


ARITZ SOUND SYSTEM

ANOUSHKA SANKAR & KARSH KALE - Breathing Under Water

ANOUSHKA SANKAR & KARSH KALE “BREATHING UNDER WATER”
(Manhattan Records, 2007)

Ekialde eta mendebaldearen arteko zubiak

“Jendeak musika generoetan sailkatzeko joera du baina, nire ustez, garrantzitsuena musiken arteko nahasketa da. Niri dagokidanez, Indiako musika klasikoa, mendebaldetik gehien gustatzen zaizkidan doinuekin nahasten saiatzen naiz; trip-hop eta elektronikarekin alegia”. Bide horretatik doaz orain arte kaleratu dituen hiru diskoak. Anoushka Sankar, Ravi Sankar sitar jole maisuaren alaba da. Aitak erakutsi zizkion Indiako instrumentu berezi horren sekretuak eta orain, sekretu horiek mundu osoarekin konpartitu nahi ditu. Bide horretan, pauso handia da disko hau. Karsh Kale perkusio jolearekin elkartu da, eta bien artean, Indiako musika mundu osora zabaltzeko erraztasun handia duen diskoa osatu dute. Diskoa lasaia da eta Indiak duen mistizismoa dario etengabe. Diskoa mendebaldeko merkatuetan zabaltzen lagunduko du, zalantzarik gabe, diskoan pare hartu duten kolaboratzaileen fama. Horien artean, Police berpiztuaren ahots nagusia dago, Sting, kantu batean abesten. Gonbidatutako abeslarien artean, musika munduko beste ahots ezaguna dago, Norah Jones (era berean Anushka Sankarren ahizpa dena). Aita ere ezin zen falta eta Ravi Shankarrek sitarra jotzen du hainbat kantuetan. Laburbilduz, disko honetan Indiako sitar, txirula eta tablak mendebaldeko bateria, piano eta aparailu elektronikoekin aurkituko ditugu elkarlanean. Zubi sendoak musikarentzat.

ARITZ SOUND SYSTEM



ANTIBALAS - Security

ANTIBALAS “SECURITY”
(Anti, 2007)

Bide bitxia egin du funk musikak. AEBetan sortu zenean afroamerikarren sustrai afrikarretatik edaten zuela esaten zen eta Nigerian Fela Kutik funkia egiten hasi zenean afrobeat deitu zioten. Funki afrikar horren iturritik edan du Antibalas taldean eta Brooklynekoen hirugarren disko honetan ere funk musikarik gordinena entzun ahal dugu. Haize eta erritmo sekzioaren nagusitasuna osoarekin musikak hipnosirako duen gaitasuna bere osotasunean garatzen da. Uztailak 27an Donostian.

ARITZ SOUND SYSTEM

ANTWERP GIPSY SKA ORCHESTRA - TUTTILEGAL

ANTWERP GIPSY SKA ORCHESTRA “TUTTILEGAL”
(Evil Pinguin records, 2007)

Dagoeneko ezerk harrituko ez gintuela uste genuenean Antwerp Gipsy Ska Orchestra ezagutzen dugu. Azken urteotan musikaren aberastasuna, estiloen arteko harremanetik sortu dela esan dugu askotan, eta disko honek, gure horretan mantentzen gaitu. Egia esan, diskoa entzunda, hasiera batean zentzu handirik edukiko ez duen harremanak, oso emaitza naturala eman duela esango genuke. Nork esango luke, hasiera batean, elkarren artetik milaka kilometrotara dauden Europako Balkanen eta Karibeko Jamaikaren arteko harremana ez dirudi oso logikoa. Diskoa entzunda ordea, urteetan bananduta egon diren anai-arreben arteko elkarretaratzea dirudi. Antwerp Gipsy Ska Orchestra taldea 2004. urtean sortu zen Belgikan (taldeari izena ematen dion Antwerp herrian, Holandarekin mugan). Taldeko sortzaileak punk taldeetan aritutako lagunak dira, eta partaideen artean, Belgikan jaiotakoez gain, txoko desberdinetatik iritsitako musikariak daude (Argentina, Txile, Frantzia, Kosovo, etab). Balkanetako ijitoen doinuak, Jamaikan sortutako ska doinuekin elkartzen dituzte baina oinarrizko bi musika horiek, era berean, beste herrialdeetako kulturen eragina dutela kontutan izanda, definitzen zaila den emaitza lortzen dute. Haize sekzioaren indarra eta txarangen erritmoa eta abiadura. Diskoan gustura entzuten den musika dago eta zuzenean bihotzaren taupadak abiadura osoan jartzeko gaitasuna duen taldea da.

ARITZ SOUND SYSTEM

ARETHA FRANKLIN - Rare

ARETHA FRANKLIN “RARE AND UNRELEASED RECORDINGS FROM THE GOLDEN REIGN OF THE QUEEN OF SOUL”

(Rhino/Wea, 2007)

Izenburua bezain luzea da bilduma hau. Disko bikoitza da eta guztira 35 kantu jasotzen ditu. Rhino diskoetxeak, Aretha Franklin soul abeslari ezagunak, 1966 eta 1973 urte artean egindako grabazio ezezagunak eta arraroak berreskuratu ditu soul maitaleen gozamenerako. Singelen B aldeak eta orain arte kaleratu gabeko kantuak aurkitu daitezke, eta horien artean, Frank Sinatra edo The Beatles taldeen bertsioak edota Ray Charlesekin egindako duoa.

ARITZ SOUND SYSTEM

ARIANNA PUELLO - 13 razones

ARIANNA PUELLO “13 RAZONES”
(Zona Bruta, 2008)

Estatu mailan, rap musikak izan duen garapena ulertzeko ezinbesteko abeslaria da Ari. Musika horri ezartzen zaizkion topikoak gainditu eta estilo propioa garatu du. Nortasun indartsua duen emakume honek, hankaz gora jarri ditu rap musika gizonen kontua zela pentsatzen zutenen ustea. Disko berri honetan, aurrekoetan bezala, letra landuak topatuko ditugu, zorrotzak, kritikoak eta landuak; eta musikalki, emakume honen garapena eta askatasuna adierazten duten erritmoak daude, rapak mugak behar ez dituenaren erakusgarri.

ARITZ SOUND SYSTEM

ARMANDINHO - Semente

ARMANDINHO “SEMENTE”
(Universal Brasil, 2008)

Gure artean guztiz ezezaguna bada ere, Brasilen geroz eta arrakasta handiagoa duen abeslaria da. Porto Alegren jaioa, 2002. urtean kaleratu zuen lehen diskoa eta orain aurkezten duena laugarrena da dagoeneko. Hamabi kantu guztira eta aurreko diskoetan egin bezala, reggae doinuak eta pop melodiak elkartzen ditu, modu akustikoan. Diskoak ez du inongo berritasunik eskaintzen baina Brasilgo musikaren gozotasun osoa dakar (gozoegia batzuetan).

ARITZ SOUND SYSTEM

ASA - Asa

ASA “ASA”
(Dramatico, 2007)

Munduan zehar egiten den musika eder eta ezezagunaren beste adibidea. Parisen jaiotako nigeriar honek, baliabide xumeekin musika munduko “izar” ezagun askok produkzio erraldoiekin lortzen ez dutena lortzen du; kantu ederrak sortzea. Ahots pribilegiatua du eta sentimenduak musikaren bidez adierazteko sena. Ingelesez eta yorubaz abestutako letra landuak. Maiatzaren 17an Donostiako Gasteszena aretoan zuzenean ikusteko, entzuteko eta gozatzeko aukera izango dugu. Ederra.


ARITZ SOUND SYSTEM

ASIAN DUB FOUNDATION - Punkara

ASIAN DUB FOUNDATION “PUNKARA”
(Phantom Sound & Vision, 2008)


INDIAKO ETORKINEN AMORRUA
Hiru urteko itxaron aldia eta gero, Asian Dub Foundationek disko berria kaleratu du (iaz “Time freeze 1995/2007” izeneko disko bilduma kaleratu zuten). Hamaika kantuz osatutako diskoa da (Japonen kaleratutakoak opari kantua izango dute) eta, oinarrian, taldeak hasieratik izan duen bideari jarraitu dio; reggae-dub eta drum&bass erritmoetan oinarritutako kantuak dira, rockaren, erritmo elektronikoen eta indiako musikaren ukituekin eta amorru biziaz abestutako letra zorrotzekin. Aurreko diskoekin alderatuta, gitarra rockeroek protagonismo handiagoa dute. Egia esan, diskoak ez du nobedade askorik eskaintzen eta taldeko abeslariak onartu bezala, diskoa denbora tarte txikian grabatu dute eta aurrekoak baino gutxiago landua dago. Hori bai, luxuzko kolaboratzaileak izan dituzte eta honela, Iggy Pop-ek “No Fun” kantuaren bertsioan parte hartu du eta Gogol Bordello taldeko Eugene Hutze abeslariak “Soca” kantuan abestu du. Asian Dub Foundationek ospea lortu du, besteak beste, zuzenean eskaintzen duen ikuskizunengatik. Dena den, desberdintasun nabarmenak daude taldeko kide guztiek kontzertua eskaini edo sound system formatoa lantzen dutenean. Taldeak iragarri duenez, abenduan estatu espainiarreko hainbat hirietan kontzertuak eskainiko ditu baina oraingoz, ez dute Euskal Herria bisitatuko.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOKREN ARTEAN - Azuli presents Roger Sanchez

ASKOREN ARTEAN “Azuli presents Roger Sanchez Choice”
(Azuli, 2007)

Roger Sanchez munduan dagoen DJ ezagunenetakoa da. Oinarri latinoa duen house musikaren zaletuen artean izugarrizko arrakasta du. Bere sesioetan house erritmo komertzial dantzagarriaren gainean erritmo beltz eta latinoen pilulak aurki daitezke non nahi. Oraingoan, cd bikoitzean, house doinuak alde batera utzi eta bere bizitzan ezinbestekoak izan diren kantuen bilduma egiten du; latin jazz, funk, elektro, afrobeat eta orotar, 70-80 hamarkadetako kantuekin osatuta.

ARITZ SOUND SYSTEM




ASKOKREN ARTEAN - Big Ball Blue

ASKOREN ARTEAN “BIG BLUE BALL”
(Real World, 2008)

Peter Gabriel abeslariariak 80. hamarkada amaieran Real World izeneko diskoetxe eta grabazio estudioa martxan jarri zuen eta munduko txoko eta kultura desberdinetako musikarien grabazioak kaleratu ditu. Musikari horiek elkarren artean ezagutzeko aukera izan zuten honela eta elkarren arteko lankidetza sortu zen. Disko honetan, azken 18 urteetan elkarrekin grabazioak egin dituzten musikari desberdinen kantuak jasotzen dira (Sinnead o´Connor, Papa Wemba, Billy Cobham, Natacha Atlas, Vernon Reid, etab.).

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOKREN ARTEAN - CALIFORNIA SOUL 2

ASKOREN ARTEAN “CALIFORNIA SOUL 2”
(Luv N Haight, 2007)

Musika estilo guztiekin gertatzen den bezala soul musikaren barruan korronte eta adar oso desberdinak aurki daitezke. Garaiaren eta lekuaren arabera aldatzen dira.Bilduma honetan, Californian, 1966 eta 1982 urte artean egindako grabaketak jasotzen dira. Denbora tarte zabal horretan garapen handia jaso zuen soulak eta honela; soula, jazza, funkia, discoa eta bluesa atzemango ditugu (estiloen mugen hauskortasunaren erakusgarri). Talde ezezagunak baina maila handikoak.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - In The Name Of LoveVAfrica celebrates U2

ASKOREN ARTEAN “In The Name Of Love-Africa celebrates U2”
(Shout Factory, 2008)

Oraingoan, Afrikako hamar herrialde desberdinetako hamabi musikari eta abeslarik, Irlandar taldearen kantu ezagunen bertsioak egin dituzte. Guztietan, Afrikar musikaren eta hots joko ederren eragina nabaritu daiteke. Ea gutxienez, disko honek izango duen oihartzunari esker, Afrikako abeslari eta musikari handi hauek ezagunagoak egiten diren. Diskoaren salmentak ematen dituen etekinen zati bat Ihesa, Tuberkulosia eta malaria borrokatzeko erabiliko dira.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - Acoustic africa

ASKOREN ARTEAN “ACOUSTIC AFRICA”
(Putumayo, 2006)

Izenburuak dioen bezala, modu akustikoan grabatutako Afrikar abeslari eta taldeen kantuak biltzen dituen diskoa da. Afrikar musikaren aberastasunaren eta kolore bizien erakusgarri ederra. Putumayo diskoetxearen gustu onaz aukeratuta, talde eta abeslari ezagun zein ezagutu beharrekoekin osatuta (Angelic Kidjo, Vusi Mahlasela, Habib koite, e..). Ederra.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - Azkoittiarrok Auzolanin Maketue

ASKOREN ARTEAN “AZKOITTIARROK AUZOLANIN MAKETUE”
(Auto-ekoizpena, 2008)

“Azkoittiarron auzolanan ta autogestixun adibide bat gehixo deu AzkoittiaRock (azkoittiko doinu ta erritmun bildumie). Kulturik askie izen ber du, boterin kontrolerako atzaparretatik libre, (...). Boterik ordie askatasun guniek suntsittu eta irentsi nahi dittu”. Zorionez, Azkoitin Matadeixe bezalako gune askeak mantentzen dira eta bertan elkartzen direnen ekimenez sortu da Azkoitiako musikariak biltzen dituen disko bikoitza. Euskal musikaren aberastasunaren adibide berria.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - BACKSPIN A SIX DEGREES 10 YEAR ANNIVERSARY PROJECT

ASKOREN ARTEAN “BACKSPIN: A SIX DEGREES 10 YEAR ANNIVERSARY PROJECT”
(Six Degrees, 2007)

Zorionak Six Degrees, hamar urtez, munduan egiten diren musikei ikuspegi desberdina eskaintzeagatik. Gutxi dira Six Degrees-ek eduki duen ausardia erakutsi duten diskoetxeak. Komertzialtasunaren korronteari muzin eginez beste bide zirraragarriak erakutsi dizkigu. Ospatzeko, diskoetxeko taldeentzat erreferente izan diren musikarien bertsioekin osatutako diskoa eskaintzen digu. Jimmy Hendrix, Bob Marley, The Cure, The Police, etabarren bertsio bitxi bezain ederrak.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - BELLE ET FOU

ASKOREN ARTEAN “BELLE ET FOU”
(Sonar Kollektiv, 2007)

Europa mailan, jazza eta musika elektronikoa elkartzen maisu dira Jazzanovako lagunak. Egitasmoa 1995ean sortu zen eta sei lagunek osatzen dute. Musikaren ikuspegi zabala dute eta musika munduaren alor desberdinak lantzen dituzte; musika egileak dira, disko jartzaileak, ekoizleak, negozio gizonak eta zaletu amorratuak. Jazza erritmo elektronikoekin elkartzen maisu dira eta konbinaketa honi; soula, funkia, drum&bassa, samba, bossa, duba, folka edo afrikar doinuak gehitzen dizkiote dotorezi handiz. Musika egile bezala kaleratzen dituzten diskoetaz gain, disko jartzaile sesio lanak eta besteen musikari egindako nahasketekin ere kaleratzen dituzte diskoak. Horretaz gain, euren musikari beste disko jartzaile edo ekoizleek egindako nahasketekin ere kaleratzen dituzte diskoak. Norabide anitzeko jokoak beraz. Oraingoan, pauso berria eman dute eta ohikoa ez bada ere, antzezlan baterako soinu banda osatu dute. 70. hamarkadako Blaxploitation filmetan oinarritu direla diote (aktore afroamerikarren antzeztutako filmak); Barry White, Marvin Gaye edo Isaac Hayes bezalako abeslarien konposizioetan. Dena den, Jazzanovaren ukitu berezia dute; garaiko film horien zakartasunik gabe. Diskoan entzun daitezkeen kantu gehienak Jazzanovak egindakoak dira nahiz eta euren zigilurako grabatzen duten beste talde batzuen kantuak ere entzun daitezke (horregatik disko bilduma bezala aurkezten dute); Micatone, Wahoo, Clara Hill, e.a. Sentibera oso.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - BRAZILECTRO VOL08

ASKOREN ARTEAN “BRAZILECTRO (Latin flavoured club tunes session 08)”

Diskoaren izenburuak iragarri bezala; dantzalekuetara begira sortutako erritmo latinoak jasotzen dira disko bikoitza honetan. Kantuen egile gehienak europarrak izanda ere, Brasilgo musikaren eragina nagusi da. Horrelako disko asko egon arren, Brazilectroren bildumak, aitzindari izan dira eta emaitza txukuna eskaini dute beti.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - BRAZILECTRO VOL10

ASKOREN ARTEAN “BRAZILECTRO VOL.10”
(Audiopharm, 2008)

Azken urteotan perretxikoak bezala ugaritu dira Brasileko musika oinarrian hartuta erritmo elektronikoekin nahasten duten disko bildumak. Arrakasta lortu zuten bildumen aitzindaria izan zen Brazilectro izenekoa eta orain, zortzi urte eta gero, hamargarren alearekin dator. Aurrekoetan bezala, erritmo latinoen eragina duten kantuak jasotzen ditu nahiz eta kantu askoren egileak Europa zein Ipar Amerikako ekoizleak izan. Lehenengo cd-an erritmo lasaiagoak dira eta bigarrenean berriz, dantzarako aproposagoak omen direnak.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - BROWNSWOOD BUBBLERS 2

ASKOREN ARTEAN “BROWNSWOOD BUBBLERS 2”
(Brownswood, 2007)

Soula letra larriz. Plastikozko sasi izarren arrastorik ez. Behin baino gehiagotan hitz egin dugu Gilles Petersonetaz; disko jartzaile kotizatua, irrati esataria eta ekoizlea. Acid Jazz eta Talking Loud bezalako ezinbesteko diskoetxeen sortzaileak diskoetxe berria sortu du, Brownswood. Arimarekin egindako musikak biltzea izango du helburu eta arima galduak biltzeko duen trebezia ikusita, ziur gaude horrelako arri bitxiekin gozatzen jarraituko dugula. Ederra eta sentibera.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - Bossa n Ramones

ASKOREN ARTEAN “BOSSA N RAMONES”
(Music Brokers, 2008)

Rolling Stones eta Bob Marley eta gero, orain, Ramones taldearen kantu ezagunei iritsi zaie txanda (azala itsusiagoa posible ote?). Punk Rock taldearen melodiak bossa nova eta lounge estiloetan bertsionatu dituzte. Diskoan, besteak beste, The Runaways taldeko abeslaria izandako Cherie Curriek, Dirty Princesseko Yasmin Gate eta Angie Bowiek parte hartu dute. Duela urte batzuk imajina ezina zena salmenta zerrendetako lehen postuak eskuratuko ditu orain. Hautsak harrotuta dabiltza.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - CINEMATIC CLASSIC FILM MUSIC REMIXED

ASKOREN ARTEAN “CINEMATIC CLASSIC FILM MUSIC REMIXED”
(Six Degrees, 2007)

Asko dira pelikulen kantuei egin zaizkien nahasketak edo erremixak. Ez da gauza berria. Six Degrees diskoetxeko arduradunen esanetan, bilduma honetan, 20. mendean egin diren filma klasikoen musikei ikuspegi berria eman nahi izan diete. Horregatik, Henry Mancini, Quincy Jones, Ennio Morricone edota Duke Ellingtonenkantu klasiko horien nahasketak egiteko, zinemarekin harreman berezia duten disko jartzaile eta produktoreak bilatu dituzte (King Britt, Bombay Dub Orchestra, Tom Midleton, etab.)

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - CONTROVERSY A TRIBUTE TO PRINCE

ASKOREN ARTEAN “CONTROVERSY-A TRIBUTE TO PRINCE”
(Rapster, 2008)

Pop musikaren izar handia batzuentzat, musika beltza bortxatzeaz bizi den lotsagabea besteentzat, Princek muturreko iritziak sortzen ditu beti. Musika munduan daraman urte guztietan, modu batera edo bestera, lehen lerroan mantentzea lortu du eta estilo desberdinetako zaletuen artean jarraitzaile mordoa izan du. Hasiera batean oso desberdinak diren estiloetatik datozen musikariak Princeren kantuak bertsioak egin dituzte omenaldi gisa (DÁngelo, Osunlade, Soulwax, Stina Nordenstam, Hefner, etab.).

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - Chess moves

ASKOREN ARTEAN “CHESS MOVES”
(Universal, 2008)

Blues musikaren zaletu guztiontzat ezinbesteko erreferentea da Chess diskoetxea. 1979. urtean utzi zion disko berriak kaleratzeari baina ordurako Etta James, Muddy Waters, Little Walter, Menphis Slim, Howlin Wolf edo Jimmy Rogers bezalako blues musikari handien kantuak argitaratu zituen. Oraingoan, Sugarhill diskoetxeko estudio musikariek (Keith Leblanc, Skip Mc Donald eta Doug Wimbush) Chess katalogoko kantuen nahasketa berriak egin dituzte. Zoritxarrez emaitza “modernoak” ez du originalen magiarik.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - DISCOVERED A COLLECTION OF DAFT FUNK SAMPLES

ASKOREN ARTEAN “DISCOVERED A COLLECTION OF DAFT FUNK SAMPLES”
(Rapster Records, 2007)

90. hamarkada erdi-amaieran musika elektronikoak izugarrizko gorakada bizi izan zuen, besteen artean, Daft Punk bezalako taldeen arrakastari esker. Daft Punk, bi musikari frantsesek osatzen dute eta dantzarako aproposak diren kantuak konposatzen dituzte; house erritmoak eta melodia itsaskorrak. Disko honetan, kantuen melodien “inspirazioa” nondik atera duten ikusi daiteke. 70. hamarkadan egindako funk eta disko doinuen samplerrei etekin ederra ateratzen diote batzuk.

ARITZ SOUND SYSTEM


ASKOREN ARTEAN - EURO GROOVE

ASKOREN ARTEAN “EURO GROOVE”
(Putumayo, 2008)

Askotan hitz egin dugu Putumayo diskoetxeaz. Munduko txoko desberdinetan sortutako musika ederrak gerturatzen dizkigu eta gainera, musikariei buruzko informazioa ere eskaintzen du (disko askotan falta den zerbait). Groove izenpean hainbat bilduma kaleratu dituzte eta oraingoan, Europan groove delako hori duten doinuei iritsi zaie txanda (definitzen zaila). Diskoetxekoen aburuz; Alemaniako Jazzamor, Ingalaterrako Chumbawamba, eta Frantziako arabiar jatorriko Toufic Farroukh eta Mouss Et Hakim dira, besteak beste, bildumarako egokiak.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - Education is the key

ASKOREN ARTEAN “EDUCATION IS THE KEY”
(Total satisfaction, 2007)

Jamaikar musikaren abeslari ezagunak eta ez horren ezagunak jasotzen dituen bilduma; Sizzla, Luciano, Anthony B edo Freddie Mcgregor ezagunekin batera Sluggy edo Ed Robinson bezalako izen berriagoak ezagutzeko aukera ematen du. Era berean riddim edo base erritmiko berriak dakartza. Hezkuntza omen da giltza baina hezkuntza eredu asko daude eta bildumako abeslari askok zabaltzen dituzten mezuek, asmo onak izanda ere, ez dugu uste gazte jamaikarren egoera hobetzen lagunduko dutenik.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - FANIA DJ SERIES

ASKOREN ARTEAN “FANIA DJ SERIES”
(Fania, 2007)
60. hamarkadatik 80. hamarkadara Fania izan zen AEBetan erritmo latinoak (salsa bereziki) ezagutzera eman zituen diskoetxe arrakastatsuena. Musikari onenekin Fania All-Stars talde ezaguna sortu zuten eta diskoetxea indarrean mantendu zen urteetan 300 disko kaleratu zituzten (Tito Puente, Eddie Palmieri, Celia Cruz, e.a.) 2006. urtean diskoak berrargitaratzeari ekin diote eta oihartzuna ematen laguntzeko Gilles Peterson DJ ezagunari gustukoak dituen kantuekin bilduma osatzea eskatu diote

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - FUNKY NASSAU-THE COMPASS POINT STORY 1980-86

ASKOREN ARTEAN “FUNKY NASSAU-THE COMPASS POINT STORY 1980-86”
(Strut, 2008)

Chris Blackwell, Island zigiluko sortzailea eta Bob Marley nazioarte mailan ezagutarazi zuen negozio gizona da. 1980. urtean, Bahametako paradisuan, grabazio estudioa sortzea erabaki zuen, jamaikar erara baina Jamaikako giro lehergarritik kanpo. Reggae musikari onenak elkartu zituen eta nazioarteko pop izarren eskura jarri zituen. Disko honetan, estudio horien lehen urte aberatsetan sortutako kantuak biltzen dira (Alex Sadkin teknikoaren garaia). Grace Jones, Talkin Heads, Ian Dury, etab. CD + liburuxka.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - Far out brazil

ASKORE ARTEAN “FAR OUT BRAZIL”

(Far Out, 2007)

Far Out, brasildar musikaren jarraitzaileentzat ezinbesteko diskoetxea da. Harrigarria bada ere ez da Brasilgo diskoetxea. 1993 Joe Davisek Ingalaterran sortu zuen eta azken urteetan brasildar musikak eman dituen abeslari eta talde esanguratsuenak biltzen ditu (baina ez famatuenak). Samba, bossa nova eta musika elektronikoarekin egindako jolasak aurki daitezke zigilu honetan. Oraingoan, zigiluaren erakusle izan nahi duen bilduma kaleratu dute (Zeep, Joyce, Azymuth,etab.). Gomendagarria oso.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - GUANTANAMERA, UN TRIBUTO A CUBA

ASKOREN ARTEAN “GUANTANAMERA, UN TRIBUTO A CUBA”
(Warner, 2007)

Warner multinazionalak munduan musikaren “potentzia” diren herrialdeei eskainitako disko bildumen hirugarrena da Cubako musikari eskainitakoa. Aurrekoak, Brasilgo musikari “Samba Pa´Ti” eta Mexikar musikari “Que te vaya bonito” eskainitako bildumak izan dira. Aurrekoetan egin bezala, disko honetan ere, estatu mailan ezagunak diren abeslariak elkartu ditu Cubako musikaren abesti klasikoen bertsioak egin ditzaten (flamenco eta “mestizai” giroan). Amparanoia, Macaco, Diego “El Cigala”, Peret, etab. Gatzik gabea.

ARITZ SOUND SYSTEM


ASKOREN ARTEAN - Golden state funk

ASKOREN ARTEAN “GOLDEN STATE FUNK”
(Bgp, 2007)

Garai onak dira funk musikaren zaletuentzat. Musika estilo hau telebista edo irrati komertzialetan inolako jaramonik jasotzen ez badu ere (James Brownen “Sex Machine” kantua ezik), musika honen altxorrak lortzeko geroz eta aukera gehiago daude. Oraingoan San Francisco hirian kokatutako Golden State grabazio estudioko kantu zaharrak berreskuratu dira (bere garaian single formatuan kaleratu zirenak) bilduma hau osatzeko. 60 eta 70. hamarkadetan hiri horretan egin zen funk-soul kantu ilun eta indartsuak

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - Good god heavy funk

ASKOREN ARTEAN “GOOD GOD HEAVY FUNK”
(Guerilla, 2007)

James Brown abenduan utzi gintuen eta guk uste baino mantsoago kaleratzen ari dira bere omenezko diskoak. Funk musikaren bultzatzaile nagusia izan zenak bertsio eta sampler kontuekin zuen “eskuzabaltasuna” dela eta, dagoeneko bere kantuen bertsioekin osatutako ehunka disko kaleratuko zirela uste genuen. Honetan, talde ezezagunek egindako bertsioak entzun daitezke (funk mundukoak ez diren taldeak batzuk) eta originalekin alderatuta, James Brown eta bere kideen balioa berresten dute.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - Gypsy Caravan

ASKOREN ARTEAN “Gypsy Caravan”
(Putumayo, 2007)


Mendeetan zehar ijitoak mundua zeharkatu dute; ekialdetik hasi, Europa zeharkatu eta beste edozein txokora iritsi arte. Karabanak antolatu eta lurraldez lurralde ibili dira mugei jaramon handiegirik egin gabe. Ibilbide horretan musika izan dute beti lagun; musika alaia eta koloretsua gehienetan eta festarako eta ospakizunerako aproposa. Pasa diren lekuetan euren musikaren eragina utzi dute (flamenkoa, klezmer, etab) eta bilduma hau da horren adibide (baita erritmo elektronikoekin edukitako harremana ere).

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - Hotsak Dantzan

ASKOREN ARTEAN “HOTSAK DANTZAN”
(Gaztelupeko Hotsak/Dantza Baltza, 2007)

“Bi harriz, lau xori”

Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak iaz hamabi urte betetzen zituela ospatzeko disko berezia kaleratu zuen abenduan. Diskoak duen interesagatik eta jaso duen arreta eskasa ikusita, tarte honetan aipatzea beharrezkoa iruditu zaigu. Arduradunen esanetan, disko horrek diskoetxeak zituen bi hutsune betetzera zetorren; batetik, urteetako ibilbide horretan musika elektronikoari tarterik eskaini ez izana, eta bestetik, diskoetxean diskoak kaleratu dituzten taldeen disko bildumarik atera ez izana. Gaztelupeko Hotsakeko katalogotik talde eta abeslariak aukeratu eta hauen kantuekin nahasketa berriak edo erremixak egiteko ardura berriz Jimmy Bidaurreta musikariari ematen zaio. Tapia eta Leturia, UEK, Txuma Murugarren Morau, eta Gaztelupeko taldeen kantu ezagunak hartu eta nahasketa berriak egin dizkio, Deabruak Teilatuetan eta Maider (Alaitz eta Maider) abeslariaren argitaratu gabeko kantuekin batera. Musika beltza eta elektronikoaren zaletuak garenontzat zorioneko diskoa da hau nahiz eta (ia beti bezala) atzeratu xamar gabiltza kontu hauetan. Nahasketei dagokionez originalak gehiegi eraldatu gabe emaitza goxoa lortu da baina ausardia botatzen diogu faltan. Jamaikarrek nahasketak egiten hasi zirenetik musikak garapen izugarria bizi izan du eta Euskal Herrian abiada hartzeko garaia da.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - INTERPRETATIONS

ASKOREN ARTEAN “INTERPRETATIONS”
(Stax, 2007)

Musikaren munduan gutxi dira urteak igaro arren arrastoa uzten duten taldeak. Soul, jazz eta funk erritmoei dagokionez, Earth Wind & Fire taldea da horietako bat. Musikalki, bere garaiko talde askok baino maila handiagoa zutenik ezin esan badaiteke ere, komertzialki arrakasta itzela lortu zuten. Taldearen kantuekin hezi ziren gazte afroamerikar asko eta orain, haurrak ziren horiek (batzuk), abeslari ezagun bilakatuta, taldearen kantu ezagunenak bertsionatzen dituzte.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - IRUN LION ZION

ASKOREN ARTEAN “IRUN LION ZION”
Bueltan dira lehoi asmatikoa eta bere kumeak. Hitz jokoak eta dub nahasketak nagusi. Irun Lion Zion izenarekin jamaikar musikaren zaletuen gudarostea bildu du Fermin Muguruzak. Irun da konexioa eta bere bidegurutzean, Euskal Herri zein nazioarteko sortzaile desberdinak elkartzen dira Dub musikaren eremu askean (liburuxkatik aterata). Duba, oinarrian, dagoeneko egina dagoen kantua hartu eta berarekin jolastea da; banatu, zatitu, moztu, itsatsi eta eraldatu. Ahotsak bigarren mailan jarri ohi dira eta base erritmikoak (bateria eta baxuak) nagusitasuna bereganatzen du. Dubaren interpretazio askea eginez aurkituko ditugu; besteak beste, nazioarte mailan, reggaeren bilakera ulertzeko ezinbestekoak diren Zion Train, Mungos Hi-Fi, Clive Hunt (ezinbesteko musikari eta ekoizlea), Rob Smith (Smith & Mighty) edo Iñaki Yarrituren Basque dub Foundation. Reggae eta duba dira lotura baina beste munduetatik datozen lagunak ere aurkituko ditugu; horien artean Lisabo, Inoren Ero Ni, Esne Beltza edo Amparo Sanchez (Amparanoia). Ferminen proiektuetan zuzenean parte hartutako Sorkun, Dz, Jon Trombon, Bad Sound System, Xabi Pery, Mikel Abrego, Kaki, etab (bakoitzak bere egitasmoekin) ere aurkituko ditugu. Zerrenda luzea da eta bakoitzak bere izaera gehitzen dio diskoari. Euskal Herriko sortzaileak mundura begira daude, munduko sortzaileekin elkarlanean, etengabeko garapenean. Talkak indartuko gaitu.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - ISTANBUL CALLING 2

ASKOREN ARTEAN “ISTANBUL CALLING 2”
(Elec.-Trip records, 2008)

Istanbul hiria kultura desberdinen topalekua izan da historian zehar. Gaur egun, tradizio zaharrenak ohitura “modernoekin” egiten dute bat. Oguz Kaplangi, disko jartzaile eta musika ekoizlea da eta egitasmo honen bultzatzailea da (baita Elec-Trip diskoetxeko nagusia ere). Disko honetan (aurreko alean egin bezala), hiriko joera desberdinak elkartu ditu eta, musikari desberdinen lanetik abiatuta, estilo desberdinen topaleku bilakatu du (erritmo elektronikoen bidetik).

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - Iparraldeko konpilazioa vol.03

ASKOREN ARTEAN “Iparraldeko konpilazioa vol.03”
(Auto-ekoizpena, 2007)
Euskal Herrian dagoen ekoizpen musikala oso aberatsa da zorionez. Azken urteetan diskoetxe gutxiago daude eta auto-ekoizpenak gora egin du. Taldeen esku dago orain diskoen promozioa, eta komunikabide handien babesik gabe, euskal taldeek, lan handia egin behar dute ezagutarazteko. Elkartu eta indarrak batzea idei ona da eta hori egin dute bilduma honetan Ipar Euskal Herriko 12 taldek. Estilo aniztasuna dago eta ezagutarazteko gogo biziak dituzte.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - JAZZMATAZZ VOL.04

ASKOREN ARTEAN “JAZZMATAZZ VOL.04”
(V2, 2007)

1993. urtean Jazzmatazz bildumen lehen alea kaleratu zenean izugarrizko iraultza suposatu zuen. Garai haietan, rap musikak aldaketa asko ezagutu zituen. Dagoeneko ez zen soilik ghetto eta auzo txiroetan entzuten zen musika. Auzo beltz txiroen eremua gainditu zuen; besteak beste, Public Enemy, N.W.A. eta beranduago Snoop Doggy Dogg edo Dr. Dre bezalako jendeari esker, eta orain, musikalki ere, eremuak zabaltzen zituen. Rapa raggarekin edo jazzarekin elkartzen hasi zen eta emaitza izugarria zen. Guru, rap abeslaria eta ekoizlea ezaguna zen Ganstarr taldearekin egindako diskoei esker eta orain jazzarekin esperimentatzen hasi zen. Ez zen lehen aldia rapa eta jazza elkartzen zirela baina bai, merezitako babesa jasotzen zuen lehen aldia. Eta ez zen gutxiagorako. Guru-k rap eta jazzaren arteko maitasun harremana lortu zuen, jazz musikari eta rap abeslari ezagunak elkartu zituen eta emaitza oso erakargarria eta entzungarria lortu zuen, dotorea. Urte asko igaro dira eta orain, AEBetan, rapa salerosketarako tresna preziatua da eta horren ondorioak berriz, tamalgarriak. Raparen duintasuna mantentzen duten gutxi horien artean kokatuko genuke Guru eta esku artean dituen proiektu desberdinen artean, Jazzmatazzarena da gehien interesatzen zaiguna. Laugarren ale honetan ez dugu musikalki nobedade askorik aurkituko baina gaur egun hasieratik bukaera arte jarraian entzun daitezken kalitatezko rap diskoak aurkitzea da nobedadea.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - KEB DARGE AND CUT CHEMIST PRESENTS LOST AND FOUND ROCKABILLY AND JUMP BLUES

ASKOREN ARTEAN “KEB DARGE AND CUT CHEMIST PRESENTS LOST AND FOUND ROCKABILLY AND JUMP BLUES”
(BBE Music, 2007)

Keb Darge eta Cut Chemist musika beltzaren zaletuen artean erreferente dira. Disko jartzaile lanetan maisu dira eta euren sesioak oso baloratuak daude. Lehenengoa funk, soul eta jazz musikekin erlazionatzen da eta bigarrena berriz, aipatu estiloetaz gain, rap eta breakbeat doinuekin. Oraingoan, indarrak batu eta, euren estiloetatik haratago, rockabilly eta jump blues estiloekin bilduma osatu dute. Rock musikaren sustraiak uste baino beltzagoak dira.

ARITZ SOUND SYSTEM


ASKOREN ARTEAN - LAGOS SHAKE A TONY ALLEN CHOP UP

ASKOREN ARTEAN “LAGOS SHAKE A TONY ALLEN CHOP UP”
(Honest John`s, 2008)

Hau bai porrusalda. Hasiera batean reggae musikari zuzendutako zigilu batek, Tony Allen bateri jolea nigeriarraren kantuei egindako nahasketa elektronikoekin osatutako bilduma kaleratu du. Afro beat erritmoen zaletuen artean, erreferente garrantzitsua da Tony Allen. Fela Kutiren bateri jolea izanagatik ezaguna izan arren, kantu ugari osatu zituen eta orain, kantu horietako batzuei Basic Channel, Carl Craig, Diplo edo Bonde Do Role bezalako ekoizle ezagunek nahasketa berriak egin dizkiete.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - LATE NIGHT TALES FAT BOY SLIM

ASKOREN ARTEAN “LATE NIGHT TALES. FAT BOY SLIM”
(Azuli, 2007)

Musika elektronikoak azken hogei urtetan izan duen garapena ulertzeko ezinbesteko izena da Norman Cookena. The Housemartins, Beats International, Freak Power, Pizzaman edo Fat Boy Slim, azken izen honekin lortu du arrakasta gehien. Pop elektronikotik hasi eta technora doazen estiloak landu ditu baina big beat edo breakbeat erritmoen maixu kontsideratua izan da. Disko honetan bere bizitzan garrantzia izan duten kantuekin sesioa osatu du; pop, soul, reggae, funk, bossa eta abar.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - LATINO DEL FUTURO

ASKOREN ARTEAN “LATINO DEL FUTURO”
(Naive, 2008)

Radio Nova irratia frantses estatuko irrati interesgarrienetakoa da (musikalki behintzat). Rémy Kolpa Kopoul irratiko esatari ezaguna da eta saioa egiteaz gain, disko bildumak osatzen ditu. 2006. urtean Brasilgo musikaren adar elektronikoa arakatu zuen eta oraingoan, “musika latinoa” bezala ezagutzen den mundu horrek bizi izan duen “mestizaia” (horrela esaten zioten lehen) arakatzera dator. AEB, Puerto Rico, Cuba, Islandia edo Alemaniako musikariek egindako kantuak jasotzen dira.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - LET´S BOOGALOO Vol.04

ASKOREN ARTEAN “LET´S BOOGALOO Vol.04”
(Record Kicks, 2007)

Boogaloo-a erritmo latinoak eta soul eta rock & roll musiken arteko nahasketa omen da. 60. hamarkada erdi-bukaeran egon zen indarrean eta arrakasta handia izan zuen AEBetako hirietako auzo latinoetan. Kritika asko jaso zituen komertziala eta zurien belarrietara gozatutako erritmoa omen zelako. Azken urteotan Europako hainbat dantzalekuetan boogaloo kantuak berreskuratu dituzte eta orain, Portishead taldeko disko jartzaileak, Andy smith-ek boogaloo eta funk ukitua duten kantuekin bilduma osatu du.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - Maiden Voyage

ASKOREN ARTEAN “MAIDEN VOYAGE”
(Compost, 2007)

Kalitatea eta dotorezia. Horiek dira Alemaniako Compost zigiluaren ezaugarri nagusiak. Hasieratik brasildar doinuak, jazza eta soula musika elektronikoarekin uztartzen zuten Europako musikari eta ekoizleen aldeko apustu sendoa egin du eta oso emaitza onak lortu ditu (Jazzanova, Truby Trio, e.a.). Bilduma honetan, talde horientzat erreferente izan diren soul ezezagunaren kantuak bildu ditu, rare groove bezala ezagunak direnak (Roy Ayers, Soul Expression, e.a.). Sentimenduen estaldura musikatua.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - NOVA TUNES 1.6

ASKOREN ARTEAN “NOVA TUNES 1.6”
(Nova, 2007)

Frantses estatuan, 70. hamarkadan, perretxikoen antzera ugaritu ziren irrati libreak. Parisko Nova irratia zaharrenetakoa da, 25 urte bete ditu eta irrati honetan, komertzialtasunaren mundutik ihesi egiten duten doinuak entzun daitezke gehien bat. Diskoetxe modura ere aritzen da eta irratian entzun daitezkeen kantuekin disko bildumak kaleratzen dituzte. Nova Tunes izenekoetan doinu “freskoenak” jasotzen dituzte (Amy Winehouse, LCD Sound System, Mardi Grass, etab).

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - New orleans funk 2

ASKOREN ARTEAN “NEW ORLEANS FUNK 2”
(Souljazz, 2008)

New Orlean, AEBetako hiri interesgarrienetakoa da. Frantsesek sortua, esklabutza ezabatu zen lehen hiria izan zen, eta gaur egun, beste gauzen artean, bertan ospatzen diren inauteri koloretsuengatik ezaguna da. Musikalki, etengabe lehertzear dagoen sumendia da. Hiriak, 60-70 hamarkadetan jasan zuen funk erritmoen leherketa (James Brownen inspirazio iturrietako bat) eta Soul Jazz diskoetxekoek, orduan jaurtikitako eta oraindik itzali ez diren suzirien zatiak berreskuratu dituzte. Kontuz erretzen du eta.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - Nova soul 3

ASKOREN ARTEAN “NOVA SOUL 3”
(Spv, 2007)

Soul musika 60. hamarkadan sortu zen AEBetan. Musika horrek bere jaioterrian izan duen garapenari (gaur egun egiten den soulari alegia) R&B deitzen diote aditu askok. Soularen adar komertzialena eta gozoena da (azukrez gainezka). Telebistan eta irrati kate ezagunenetan iragartzen dizkiguten “izarren” musika da. Kontsumo azkarrerako musika. Bilduma honetan R&B horretatik aldentzen den soul berria eskaintzen zaigu eta kuriosoa bada ere, talde gehienak AEB kanpokoak dira. Musika elektronikoaren eragin nabaria du.

ARITZ SOUND SYSTEM


ASKOREN ARTEAN - PUTUMAYO PRESENT WORLD HITS

ASKOREN ARTEAN “PUTUMAYO PRESENT WORLD HITS”
(Putumayo, 2007)

Bizi garen mundu honetako txoko desberdinetan egiten diren doinuak ezagutzeko ezinbesteko diskoetxea da Putumayo. Euren diskoetan bilduma tematikoak, informazio osatua eta aurkezpen txukuna aurkituko ditugu. Urte oparoa izaten ari da diskoetxearentzat eta orain, azken hamarkadetan mundu mailan oihartzun izugarria izan duten kantu ezagun eta arrakastatsuen bilduma aurkeztera datoz. Miriam Makeba, Manu Dibango, Jimmy Cliff, Peter Tosh, Santana, etab. Klasikoak.


ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - PUTUMAYO PRESENTS LATIN REGGAE

ASKOREN ARTEAN “PUTUMAYO PRESENTS LATIN REGGAE”
(Putumayo, 2008)

Reggae musikak aspaldi igaro zituen Jamaikako mugak eta gaur egun munduko edozein txokotan egiten da reggae musika. “Munduko” musikak jasotzen eta bildumetan erakusten dizkigun Putumayo disko etxe kuttunak disko bilduma eskaini dio gazteleraz egiten den reggae kutsuko musikari. Bilduman entzun daitezkeen talde eta bakarlari batzuk ez dute reggae klasikoa egiten baina guztiek dute jamaikar musikaren eragina zuzena (Macaco, Amparanoia, Muchachito Bombo Infierno, Los Cafres, Cultura Profetica, etab.)

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - Polski Ogien

ASKOREN ARTEAN “POLSKI OGIEN”
(Germaican records, 2006)

Reggae musika Jamaikan jaio bazen ere, laster zabaldu zen mundu osora, eta gaur egun, edozein txokotan aurkituko ditugu reggae doinuak lantzen dituzten taldeak. Horren adibide da Poloniako reggae taldeen 20 kantu biltzen dituen disko hau. Reggaean ingelesa nagusi bada ere, disko honetako kantu gehienak, polonieraz abestuak daude. Ikusi eta ikasi.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - QUANTIC PRESENTS THE WORLDS RAREST FUNK 45.Vol.2

ASKOREN ARTEAN “QUANTIC PRESENTS THE WORLDS RAREST FUNK 45.Vol.2”

Will Holland 25 urteko gaztea da eta musika beltzaren izpirituak hartuta dago. Musika munduan Quantic izenarekin kaleratu dituen diskoengatik ezaguna da, eta bertan, musika beltza erritmo elektronikoekin maisuki uztartzen ditu. Jazzman diskoetxeak eskatuta, urteetan inspirazio iturri izan dituen beste musikarien kantuen bilduma osatu du bigarrenez. Aurkitzen oso zailak diren funk kantu indartsu eta ilunak bildu ditu disko honetan, estilo honen zaletuen gozamenerako.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - REWIND 5

ASKOREN ARTEAN “REWIND 5”
(Ubiquity, 2007)


Jazz, latin jazz, soul edo musika elektroniko esperimentalaren jarraitzaile sutsuentzat ezaguna da AEBetako Ubiquity zigilua. Diskoetxeko azpi zigiluen bitartez musika estilo horien disko bitxi eta interesgarriak kaleratzen ditu. Rewind izeneko bildumetan, diskoetxeko artistek gustukoak dituzten abestien bertsioak egiten dituzte. Bosgarren ale honetan, Fleetwood Mac, Prince, Beach Boys edo The Silvers bezalako talde/abeslarien kantuen bertsioak aurkituko ditugu (ez dira erremixak).

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - RIO LOUNGE 4

ASKOREN ARTEAN “RIO LOUNGE 4”
(Sony-bmg, 2007)


Brasilgo musika eta erritmo elektronikoak elkartzen dituzten kantuekin osatutako bilduma asko kaleratu dira azken urteotan. Oraingo honek ez du inolako berrikuntzarik ekartzen aurretik kaleratu direnekin. Bossa Nova eta samba doinuak base erritmiko elektronikoekin (abiadura lasaia dutenak gehienetan) entzun daitezke; Jazzamor, Truby Trio, Rivera Rotation eta antzeko bildumetan ohikoak diren talde eta ekoizleekin (horietako asko europarrak). Musika goxoarekin tarte ederra pasatzeko aproposa.

ARITZ SOUND SYSTEM


ASKOREN ARTEAN - SAINT GERMAIN DES PRES CAFÉ VOL.9

ASKOREN ARTEAN “SAINT GERMAIN DES PRES CAFÉ VOL.9”
(Wagram, 2007)

XXI. mende hasieran modan jarri ziren luxuzko jatetxe, kafetegi edo hotelek kaleratutako sesio eta disko bildumak. Musika, negozio baten publizitatea egiteko tresna ezin hobea dela erakutsi zuten eta azkenean, diskoek lokalak berak baino oihartzun eta arrakasta handiagoa lortu dute. Teorian, disko horietan lokalean entzun daitekeen musika jasotzen da (ukitu elektronikoak dituen jazz goxoa), izen handiko disko jartzaileen aukeraketa eta nahasketarekin.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - SAMBAS DE ENREDO DO CARNAVAL 2008

ASKOREN ARTEAN “SAMBAS DE ENREDO DO CARNAVAL 2008”
(Umvd import, 2008)

Izena Angolako semba musikatik badatorkio ere samba doinuak Brasilekin erlazionatuta daude derrigor. Samba musika XX. hamarkada hasieran sortu zen Rio de Janeiron. Orduz geroztik garapen handia ezagutu du eta adar desberdinak ditu. Disko honetan, Brasilgo inauteriekin lotura zuzenena duen “samba de enredo” izenekoa entzun daiteke. Samba eskolako kideek egiten dute eta inauteri aurreko asteetan irratietan entzuten da etengabe, gizonezko ahots nagusia eta batucada erritmoak ditu osagai nagusiak.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - SISTER FUNK 2

ASKOREN ARTEAN “SISTER FUNK2”
(Jazzman records, 2007)
AEBetako emakume afro amerikarrentzat, funk musika eskubideak aldarrikatzeko tresna boteretsua izan zen. Musika munduan, loreontzia izatetik, protagonistak izatera pasa ziren horrela –nabardura batzuekin-.Bilduma honetan, 70. hamarkada horretan emakumek arro abestutako funk, soul eta jazz doinuak berreskuratzen dira.

ARITZ SOUND SYSTEM



ASKOREN ARTEAN - SKA BONANZA

ASKOREN ARTEAN “SKA BONANZA”
(Heartbeat, 2006)

Ska musikak bizitza laburra izan zuen Jamaikan eta hala ere, New Orleans-eko jazz eta r&baren bertsio jamaikarrak, izugarrizko eragina izan du mundu osoan. Europan edo Japonen ehunka dira erritmo zoro hauek jorratu dituzten taldeek eta gurean ere, Kortatu bezalako taldeek edan zuten bertatik. Ska musikaren hastapenak eta urrezko aroa jasotzen dituen disko bikoitza berrargitaratu du Heartbeat zigiluak. Ska jamaikarraren ezinbesteko kantuak disko bakarrean nahi dituenarentzat aproposa.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - SLACK REGGAE

ASKOREN ARTEAN “SLACK REGGAE”
(Trojan, 2007)

Rap abeslarien diskoetan “Parental Advisory: Explicit Lyrics” lelo famatua azaldu baino asko ere lehenago, reggae musikan, belarri finenak mintzeko aproposak diren hitzak eta esamoldeak erabiltzen ziren. Reggae musika jaio zenetik, sexu harremanen gaia etengabe erabili izan da abestietan. Jamaikarra oso gizarte matxista da eta emakumea, gehiegitan, plazererako tresna huts bezala ikusia izan da. Guzti honetaz hitz egiten duten garai desberdinetako abestiekin bilduma osatu du Trojanek.

ARITZ SOUND SYSTEM


ASKOREN ARTEAN - SPIRITS IN THE MATERIAL WORLD

ASKOREN ARTEAN “SPIRITS IN THE MATERIAL WORLD”
(Shanachie, 2008)

Batzuk ez dute denborarik galtzen. Police taldearen elkartzearen aitzakiapean kaleratutako diskoa da hau. Reggae musikaren sona handiko izenak, pop kutsuko besteekin elkartu eta Police taldearen kantuei egindako bertsio sorta bildu dute. Jakina da Police taldeak jamaikar musikaren eragin izugarria izan zuela eta era berean jamaikarrei bertsioak egitea izugarri gustatzen zaiela baina, ez Police taldeak ezta reggae musikak ere, ez dute horrelako bildumarik merezi.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - STUDIO ONE DUB VOL.02

ASKOREN ARTEAN “STUDIO ONE DUB VOL.02”
(Soul Jazz, 2007)

Jamaika bezalako irla txikian musika sorkuntza etengabea izan da azken hamarkadetan. Musika mundua aberastu duten estilo berriak sortzeaz gain (ska, rocksteady, reggae, e.a.) musika ulertzeko moduan iraultzaileak izan dira. Ekipamendu aldetik zituzten gabeziak irudimenarekin ordezkatu eta musika ulertzeko era berriak asmatu zituzten (nahasketa edo erremixaren teknika kasu). Dubaren adibide ederrak jasotzen dira Studio One diskoetxeko bilduma eder honetan.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - STUDIO ONE SCORCHER 2

ASKOREN ARTEAN “STUDIO ONE SCORCHER 2”
(Soul Jazz, 2006)

Euskal musikan horrela ez bada ere, munduko beste musika askotan izugarrizko garrantzia dute grabazio estudioetako bandak. Jamaika da horren adibide garbia. Banda horiek abeslari desberdinentzat grabatzen dute, ekoizlearen agindupean. Disko honetan Studio One diskoetxeko bandek sortutako erritmo “hilezkorrak” aurkituko ditugu.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - Stax. 50th anniversary celebration

ASKOREN ARTEAN “Stax. 50th anniversary celebration”
(Stax, 2007)

Arima zuri-beltzaren etxea

Musika beltzaren garapena ulertzeko ezinbesteko diskoetxea da Stax. Beltz eta zurien arteko banaketa legez bultzatzen zen garaian, artista beltz eta zurien arteko elkarlana ahalbideratu zuen, eta emaitza bezala, XX. mendeko musikarik zirraragarrienetakoa eman zuen. 1957. urtean, zuri batek sortu bazuen ere, beltz afro amerikarren gotorleku izan zen. Blues eta gospel musiken garapenetik sortu berri zen soulak gazte afro amerikarrak zoratzen zituen eta zurien merkatu debekatuan sartzeko ateak zabaldu zituen. Otis Redding izan zen diskoetxeko izar nagusia eta hegazkin istripuan hil zenean, diskoetxearen gainbehera hasi zen. 60. hamarkadan, afro-amerikarren aldarrikapenak pil-pilean zeuden eta aldarrikapen horiek, musika bidez zabaltzeko tresna izan zen Stax. Staple Singers edo Johnnie Taylor bezalako abeslariek, Martin Luther King eta Jessie Jacksonen mezuak abesti bihurtzen zituzten. Zinema afro amerikarraren sorreran (blaxploitation) ere parte hartu zuen Isaac Hayes-en Shaft soinu bandaren bidez. Negozio bezala 1976. urtean egin zuen porrot eta 30 urte beranduago, Concord diskoetxeak, Stax zigilua berpiztea erabaki du. Staxeko artisten kantuak berrargitaratzen hasi da (berriro masterizatuta) eta Stax izenarekin disko berriak kaleratzeko asmoa du (Angie Stone edo Isaac hayes-en disko berriak adibidez). Aurkezpen bilduma bikoitz honetan zigiluko kantu esanguratsuenak daude.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - Sunday Soul Selection

ASKOREN ARTEAN “Sunday Soul Selection”
(Soul Brother, 2007)

Urtaroak ezik, musikari asteko egunak dagozkiola pentsatzen duen jendea dagoela dirudi. Reggae musika udarako eta soula igandeetarako. Tontakeriak. Shaun Robbins irrati esataria da eta igandeetan duen saioan jartzen dituen kantuekin bilduma osatu du. Azukrez gainezka duten kantuekin gozatzen dutenentzat aproposa. Melodia goxoak eta ahots joko ederrak. 70. hamarkada erdialdeko kantuak dira; The Dells, The Drifters, Major Lance, Grace Jones, etab.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - SÍ, PARA USTED THE FUNKY BEATS OF A REVOLUTIONARY CUBA

ASKOREN ARTEAN “SÍ, PARA USTED: THE FUNKY BEATS OF A REVOLUTIONARY CUBA”
(Waxing Deep, 2007)

Dirudienez, AEBetan,70. hamarkadan jaiotako funk erritmoak, Fidel Castroren iraultzaraino iritsi ziren. Cubako afro-amerikarrek ere funk doinuen erakargarritasuna sentitu eta Cuba bertako musikekin esperimentatu zuten. Waxing Deep irratiko Dan Zacks-ek, Cuban 70. hamarkadan egin ziren funk doinuak bildu eta diskoa osatu du (entzuleen eskariz dirudienez). Funkia, soula, sikodelia, sona eta jazza bat eginik. Soinu kalitatea oso ona ez bada ere entzutea merezi duen diskoa.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - THE MYSTIC WORLD OF AUGUSTUS PABLO

ASKOREN ARTEAN “THE MYSTIC WORLD OF AUGUSTUS PABLO”
(Shanachie, 2008)

Augustus Pablo reggaearen eremua gainditu zuen musikaria izan zen. Musikak giroak sortzeko doan bereziak dituela uste izan dugu aspaldidanik eta gutxi dira, guk ezagutzen ditugunen artean behintzat, Augustus Pablok bezalako giroak sortzeko ahalmena izan duten musikariak. Melodika izan zen bere instrumentu kuttuna baina beste asko jotzen zituen. Musikariaz gain, ekoizle ere izan zen, Rockers garaiko ezinbestekoa. Berak konposatutako melodien gainean; besteak beste, Jacob Miller, Heptones, Dillinger, Junior Delgado, Hugh Mundell edo Earl 16 bezalako abeslariek abestu dute. Utzi gintuela hamar urte beteko dira laster eta lau disko osatutako bilduma-liburuxka honek, merezitako omenaldia egiten dio.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - THE ROUGH GUIDE TO AFRICAN STREET PARTY

ASKOREN ARTEAN “THE ROUGH GUIDE TO AFRICAN STREET PARTY”
(World Music Network, 2008)

Afrikarrak erritmoa odolean daramatela eta edozein egoeratan (alaia zein tristea) dantzan ikusiko dituzula esan ohi da. Topikoak dira noski baina egia da harreman estua dagoela erritmoa eta Afrikaren artean. Munduko txokoak erakusten dituen rough guide gidak musikari eskainitako saila du. Oraingoan, Afrikar dantza erritmoak gerturatzera dator, geroz eta ugariagoak diren hirien kaleak ardatza hartuta. Erritmo tradizionalak kanpotik bueltatutako salsa, soka, kunbia edo erritmo elektronikoekin.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - THIS IS ENGLAND

ASKOREN ARTEAN “THIS IS ENGLAND”
(Universal, 2007)

Musika gure bizitzaren parte dela esan ohi da. Gure bizitzaren garai zehatzak talde eta kantu batzuekin erlazionatzen ditugu. 80. hamarkada hasiera, garai nahasia izan zen Ingalaterran. Langabezi tasa handia zegoen eta Margaret Tatcher-en burdinazko eskuak sufrimendua asko ekarri zuen, Malvinetako guda eta babes sozialen murrizketa. Pelikulan garai haietan skinhead gazte talde baten gora beherak azaltzen zaizkigu garaiko musikaz lagunduta (Toots & the Maytals, Uk Subs, The Specials, etab).

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - TROJAN SELECTA VOL 06

ASKOREN ARTEAN “TROJAN SELECTA VOL.06”
(Trojan, 2007)

Jamaikar musikaren zaletuentzat ezinbesteko diskoetxea da Trojan. 60. hamarkadan egiten hasi zen ska-rocksteady-early reggaea Ingalaterran banatzeaz arduratzen zen. Jamaika eta Europaren lotura musikala izan zen urteetan eta gora behera asko eduki ondoren itzalean mantentzen zuen katalogoko altxor asko argitara kaleratu ditu berriro. Diskoetxeko arduradunek sound sistema dute eta festetan ezin falta diren reggae kantuen bildumak kaleratzen dituzte (King Tubby, Lee Perry, Dennis Brown, e.a.).

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - VAMPISOUL GOES TO AFRICA

ASKOREN ARTEAN “VAMPISOUL GOES TO AFRICA”
(Vampisoul, 2008)

Vampisoul musika beltzaren izen ezezagunen arakatzaileentzat ezinbesteko diskoetxea da. 2007. urtean Afrikan egindako musikari zuzendutako bildumak kaleratzen hasi zen, AEBetako funk doinuen eragina duen afrikar musikarenak bereziki. Hilabete hauetan Afrikar musikaren aberastasuna eta aniztasunaren beste adibide diren hainbat disko kaleratu dituzte eta oraingoan, disko guzti horien bilduma izan daitekeena kaleratzen dute. Aurrez Vampisoulek kaleratutako disko horiek ezagutzen ez dituztenentzat aproposa.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - Version Dread. Dub Specialist

ASKOREN ARTEAN “ Version Dread. Dub Specialist”
(2006, Heartbeat)
AEBetako Heartbeat diskoetxeak, Jamaikako Studio One diskoetxeko sotoetan ezkutatuta, eta argitaratu gabe, zeuden kantuak berreskuratzen jarraitzen du. Oraingoan, 1966 eta 1982 urte artean grabaturiko reggae single klasikoen B aldeak edo dub bertsioak eskaintzen zaizkigu. Luxuzko musika arkeologia, musikaren garapena ulertzeko baliagarria.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - WE ALL LOVE ELLA

ASKOREN ARTEAN “WE ALL LOVE ELLA”
(Verve, 2007)

Ella Fitzgerald, Sarah Vaughan eta Billie Holiday-rekin batera, jazz musikaren ezinbesteko izena da. Jaiotzaren 90. urteurrena ospatzen dela eta omenezko diskoa kaleratu diote. Jazz, soul, rap eta pop musikaren izen ezagunek Ellaren kantuak abesten dituzte eta teknologiaren aurrerapenei esker, Ella bizi izan zen bitartean egin ezin izan zutena egin dute. Chaka Khan, Gladys Night, Diana Krall edo Queen Latifah bezalako abeslariek Ellarekin batera abestiak konpartitzeko ametsa egin bihurtu dute.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - WOMEN OF THE WORLD ACOUSTIC

ASKOREN ARTEAN “WOMEN OF THE WORLD ACOUSTIC”
(Putumayo, 2007)

Estiloa: Emakumeen ederra.

Emakume langilearen nazioarteko egunaren oihartzuna itzaltzen hasi den honetan, hona gatoz emakumeek abestutako kantu ederrekin osatutako diskoak aurkeztera. Gizarteko arlo gehienetan bezala, musika munduan ere, emakumeak bigarren maila batera baztertuak izan dira. Loreontzi modura, gizonezko abeslari nagusiaren laguntzaile izan dira askotan, dantzari lanetan, eta abesteko “ausardia” izan dutenean, koro goxoak egitera mugatu dituzte. Zorionez, asko dira paper horietara mugatu ez diren emakume artistak. 70. hamarkadan adibidez, funk musikaren energiak kutsatuta, emakume afro amerikar askok herri beltzaren eta emakumeen eskubideen aldeko garrasia egin zuten, izerdiz blai. Herri eta kultura desberdinetako emakume abeslariak aurkituko ditugu bilduma honetan; Txekiar Errepublika, Brasil, Cabo Verde, Kroazia, Kolonbia, Kameron, Kanada, Grezia, e.a. Ez dira mundu mailan famatuak eta ez dute musika industriak bultzatutako panpinekin antzekotasunik. Postalezko irudiak baino kaleko emakumeak dira eta kezkatzen dituen gauzetaz abesten dute. Musika, sentimenduak adierazteko tresna ezin hobea dela esan izan ohi dugu eta disko honetan, emakumeek duten sentikortasuna azalarazten da modu akustikoan plazaratuta. Disko honen salmenten zati bat emakume eta haurren eskubideen alde lan egiten duen nazioarteko erakunde bati emango zaio.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - YOU DON´T KNOW NINJA CUTS

ASKOREN ARTEAN “YOU DON´T KNOW NINJA CUTS”
(Ninja Cuts, 2008)

Askorentzat Ninja Cuts rap esperimentala kaleratzen duen zigilua da, beste askorentzat berriz musika elektronikaren adar lasaia arakatzen duen diskoetxea da. 90. hamarkada hasieran Londonen sortua, musika estiloen mugak apurtzen saiatu da hasieratik. Izenen gainetik, berrikuntza bilatu izan du. Disko bilduma hirukoitz honetan, diskoetxearen historian kaleratutako talde eta artisten kantu ezagunak eta ezezagunak entzun daitezke. Zure gustura definitu dezazun.

ARITZ SOUND SYSTEM

AZYMUTH - Azymuth

AZYMUTH “AZYMUTH”
(Far Out, 2007)

Musika brasildarraren jarraitzaile sutsuak ez direnentzat talde ezezaguna bada ere, Brasilgo musikaren garapenean zer esan handia izan duen taldea da Azymuth. Brasilgo bossa, samba eta jazz, soul, funk edo erritmo afrikarrak elkartzen maisu izan dira eta emaitza eder horri ukitu elektronikoak gehitzen lehenetarikoak izan dira. 1975. urtean kaleratu zuten lehen diskoa eta orain, Far Out zigiluak, diskoa berriro masterizatu eta kantuen erremixak jasotzen dituen disko gehigarriarekin kaleratu du.

ARITZ SOUND SYSTEM

Askoren Artean - Rare Afro & Caribbean Funk vol.02

Askoren Artean “Rare Afro & Caribbean Funk vol.02”
(KS Music, 2007)

Aurkitzen zaila den musikaren maitaleentzat arri bitxi berria. 70. hamarkadan AEBetan sortutako funk doinuak iraultza ekarri zuten erritmo mailan, eta denborarekin munduko hainbat txokoetara zabaldu ziren. Lehenengoak izan duen arrakasta ikusita, bigarren bilduma honetan ere, Karibeko irletan afro-funk erritmoak landu zituzten hainbat taldeen kantuak aurkituko ditugu. Ipar Amerika, Karibe eta Afrikako beltzen lotura berreskuratuta.

ARITZ SOUND SYSTEM

BA CISSOKO - Electric Riot Land

BA CISSOKO “ELECTRIC GRIOT LAND”
(Totolo, 2006)

Afrika eta Europako lurraldeen arteko loturaren emaitza berria. Marseilla eta Ginearen arteko konexio ederra. Afrika mendebaldeko ahots jokoak eta instrumentazioa –kora eta perkusioak- ustez sinpleak diren kantu eta melodien zerbitzura. Disko berri honetan Amadou, Les Nubians eta Tiken jah Fakoly bezalako artisten laguntza izan dute; guztiak Europan arrakasta handia lortu duten afrikar abeslari eta musikariak. Bi munduen arteko zubi sendoak eraikitzen ari dira.

ARITZ SOUND SYSTEM

BAD BRAINS - Build a nation

BAD BRAINS “BUILD A NATION”

(Megaforce records, 2007)

GALDUTAKO INDARRAREN BILA
Berezien artean berezia da Bad Brains taldea. 1978. urtean, AEBetako Washington hiriburuko ghettoetan elkartu zen hardcore musikaren oinarriak jarriko zituen laukotea (Gary Miller “Dr. Know” gitarra jolea, Darryl Jennifer baxu jolea, Paul Hudson “H.R.” abeslaria eta Earl Hudson bateri jolea). Hasiera batean, Mind Power izenarekin jazz eta funk musiken arteko nahasketa egiten zuten baina berehala sentitu ziren punk musikarekin erakarrita. Disko musika demonizatuak izugarrizko arrakasta zuen garaian sortu zuten Bad Brains taldea eta berehala lortu zuten AEBetako punk mugimenduaren barruan oihartzuna. H.R. ren ahots bereziak lagunduta, taldeak lantzen zituen erritmoak azkarrak eta bortitzak ziren eta abesti hauen artean reggae kantu ederrak tartekatzen zituzten (taldekideak rasta erlijioaren jarraitzaile dira gainera). 80. hamarkadan kaleratu zituzten disko ezagunenak. Taldeak gora behera ugari izan ditu (tartean H.R –k reggae taldea osatu zuen, Human Rights) eta orain, berriro, laukotea bildu eta disko berria kaleratu du. Ekoizpena Beastie boys taldeko Adam Yauch-ek egin du eta musikalki Bad Brainsen hasierako estiloa berreskuratu da; hardcore azkar eta melodikoa (roots reggaearekin tartekatuta). Dena den, gure ustez, kantu ederrak edukita ere, hasierako diskoen energia falta zaio eta H.R.-ren ahotsak ere ez du lehengo indarra.

ARITZ SOUND SYSTEM

BAD RELIGION - New maps

BAD RELIGION “New Maps of Hell”
(Epitaph, 2007)

Hamalaugarren diskoa kalean. Hori bai marka. Kaliforniako topikoak apurtzen jarraitzen dute. Askorentzat lortu beharreko paradisua dena (eguzkia, hondartzak, Beverly Hills, kapitalismo basatia, politikari eskuindarrak, etab.) infernu irudikatzen dute Bad Religioneko beteranoek. 1980ean sortu zen taldea eta orduz geroztik amerikar “zintzoaren” burmuina zirikatzen aritu dira etengabe musikaren laguntzaz. Hardcore melodikoaren sortzaileak omen dira eta erreferente dira, mundu osoan, gitarra azkarren maitaleentzat. Jarraitzaile fidel asko edukitzeko arrazoiak asko dira baina ziur Greg Graffin abeslariak duen abesteko era dela horietako bat. Hardcore munduko jarraitzaileek asko baloratzen duten abeslaria da abesteko garaian duen malgutasunagatik. Azken disko honetan, musikalki behintzat, taldeko ohiko bideari eusten diote; erritmo azkarreko kantu laburrak eta ahots indartsu eta melodikoak. Estilo hori erreferente izan da urte hauetan sortu diren hardcore talde askorentzat (NOFX, Pennywise, Millencolin, Rancid, Offspring, Green Day edo blink-182) Diskoa Epitaph zigiluarekin kaleratu dute. Zigilu hau Bad Religioneko hasierako gitarrak Brett Gurewitz-ek sortu zuen 80. hamarkadan eta funtsezkoa da punk-rock eta hardcore musikaren bilakaera ulertzeko garaian. Diskoa uste baino beranduago kaleratu da azkenean, Greg Graffin abeslariak duela gutxi bakarlari modura diskoa kaleratu duelako ('Cold as the Clay').

ARITZ SOUND SYSTEM

BAD SOUND SYSTEM - Kalean

BAD SOUND SYSTEM “KALEAN”
(Autoekoizpena, Zu2ak 2008)

MUSIKAREN MILITANTEAK

Ekintzak hitzak baino ozenago mintzo dira. Euskal Herrian (eta mundu osoan zorionez) asko dira musikaren militanteak. Musika, negozio baino, ideiak eta sentimenduak zabaltzeko tresnatzat dute, eta ahal den neurrian, gizartean iraultza bultzatzeko bitartekoa. Komunikabide handiek ez diete harretarik eskaini nahi noski eta ahoz aho egiten dira ezagunak. Bad Sound System kolektiboko lagunak musikaren militante/maitale sutsuak dira. Urteetan, gustukoak dituzten doinuak (reggae, rap, etab.) Euskal Herri zein kanpoko txoko desberdinetan zabaldu dituzte. Jamaikako sound systemak eredu hartuta, kalea aldarrikatzen dute. Pribatizazio eta debekurako joera duten instituzioen aurrean, “espazio publikoaren okupazio eta askapen”-a aldarrikatzen dute. Buiaka (Kontrakalea-Metak, 2004) izan zen lehen diskoa; zuzenean grabatuta eta reggae riddimen gainean abestutako kantuekin osatuta. Kalean izeneko bigarren disko honetan berriz izugarrizko aurrerapausoa eman dute, eta musikari dagokionez, Bad Sound System zein lagunek osatutako erritmoen gainean osatu dituzte kantuak. Auzoko Gaizka Pereda, Ask, Dj Loro, Dj Mau, Ras Miguel edo Fermin Muguruza eta nazioarteko Rude (Bologna), Hugo Spartak Dub Command (Paris), Chalart 58 (Katalunia) edo Mungos Hi-Fi (Eskozia) ren doinuekin. Ahotsetan berriz; Masta, Kenitra eta Brujorekin batera Sorkun, Fermin, Benas, Ask edo Rude. Autogestioa eta independentziaren aldeko apustua duina.

ARITZ SOUND SYSTEM


BALKAN BEAT BOX - Un med

BALKAN BEAT BOX “UN MED”
(Jdub records, 2007)

EKIALDETIK MENDEBALDERA DANTZAN

AEBetako New York hiria ezaguna da dituen eraikuntza handiengatik, etxe-orratzen hiria deitzen diote. Horretaz gain, ezaguna da hiriaren kaleetan bizi den jendearen jatorri anitzagatik. Auzo beltz, txinatar edo latinoak dira ezagunenak baina mundu osoko herri eta kulturen ordezkariak aurki daitezke bertan. Europa ekialdeko ordezkaritza ere bertan da eta horren adibide da Balkan Beat Box taldearen musika. Tamir Muskat bateria, programatzaile eta ekoizlea (Firewater taldekoa), Gordon Bordello saxo jolea (Ori Kaplan taldeko kide ohia) eta Big Lazy dira egitasmo honen bultzatzaile nagusiak. Oinarrian, Europa ekialdeko erritmoak (Balkanetako eta Mediterraneoko kutsua duten doinuak) dub eta erritmo elektronikoekin elkartzen dituzte. Ez da definitzen erraza. Imajinatu ijitoen txaranga base erritmiko elektronikoen gainean zoroak modura jotzen. Abesteko garaian rap eta ragga melodiak ere aurki daitezke. Balkanetako txarangak, elektronika eta New York hiriak eskaini dezakeen saltsa guztia. “Nu Med”, taldearen bigarren diskoa da, eta bertan, musikari asko izan dituzte bidai lagun; horien artean, Victoria Hannah, the Bulgarian Chicks, Uri Kinrut, Dana Leong eta Hassan Ben Jaffar. Balkan Beat Box bezalako taldeen diskoak festarako gonbidapena egiten dute lehen kantutik baina talde hauen indar guztia zuzenekoetan atzeman daiteke. Inprobisatzeari tarte handia uzten saio eta musikariak, “trance” egoeran sartzen dira. Ikusgarriak.

ARITZ SOUND SYSTEM

BEASTIE BOYS - The mix up

BEASTIE BOYS “THE MIX UP”
(Capitol, 2007)

Besteak beste, Bad Brains taldearen disko berriko ekoizpenean aritu eta gero disko berria aurkezten dute (hiru urte igaro dira “To The 5 Boroughs” kaleratu zutenetik). Maisu dira estiloen mugak apurtzen; hardcore-punk erritmoekin hasi eta rap musikaren ezinbesteko taldean bilakatu dira (tartean, jazza eta rocka). Diamond, Horovitz and Yauch dira base erritmikoaren arduradunak (bateria, gitarra eta baxua) eta laguntzaile Money Mark teklatuetan eta Alfredo Ortiz perkusioetan. Guztira hamabi kantu instrumental.

ARITZ SOUND SYSTEM

BEBEL GILBERTO - Momento

BEBEL GILBERTO “MOMENTO”
(v2, 2007)

Edertasunaren unea

Musika, gustu kontua dela esan izan dugu askotan eta bakoitzak bere gustuak ditu noski. Musika estilo edo talde batzuk besteak baino gehiago gustatuko zaizkizu, eta agian, baten bat ez zaizu batere gustatuko. Abeslari eta talde batzuek ordea jende gehiengoari gustatzeko dohaina dute. Horien artean kokatuko genuke Bebel Gilberto abeslaria. 2000. urtean “Tanto Tempo” diskoa kaleratu zuenetik arrakasta handia lortu du mundu osoan eta arrakasta hori mantentzeko osagaiak ditu bere hirugarren disko honek ere. Brasilgo musikaren goxotasuna du; samba eta bossa erritmo pausatuak, hizkuntzaren laztana, denboraz sukaldatutako melodiak eta, diskoa aspergarria izan ez dadin, kolore aniztasuna. Diskoa London, Rio De Janeiro eta New York hirietan grabatu du, ekoizle desberdinen laguntzarekin. Soinuari dagokionez, doinu akustikoak eta elektronikoak maisuki uztartu ditu eta aurreko diskoekin gertatu bezala, kantuak berriro nahasteko ateak zabalik utzi dizkie disko jartzaile eta ekoizleei (erremixen diskoa noiz kaleratu zai geratuko gara). Diskoan Cole Porter-en “Night and Day” eta Chico Buarque-ren “Caçada” kantuen bertsiok entzun daitezke. Gauzak konplikatzeko joeraren aurrean sinpletasunaren aldarrikapena. Une bereziak girotzeko primerakoa.

ARITZ SOUND SYSTEM

BEENIE MAN - Undisputed

BEENIE MAN “UNDISPUTED”
(Virgin, 2006)

Zazpi urterekin grabatu zuen lehenengo kanta eta Jamaikar musikaren garapena ulertzeko ezinbesteko abeslaria da. Dancehall izeneko reggaearen adar dantzagarri, komertzial eta polemikoaren (letra oso kritikagarriak ditu) izar handia da eta 90. hamarkadaz geroztik, AEBetan ere izugarrizko arrakasta lortu du. Reggae klasikoarekin antzekotasun handirik ez duen musika egiten du eta azken disko honetan rap eta reggaeton musikaren izen ezagunekin lan egin du. Uztailean Euskal Herrira dator.

ARITZ SOUND SYSTEM

BEVERLY KNIGHT - Music city soul

BEVERLY KNIGHT “MUSIC CITY SOUL”
(Parlophone, 2007)
Nork dio soul musikaren izarrak soilik AEBetan aurki daitezkeela. Beverly Knight abeslaria Ingalaterran bizi da eta urteak daramatza soul, jazz eta gospel doinuak abesten. Arimaren musika abesteko ordea ez da nahikoa ahots ederra edukitzea, sentimenduak adierazteko gaitasuna behar da. “Music City Soul”, Beverly Knight-en estudioko bostgarren diskoa da eta Nashville hirian grabatu du. Grabazioa bost egunetan egin da eta bertan, Al Green edo Elvis Presleyrekin aritutako musikariek hartu dute parte.

ARITZ SOUND SYSTEM

BIBI TANGA ET LE PROFESSEUR INLASSABLE - Yellow Gauze

BIBI TANGA ET LE PROFESSEUR INLASSABLE “YELLOW GAUZE”
(L'inlassable Disque, Discmedi, 2007)

Disko bitxia da Yellow Gauze. Azken urteotan oso ohikoa bilakatu da musika estilo desberdinekin osatutako diskoak kaleratzea. Aukeratutako osagaia eta osagai horiek elkartzeko modua egiten du disko hau berezia. Disko honetako protagonistak Bibi Tanga eta Le Professeur Inlassable izeneko pertsonaiak dira. Lehenengoa, Gambian jaioa baina oso txikitatik Parisen hezia, abeslaria eta musikaria da (gitarra, baxua eta saxoa jotzen ditu). Bigarrena berriz, Frantzian jaioa, disko jartzaile eta ekoizlea (2004. urtean “Leçon Numéro Un” diskoa kaleratzeagatik ezaguna da. Bibi Tanga, Le Professeur ezagutu aurretik Malka Family izeneko taldean aritu zen afro-funk estiloan. Jaso dituen eraginen artean Curtis Mayfield, James Brown, Sly Stone eta bereziki, Fela Kuti aipatzen ditu. Horrelako maisuak izanda ez da zaila abesteko garaian jorratzen dituen estiloak asmatzea eta hala ere, diskoko kantu gehienetan abesteko era desberdinekin jokatzen du; funk edo soul estiloan batzuetan, rap erara besteetan eta baita olerkilari antzera (spoken word estiloan), olerkiak errezitatzen kantu batzuetan. Abestiak ingelesez, frantsesez eta Sangho afrikar hizkuntzan abesten ditu. Musikari dagokionez ere, aberastasuna da nagusi; jazza, soula, funkia, gospela eta erritmo elektronikoak, guztia zinemetako filmen eta afrikar erritmoen ukituekin estalia. Behin baino gehiagotan entzun beharreko diskoa da eta entzunaldi berri bakoitzean zapore berria aterako diogu.

ARITZ SOUND SYSTEM

BILLIE HOLIDAY - Remixed

BILLIE HOLIDAY “REMIXED AND REIMAGINED”
(Sony, 2007)

Urteak dira (hildako) abeslari ezagunen ahots grabazioak hartu eta nahasketa berriekin egindako disko bildumak kaleratzen direla. Hasiera batean hautsak arrotzen baziren ere orain normaltasun osoz hartzen dira. Normaltasun horrek ordea ez du emaitza ona ziurtatzen. Billie Holiday abeslariak ahots berezia zuen (are bereziagoa garaiko grabazio teknikak kontutan izanda) eta 1935 eta 1958 urte artean grabatutako kantu gehienek magia galtzen dute nahasketa berri hauetan.

ARITZ SOUND SYSTEM

BIM SHERMAN - Tripulation

BIM SHERMAN “TRIBULATION. DOWN IN JAMDOWN 1974-79”
(Pressure Sounds, 2007)


Reggae musikak 70. hamarkadan bizi zuen urrezko aroa. 80. hamarkadako beherakada gainditu zuten sustraizko reggae abeslariek, neurri handi batean, reggae musikak Europan zituen jarraitzaileei esker lortu zuten. Bim Sherman Ingalaterrara joan behar izan zen lan bila eta Bill laswell-en On-U Sound zigiluarekin kaleratu zituen hainbat disko. Zoritxarrez 1996. urte arte ez zuen nazioarteko errekonozimendua jasoko (2000. urtean hil zen). Disko honetan lehen aroko klasiko ederrak jasotzen dira.

ARITZ SOUND SYSTEM

BOB BALDWIN - New urban jazz

BOB BALDWIN “NEW URBAN JAZZ.COM”
(Nu Groove, 2008)

Jazz musikaren zuhaitz emankorrak konta ezinezko adarrak ditu, eta adar bakoitzak, zapore eta itxura desberdineko fruituak ematen ditu. Jazzaren adar hiritarra, raparekin, soularekin eta funkiarekin harreman estuan dagoena, Urban jazz edo smooth jazz bezala definitu izan dute batzuk. Bob Baldwinen musika adar horren hosto gozoena da eta edonork erres dastatzeko modukoa da. Neurrian hartuta gustagarria da baina kopuru handitan azkar betetzen duen horietakoa.

ARITZ SOUND SYSTEM

BORDER CROSSING - Freedom of speech

BORDER CROSSING “FREEDOM OF SPEECH”
(Kartel, 2007)

Urrearen distirak itsututa bizi diren rap abeslariak arrakasta zerrenden lehen postuak betetzen dituzten bitartean, Border Crossing bezalako taldeek, raparen duintasuna defendatzen dute. Taldearen izenari jarraituaz, rap estiloaren mugak gainditzen dituzte eta funk, disko, reggae eta elektronikoaren eremuak arakatzen dituzte. Edukiei dagokionez berriz, kritikoak dira Ingalaterrako gobernuak daraman “segurtasun” politikarekin eta giza eskubideen aldeko borrokaren tresnan bilakatzen dira.

ARITZ SOUND SYSTEM

BORROKAN - Hitzez ulertu ezin dena omendu nnahi nuke oraintxe

BORROKAN “HITZEZ ULERTU EZIN DENA OMENDU NAHI NUKE. ORAINTXE!”
(Autoekoizpena, 2007)

Musika sentimenduak adierazteko tresna ezin hobea denaren froga garbia. Moda eta komertzialtasunaren gainetik musika eta garrasia, barrutik irtendako oihua. Melodia eta kaosa. Garratza eta iluna. Ederra. Borroka bera da. Bost lagunen lana. Landua. Hirugarrena (Museum, Borrokan + Bonberenea, Lobato etxea eta Xorroxin irratiaren bilduma). Aurkezpen dotorea eta letrak www.ertz.net. Harremanetarako borrokan@ertza.net.

ARITZ SOUND SYSTEM

BRAND NEW HEAVIES - Elephantitis

BRAND NEW HEAVIES “ELEPHANTITIS”
(The Funky Chemist, 2007)
90. hamarkada hasieran 60 eta 70. hamarkadetako soul, jazz eta funk musiken berpizkundea eman zen Ingalaterran. Areto eta dantzaleku gutxi batzuetan hasi zenak arrakasta komertziala lortuko zuen, besteak beste, Brand New Heavies taldeari esker (Acid Jazz diskoetxearen bitartez). Urte guzti hauetan Brand New Heavies taldeak gora behera ugari izan ditu eta orain, taldearen kantuen nahasketa eta bitxikeriak jasotzen duen disko bikoitza kaleratzen da.

ARITZ SOUND SYSTEM

BREAKIN BREAD - dirtybeatbreakinfunkandhiphop

BREAKIN BREAD “PRESENTS DIRTYBREAKINFUNKANDHIPHOP”
(Breakin Bread records, 2007)

Breakin Bread kolektiboa 1998. urtean sortu zen Londonen. Hasiera batean disko jartzaileen kolektiboa zen eta festak antolatzen zituzten Brixton auzoan. Denborarekin grabazio diskoetxea sortuko zuten eta irrati saio propioa dute. Disko bilduma honetan Breakin Bread kolektiboko irratsaio zein festetan entzun daitezkeen kantuak jasotzen dira eta izenburuak “argi eta garbi” adierazten duen modura rap eta funk estiloetako erritmo zikinak aurkituko ditugu bertan.

ARITZ SOUND SYSTEM

BUGGE WESSELTOFT - IM

BUGGE WESSELTOFT “IM”
(Jazzland recordings, Universal 2007)

Bugge Wesseltoft musikari aparta da; piano jolea (sintetizadore eta ordenagailuekin ere aritzen da), musika sortzailea eta ekoizlea da. Urteak darama jazzari zentzu berria bilatu nahian eta horretarako bide desberdinak jorratu ditu (horien artean musika elektronikora gerturatu duten proposamenak landu ditu, Laurent Garnier-ekin batera). Oraingoan berriz, sinplearen ideia landu du. Pianoarekin lagunduta giroak eta sentimenduak sortzen ditu, giro lasaiak eta hausnarketarako aproposak.

ARITZ SOUND SYSTEM

BUJU BANTON - Inna heights

BUJU BANTON “INNA HEIGHTS (10TH ANNIVERSARY EDITION)”
Buju Banton, ghettoetan jaiotako gazte abeslari asko bezala, ragga-dancehall estiloan hasi zen. 90. hamarkada hasieran, sexua, drogak eta dirua bezalako gaiak azaletik jorratzen zituzten ikuspegi atzerakoi batetik. Buju Bantonek “argia” ikusi omen zuen eta, bai mezu zein musika aldetik, garapen nabarmena bizi izan zuen. Garapen horren gailurrera iritsi zen disko honekin, eta reggae musikak azken urteetan bizi izan duen bilakaera ulertzeko ezinbesteko diskoa da dagoeneko.

ARITZ SOUND SYSTEM

BURNING SPEAR - Jah is real

BURNING SPEAR “JAH IS REAL”
(Burning Music, 2008)

Hau bai indarra. 60. hamarkada amaieran ekin zion musikaren bideari eta urte guzti hauetan, maiztasun handiz, diskoak kaleratzen eta kontaezinak diren kontzertuak ematen jarraitu du. Reggae musikaren urrezko aroko ezinbesteko abeslaria da, bere kantuak konposatzen ditu eta 2002an sortutako diskoetxean kaleratzen ditu (auto ekoizpenak dira, mundu osoan zabaltzen direnak). Disko berrian (aurrekoetan bezala), Marcus Garveyren mezuak, Afrikar sustraiak (musikalki ere) eta duintasuna atzeman daitezke nonahi.

ARITZ SOUND SYSTEM

BURNING SPEAR - The experience

BURNING SPEAR “The Experience”

Bizitza osoa reggaearen sua zabaltzen

Winston Rodney ez da egun batean sortu eta hurrengoan desagertzen den musikaria. Winston Rodney-k 35 urteko ibilbidea du musika munduan. Jamaikako St. Ann nekazal gune txiroan jaio zen eta bere garaiko gazte gehienak ez bezala, musikari esker, munduari hainbat bira emateko aukera izan du. Kontinenteak eta herriak ezagutu ditu, hizkuntza eta kultura desberdineko jendea ezagutu du eta musikaz bizitzeko pribilegioa izan du. Musikak asko eman dio eta berak asko eman dio musikari. Nortasun berezia du Winston Rodney-k. Ahots pribilegiatua eduki gabe komunikatzaile fina da. Sentimenduak musikaren bidez adierazteko doi berezia duten horietakoa da eta gauza asko esateko ditu. Jamaikarrek 400 urteko esklabutzan galdurako duintasuna berreskuratzen lagundu du, eta oroimena. Bere kantuetan sufrimenduaren garratza atzeman daiteke eta itxaropenaren distira. Sustrai sakonak dituen zuhaitza da eta orain, urteetako borrokaldia eta gero, atsedenerako prestatzen ari da. Musika industriaren atzaparretatik askeago bizi da orain, diskoetxe propioa du eta gauzak bere erara egin nahi ditu. Aro berrirako prestatzen ari da eta horren isla da kaleratu duen disko bikoitza + dvd hau. Bere ibilbidearen bilduma da; orain arte argitaratu gabeko kantuekin eta zuzenean duen indarraren erakusle diren hainbat grabazioekin. Ezagutzea merezi duen musikaria, zalantzarik gabe. Urte askotarako.

ARITZ SOUND SYSTEM

BUSCEMI - Retro nuevo

BUSCEMI “RETRO NUEVO”
(Emi, 2007)

Belgikarraren disko berri honetan, aurrekoetan bezala (laugarrena dagoeneko) brasildar kutsuko doinuak, erritmo elektronikoekin nahastuta aurkituko ditugu. Musika konposatzaile, disko jartzaile eta produktore honek ez du ezer berririk asmatzen, baina kaleratzen dituen diskoetan, dantzarako eta gustura entzuteko aproposak diren doinu dotoreak eskaintzen dizkigu beti.

ARITZ SOUND SYSTEM

CAPLETON - Free up

CAPLETON “ FREE UP”
(Penitentiary, 2006)

Euskal Herrian dagoela eta (atzo Bilbon) Capleton eta bere azken lana aipatu nahi genituen. Sizzlak hasitako bideari jarraitzen dio Capletonek (musikalki bada ere). Singjay estiloa lantzen du; hau da, kantu berean, ragga ahots zakarrak eta ahots melodikoak tartekatzeko trebezia, ragga eta reggae doinuekin. Mezuei dagokionez berriz muturreko rasta erlijio mezuak dira nagusi, beltz izaeraren harrotasuna -arrazismo kutsuarekin- eta besteak beste, homosexualekiko gorroto itsua. Oso kritikoak izan behar gara horrelako pertsonaiekin.

ARITZ SOUND SYSTEM

CARLINHOS BROWN - A gente ainda nao sonhou

CARLINHOS BROWN “A GENTE AINDA NAO SONHOU”

(Sony, 2007)

Carlinhos Brown, musikaren eremua gainditzen duen musikaria da. 1962an Brasilgo Bahia estatuan jaioa, Salvadorreko ghettoetan hezi zen. Txikitatik afrobrasildar kulturaren oinarri diren perkusioak jotzen ikasi zuen eta egun, instrumentu anitz menperatzen ditu. 80. hamarkadaz geroztik musika munduko talde eta ekimen desberdinetan parte hartu izan du; Timbalada taldearekin hasi zen Brasildik kanpo ezaguna egiten eta 1996ean grabatu zuen bakarlari modura lehen diskoa. Dena den, ez zen 2002. urte arte famatu egingo; urte horretan Marisa Monte eta Arnaldo Antunesekin Tribalistas diskoa kaleratu zuen eta “Já sei enamorar” kantuak arrakasta itzela lortu zuen. Hortik aurrera Fernando Truebaren “El milagro de Candeal” filma, telebistarako iragarkiak eta estatuko hainbat hiri handitan ospatutako jaialdi “karnabalak”. Izar mediatikoan bilakatu da. Erritmoa, dantza eta alaitasunaren mezularia da. Bere aurpegi hau soilik ezagutzen dutenek ordea ezusteko handia hartuko dute disko berria entzuterakoan. Bertan kantu lasaiak dira nagusi eta brasildar musikariaren aurpegi intimista ezagutuko dugu. Ametsek egoerak gainditzen laguntzen dutela eta gehiago amestu behar dugula dio. “Kartzelan dagoen batek askatasunarekin amestu eta askatasuna lortzen du” dio. Amestearekin soilik nahikoa ez dela eta ametsa egi bihurtzeko borroka egitea beharrezkoa dela esango genuke guk. Amets gaiztoen sorburua borrokatu.

ARITZ SOUND SYSTEM

CEDRIC IM BROOKS - From mento to third world

CEDRIC I´M BROOKS “FROM MENTO TO THIRD WORLD”
(Vp, 2008. Originala 1975)

Diskoetxe batzuek disko zaharrak berrargitaratzeko egiten ari diren ahaleginari esker aspaldi galdu ziren altxor musikalak berreskuratzeko aukera dugu. Cedric I´m Brooks Karibeko musikaren arkeologoa da. Saxo jolea eta musika ekoizle aparta, lan izugarria egin du Karibeko musikaren aberastasuna mantentzearren. Nyabinghi doinu espiritualak, mento erritmoak, ska, reggae eta dub doinuetan maisu da. Afrikar musikaren eta Karibearen arteko lotura estua ezagutzeko ezin aproposagoa.

ARITZ SOUND SYSTEM

CESARIA EVORA - Rogamar

CESARIA EVORA “ROGAMAR”
(Sony, 2006)

Itsasoaren usaia

Berandu bada ere, nazioarteko errekonozimendua jasotzen ari da Cesaria Evora. Merezitako errekonozimendua. Kabo Berde irlako portuetako taberna zulo beltz keotsuetan eman ditu urte asko; marinel, tabernako emakume eta alkoholaz inguratuta. Itsasoaren hezetasunak bustitako ingurune horretan sortu eta abestu ditu kantuak; morna estiloaren melankoliaz jantzita. Hanka hautsik atera ohi da eszenatokietara, nazioarte mailan nolabaiteko ospea lortu badu ere, emakume umila dela erakutsiaz. Umila bezain sentibera. Bizitza osoan itsaso zakarrei aurre egin behar izan dien emakumearen azal gogorra du eta azal horren azpian, abestien bidez plazaratzen duen olatuen hauskortasuna. Kabo Berdeko biztanleen bizitza inguratzen du itsasoak eta itsasoa da Cesaria Evoraren inspirazio iturri. Disko berri honetan, aurreko diskoko musikariak izan ditu lagun eta kantuen egileak ere, Kabo Berdeko aspaldiko lagunak ditu; Diô Da Silva eta Nando Andrade. Dena den, aurreko diskoetan egin bezala, orain ere, kanpoko musikariak gonbidatu ditu; Jacques Morelenbaum brasildarra eta Ray Lema edo Ismael Lo afrikarrak, besteak beste. Diskoan, morna doinuak dira nagusi -Kabo Berdeko bluesa bezala izendatu izan dena- eta fado portugesarekin harreman estua du. Kantu melankoliatsuak dira nagusi nahiz eta kantu batean “batucada” estiloa entzun daitekeen, San Jon estiloan. Sentibera.

ARITZ SOUND SYSTEM


CHEB I SABBAH - Devotion

CHEB I SABBAH “DEVOTION”
(Six Degrees, 2008)

Urteak dira Indiako erritmo tradizionalak musika elektronikoarekin nahasten direla. Bide honetan astakeriak egin badira ere, musika horien arteko harreman orekatua lortu dutenen artean kokatzen dugu (Dj) Cheb I Sabbah. Disko jartzaile argeliar hau Frantzian hasi zuen bere ibilbidea eta egun AEBetan bizi eta lan egiten du. Indiako musikaren maitale amorratua musika horren eta elektronikaren arteko oreka ederra lortu du. Musikak giro lasai eta atseginak eskaintzeko duen ahalmenaren adibide.

ARITZ SOUND SYSTEM

CLAUDIUS LINTON - Rootsmaster

CLAUDIUS LINTON “ROOTS MASTER”
(Sunking, 2007)

Reggae musikaren historian asko dira itzalean mantendu diren abesariak. Zorionez, digitalizazioaren garaian, horietako abeslari asko, orain arte sotoan zuten materiala argitaratzeko aukera dute. Claudius Linton, Bob Marley, Peter Tosh, Bunny Wailer eta garaiko roots abeslari askorekin batera, Joe Higgs maisuaren irakaspenak jaso zituen. Aurrekoak ez bezala, bere grabazioek, Jamaikan harrera ona izanda ere, ez zuten nazioarteko interesa piztu. Orain, grabazio zahar horiek argia ikusten dute sustraizko reggaearen altxor amaigabea aberasteko.

ARITZ SOUND SYSTEM

CLUB DES BELUGAS - swop

CLUB DES BELUGAS “SWOP”
(Phantom Sound & Vision, 2008)

Alemanian jazzaren eta musika elektronikoaren arteko maitasun harremanari dioten zaletasunaren beste adibidea. Club Des Belugas Maxim Illion izeneko musika zaletuaren egitasmoa da. Makinak eta hezur haragizko musikariak elkartu eta produkzio landu eta dotoreaz osatu ditu abestiak. 50. hamarkadara itzuliko gaituen jazza ekartzen digu gogora (erritmo elektronikoekin hori bai) eta emaitza horretan ezinbestekoak dira diskoan azaltzen diren abeslariak (Dean Bowman, Anna-Luca, Brenda Boykin eta Reiner Winterschladen, besteak beste).

ARITZ SOUND SYSTEM

COUNT BASIC - Love and light

COUNT BASIC “LOVE AND LIGHT”
(Universal, 2007)

90. hamarkadan, Ingalaterran bereziki, soul eta jazz musiken berrikuspena ezagutu zen. Doinu horien maitaleek, soulak eta jazzak galtzen ari ziren izpiritua berreskuratu nahian, estilo eta jarrera horietan oinarritutako musika sortu eta diskoak kaleratu zituzten. Musika “adituek” Acid Jazz deitu zuten. Garai hartako taldeen artean Count Basic zegoen, New York hirira joandako austriar etorkin batek sortuta. 13 urte igaro dira eta soul eta jazzaren adar dotoreena lantzen jarraitzen du, Kelli Sae abeslariaren laguntzarekin.

ARITZ SOUND SYSTEM

CULTURA PROFETICA - Tribute to the Legend Bob Marley

CULTURA PROFETICA “Tribute to the Legend Bob Marley”
(Machete Music, 2007)

Cultura Profetica taldea Puerto Ricon dagoen musika aberastasunaren adibide da. Oinarrian sustraizko reggaea egiten badute ere ingurutik datozkien musika guztietara irekiak daude (samba, salsa, etab). Hasieratik reggae zaletuen oniritzia jaso dute eta Jamaikan, erdaraz abesten duten taldeek izaten ez duten harrera ona jaso dute. Asko dira Bob Marley eta the Waileresen kantuen bertsioak egin dituztenak baina gutxik lortu dute Cultura Profeticakoek lortu duten maila ona. Cd+DVDa.

ARITZ SOUND SYSTEM

CULTURE - Two sevens clash

CULTURE “TWO SEVENS CLASH”
(Shanachie, Resistencia 2007)

Musikaren historian txoko berezia merezi duten diskoetako bat. Jamaikar musikaren gailurraren adibidea da Culture taldeak 1977. urtean kaleratu zuen lehen diskoa. Garaiko musikari askoren inspirazio iturri izan zen (The Clash taldeak adibidez izena bertatik atera zuen) eta reggaean inoiz egon den ahots hirukote ederrenetakoaren hasiera izan zen. Merezitako berrargitalpen honetan, diskoko kantu originalekin batera, bost kantuen maxi bertsioak entzun daitezke. Ezinbestekoa.

ARITZ SOUND SYSTEM

CÉU - Céu

CÉU “Céu”
(Six Degrees Records, 2007)

Diskoa Brasilen 2005. urtean kaleratu bazen ere, Six Degrees eta Starbusck diskoetxeen berragitapenari esker iristen zaigu orain. Eskerrak. Céu-ren musika, Sao Paulo hirian dagoen musika mugimendu aberatsaren adibide da. Oinarria samba eta bossa nova estiloetan badu ere, Brasilen indarra hartzen ari diren kanpoko hainbat estiloen eragina du. Rap musikaren base erritmikoak eta reggae-dub eta musika elektronikoaren testura atzematen zaizkio diskoari eta guztia, Céu-ren ahots goxoarekin igurtzita. Zentzumenen gozamena.

ARITZ SOUND SYSTEM

DENNIS BROWN - Best of Joe Gibbs

DENNIS BROWN “THE BEST OF JOE GIBBS YEARS”

(Shanachie, 2007)

Reggae abeslariak aipatzen direnean, normalean, Bob Marley, Peter Tosh, Alpha Blondy, Jimmy Cliff eta gutxi gehiago aipatzen dira. Horien artean ez da Dennis Brown aipatzen eta hori harrigarria iruditzen zaigu Dennis Brown delako, gure ustez, reggae musikak inoiz izan duen abeslari onenetakoa (Bob Marleyren abeslari kuttuna zen). Bilduma honetan, Joe Gibbs ekoizlearentzat grabatutako harri bitxiak jasotzen dira, rasta edukia duten kantu ederrak.

ARITZ SOUND SYSTEM

DENNIS COFFEY - Big city funk

DENNIS COFFEY “BIG CITY FUNK”

ESTUDIOKO MUSIKARIEN OMENEZ

Euskal Herrian, gutxi dira estudioko musikari lanetan ari direnak; eta horretan dihardutenak, maila altuko musikariak izanda ere, ez dira batere ezagunak. Gure mugetatik kanpo ordea, oso ohikoa da estudioko musikaria izatea, musikaz bizi diren musikari profesionalen artean behintzat. Eta are gehiago estilo zehatz batzuetan. Ezinezkoa litzateke jazz, soul edo reggae musikaren historia ulertzea estudioko musikaririk gabe. Musikaren “mertzenario” hauek izan dira estilo hauen doinu ezagunenak jo dituztenak. Soul musikaren kasuan, Motown zigiluak, kotxe fabriken antzera, katean lan egiten zuen. Eta kate horren ezinbesteko atala osatzen zuten estudioko musikariak. Horien artean zegoen Dennis Coffey gitarra jolea. Detroiteko erdi mailako sendian jaioa, 13 urte zituela country eta rockabilly musikak ezagutu zituen. Eta hortik, soul eta funk doinuetara pasa zen. Diskoetxe txikiekin lan eta gero hasi zen Motown ahalguztidunarentzat lanean. Funk Brothers, estudioko taldearen partaide bezala, garaiko izen handiekin grabatu zuen (Marvin Gaye, Jackson5, e.a.). Filmetako soinu bandak konposatzen ere oso trebea zen. 1971 eta 74 urte artean lau disko kaleratu zituen Sussex diskoetxearentzat eta disko horietako kantuekin osatu da bilduma hau. Egungo rap abeslari askok (LL Cool J, Mos Def, Public Enemy, e.a.) bere kantuen zatiak erabili dituzte “inspirazio” modura. Ghettoetako funk rock zikina.

ARITZ SOUND SYSTEM

DJ DOLORES - 1real

DJ DOLORES “1 Real”
(Crammed, 2008)

Musika estiloen arteko nahasketa ohikoa bilakatu den garai honetan Dj Doloresek ez du mugarik. Belarrietara iristen zaizkion doinu guztiak nahasteko gai den musikaria da (Folk doinu zaharrenetatik base erritmiko elektronikoetara). Brasilgo Recife eskualdetik irten eta mundu osotik ari da ia beste inon topatuko ez dugun soinu kolore sorta bizia zabaltzen. Bai diskoan eta baita eskaintzen dituen sesioetan ere askotan (ustez) logikarik gabeko elkarketak aurkitu ditugu. Zorabiatzeko modukoa batzuetan.

ARITZ SOUND SYSTEM

DJ PREMIER SALUTES JAMES BROWN

DJ PREMIER SALUTES JAMES BROWN “The Foundation Of Hip-Hop”
(Year Round, 2007)

Hilabete gutxi igaro dira James Brownek utzi gintuela eta bere omenezko diskoak kaleratzen jarraitzen dira. Oraingoan, Dj Premier, Guru abeslariarekin batera Ganstarr taldearen partaidea, disko jartzaile eta ekoizle kotizatua denak James Brownen kantu eder sorta maisuki nahastu ditu sesio modura diskoaren lehen cd-an. Bigarrenean berriz James Brownek rap musikan izan duen izugarrizko eragina erakusten duen bilduma osatu du rap abeslari eta talde esanguratsuenen kantuekin.

ARITZ SOUND SYSTEM


DJ VADIM - Sound Catcher

DJ VADIM “Sound Catcher”
(Bbe, 2007)

Ninja Tune zigiluarekin egindako elkarlanak rap musikaren eremuak handitzeko bidean pauso izugarria suposatu zuen. Rap instrumentalarekin esperimentatzeari ekin zioten eta oso emaitza interesgarria lortu zen. Errusiarra jaiotzez baina oso gaztetik London hirian bizi da eta hiri horretako aniztasun musikaletik edan du. Europa mailan rap musikaren ekoizle eta abeslari garrantzitsuenekin lan egin du ( Mucho Mu tartean) eta bide horretatik jarraitzen du disko berrian.

ARITZ SOUND SYSTEM

DJAVAN - Matizes

DJAVAN “MATIZES”
(Sony Brazil, 2007)

Nazioarte mailan, jende gehienarentzat, Brasilgo musikaren izen ezagunenetakoa ez bada ere, musika horren izarren parekoa da historian eta diskografian. 1976. urtean kaleratu zuen lehen lana eta, orduz geroztik, etengabea izan da bere sorkuntza. Musikalki samba eta bossa musikariekin desberdintasunak atzemango dizkiogu eta poparen eragin handia du. Horren adibide izan daiteke “Matizes” diskoa, ohiko brasildar soinuarekin apurtzen ez badu ere, ñabardura asko aurkituko dizkiogu.


ARITZ SOUND SYSTEM

DOBET GNAHORE -Na afriki

DOBET GNAHORE “NA AFRIKI”
(Cumbancha, 2007)

Harrigarria bada ere Afrikan egiten den musika gehiena guztiz ezezaguna da gure artean. Arrazoi ugari egongo dira horretarako (aztertu beharrekoak) baina inork ez du aitzakia bezala Afrikan musika “txarra” egiten denik jarriko. Mendebaldeko zuri aberats “ikasien” belarrientzako doinu basatiegiak (tribalak) direla pentsatuko du norbaitek, agian. Hori tontakeri galanta dela zalantzan jarri eta adibideak behar dituenarentzat Boli Kostako Dobet Gnahoreren musika entzutea gomendatuko genioke. Sentibera eta ederra.

ARITZ SOUND SYSTEM

Dj Marlboro -Funk mix

Dj Marlboro “Funk mix”
Link Records, 2007


Egun hauetan, inauteriak direla eta, Brasil protagonista da komunikabideetan. Milaka lagun samba eta batukada erritmoekin txoratzen. Dena den, ez pentsa brasildarrek soilik dantza inauterietan egiten dutenik. Gure artean apenas ezagutzen den arren, Brasilen izugarrizko indarra du Favela funk mugimenduak. 70. hamarkadan, Brasilgo hiri handietako gazte txiroak dantzaleku pribatuetara joateko ezintasunaren aurrean asmatu zituzten kaleko dantzak dira. Jamaikarren sound systemenen antzera, soinu ekipo “kaseroak” kalera atera eta disko jartzaile eta Mc edo animatzailearen laguntzaz antolatutako festak dira. Brasilgo favela edo auzo txiro handienetan, droga saltzaileen babespean, milaka gazte mugitzen dira kaleko dantzaleku hauen erritmoan. Musikalki, baliabide gutxirekin egindako erritmo hautsiak dira nagusi; funk, elektro, rap edo ragga musiken eragina dute eta noski, brasildarren estilora moldatuta daude (ahots eta perkusio ugariekin). Dj Marlboro, festa hauetako izar handia da. 1989an Brasilgo disko jartzaileen txapelketa irabazi zuenetik, etengabe dihardu festak animatzen. FM O Dia irratian “Big Mix” izeneko saio arrakastatsua gidatzen du eta izen bereko musika aldizkariaren zuzendari da. Aldizkari honekin batera, eta bere diskoetxean grabaturik (Link Records), egungo funk brasildarraren izen arrakastatsuen kantak biltzen ditu nahastuta. Faveletako garrasi lizuna.


ARITZ SOUND SYSTEM

EMMANUEL JAL - Warchild

EMMANUEL JAL “WARCHILD”
(Sonic 360, 2008)

BERE ARMA DA HITZA

XXI. mendeko haur gerlaria. Sinesgaitza bada ere, gaur egun, oraindik ere, eskutan armak hartzen dituzten haurrak daude. Emmanuel Jalek zortzi urte zituen lehen aldiz armak eskutan hartu zituenean. Sudango hegoalde kristauan jaioa, zazpi urterekin Etiopiara eraman zuten Sudango gudatik ihesi (iparraldeko musulman eta hegoaldeko kristauen arteko guda). Ama gudan hil zuten eta aita SPLAko militantea zen (Sudango herriaren askatasunaren aldeko gudarostea). SPLA taldea Sudango iparraldeko agintari musulmanen aurka borrokatzen du. Emmanuel SPLA taldeko gerlari bihurtu zuten eta urteetan gudaren basakeria ezagutu du. SPLA taldean banaketa eman zenean ihes egitea erabaki zuen eta Emma McCune izeneko gobernuz kanpoko talde bateko kide bati esker Keniako hiriburura iritsi zen (emakume honi buruzko filma ikusgai egongo da aurki). Nairobin eliz bateko koroan hasi zen abesten. Rap estiloan abesten hasi zen eta hasieran ez zuten begi onez ikusten. Denborarekin ordea geroz eta zaletu gehiago izango zituen eta 2004. urtean lehen kantua grabatu zuen. 2005. urtean, Abdel Gadir Salim abeslariak Ceasefire izeneko diskoan parte hartzera gonbidatu zuen. Abdel 58 urteko Sudan musulmana da eta Emmanuel bezala, Sudan laikoa amesten du. Bien artean erritmo arabiar klasikoak raparekin nahastu zituzten. Orain aurkezten duen diskoan, Afrikar erritmo tradizionalak rap erritmoekin entzun daitezke eta abesteko eran ere hizkuntza desberdinak elkartzen ditu.


ARITZ SOUND SYSTEM

ENNIO MORRICONE - We all love

ENNIO MORRICONE “WE ALL LOVE ENNIO MORRICONE”
(Sony, 2007)

Ennio Morriconeren izena arrotza izango zaio askori. Orrialde hauen bitartez, musika entzuteko aukera izango bagenu (Gararen hurrengo diseinuarekin agian?), ziur, irakurle guztiei (zine zaletuei bereziki) ezaguna egingo zitzaiela bere musika. Oscar saria jasoko duen urte honetan, omenaldi diskoa kaleratzen diote, bere kantu ezagunenen bertsioekin (Metallica, Bruce Springstee, Quincy Jones, Herbie Hancock, e.a.)

ARITZ SOUND SYSTEM

ERYKAH BADU - New amerykah 01

ERYKAH BADU “NEW AMERYKAH PT.01”
(Motown, 2008)

Musika munduan hamar urte daramala ospatzeko diskoa kaleratu du Erykah Baduk. Zorionak. Komunikabideetan merezi duen arreta jasotzen ez badu ere, komunikabide horietan arreta jasotzen duten r&b izan distiratsuek baino distira musikal gehiago duela erakutsi du, behin eta berriro. 70. hamarkadako soul, jazz eta funk musikak oinarri hartzen baditu ere gaur egungo egoerara moldatzen jakin izan ditu. Azala eta mamia. Merkantzia baino pertsonalitate propioa duen abeslariaren adibide.

ARITZ SOUND SYSTEM

ETRAN FINATAWA - Desert crossroads

ETRAN FINATAWA “DESERT CROSSROADS”
(Riverboat, 2008)

ONDARREZKO ZUBIAK

Gaur egun musikak duen aberastasunik handienetakoa musika estiloen artean ematen diren harremanetan dagoela esan izan ohi dugu. Azken urteetako joera dela dirudien arren, gizakiaren historian zehar asko izan dira musika eta kultura desberdinen arteko harremanak (zoritxarrez horietako asko odolez igurtzitakoak). Saharako basamortua ipar eta hego Afrikaren arteko muga naturala izan da mendeetan. Muga hori gainditu eta asko izan dira ipar zein hegoaldeko herrien arteko harremanak (eta ez soilik komertzialak). Gaur egun, Nigeria bezala ezagutzen den estatuan adibidez, basamortua zeharkatu eta iparreko arabiarren eta hegoaldeko afrikarren arteko zubi lanak egin dituzten Tuareg eta Wodaade nomada herrien partaideak bizi dira. Etran Finatawa taldea herri horien partaideekin osatuta dago eta nomada herrien tradizio musikala ipar zein hego Afrikako soinuekin osatu dute. Zubiak eraikitzeko unean, tradizio musikala instrumentu elektrikoekin uztartu dute. Era honetan, diskoa, “herri garatuetako” musika zaletuentzat kutsu tradizionala badu ere, afrikarrentzat soinu “modernoa” da oso. Kantu tradizionalen eta ukitu afrikarra duten kantu elektronikoen erdi bideko zerbait. Kantu batzuetan blues musikaren sustraiak izan daitezkeenak atzeman daitezke eta Ali Farka Toure musikariaren zaletuak direnentzat oso gomendagarria da. Basamortuaren oihartzunak.

ARITZ SOUND SYSTEM

FEAR NUTTIN BAND - Yardcore

FEAR NUTTIN BAND “YARDCORE”
(Bodog Music, 2008)

Bad Brains taldeak jarraitzaile ugari ditu gure artean. Proposamen bitxia zuten hardcorea egiten zuten rastafari hauek. Bere garaian zubi lanak eraiki zituzten hardcore eta reggae zaletuen artean. Fear Nuttin Band taldeak ere zubi lanak eraikitzen ditu baina oraingoan metal eta ragga estiloen artean. Abeslariek jamaikarren ragga-dancehall estilo zakarrean abesten dute atzetik metal doinu astunak entzuten diren bitartean. Proposamen bitxia baina ez berria. Interesgarria.

ARITZ SOUND SYSTEM

FEDERICO AUBELE - Panamericana

FEDERICO AUBELE “PANAMERICANA”
(ESL, 2007)

Hegoaldetik Iparraldera eta mendebaldetik ekialdera

XXI. mendearen hasieran, erritmo elektronikoek izugarrizko zabalkundea bizi izan dute. Teknologi berrien “aurrerapenari” esker, musika “enlatatua” ohikoa bilakatu da, hezur haragizko musikarien aurrean. Mundu osoko musikariak erritmo elektronikoekin esperimentatzeari ekin zioten eta munduko ia edozein musika estiloetan aurki daitezke erritmo elektronikoekin egindako esperimentuak. Parisen bizi diren Gotan Projecteko lagunak izan dira Argentinako tango doinuen eta erritmo elektronikoen arteko harremana nazioartean ezagun egin dutenak. Era berean, Gotan Projecten inspirazio iturria izan da Thievery Corporation bikotearen musika. Federico Aubele, Argentinako musikaria da, Buenos Airesen jaioa eta Berlin edo Bartzelona hirietan bizi izan da. Panamericana diskoan, bere bizitzan eragina izan duten musiketan zehar ibilbidea proposatzen du; Amerikako kontinentea hegoaldetik iparraldera zeharkatzen duen errepideari jarraituz; besteak beste, Argentinako tangoa, Jamaikako duba, Mexikoko boleroa edo AEBetako rapa izan ditu bidai lagun. Diskoaren ekoizpena Thievery Corporationeko Eric Hiltonek egin du eta soinuaren emaitzan nabaria da ekoizle honek duen soinu bitxia. Diskoa atsegina da eta entzun erraza, musika eta letrak landuak ditu eta giro berezia sortzen du. Thievery Corporation edo Gotan Project bezalako proiektuen antza handiegia du agian eta hori zama izan daiteke erritmo horiekin nekatu direnentzat.

ARITZ SOUND SYSTEM

FEMI KUTI - DEFINITIVE COLLECTION

FEMI KUTI “THE DEFINITIVE COLLECTION”
(Wrasse, 2007)

Fela Kutiren semea bezala aurkezten zaigu beti eta bada ordua aurkezpen txartela aldatu dezagun. Egia da Femi Kutik aitaren pausoak jarraitu dituela, musikaria da eta aitak nazioartean ezagutzera eman zuen afro-beat musika egiten du (funk afrikarra). Aitaren bidea jarraitu du baina bide horri norabide berriak zabaldu dizkio. Afrika beltzaren indarra islatzen du; erritmoaren eta garrasi musikatuaren eredu da, duintasunaren aldarrikapena diren mezuekin batera (kantuen letrak ulertzeko ahalegina egin beharko genuke, merezi du eta). Disko bilduma bikoitz honetan, orain arteko ibilbideari errepaso egiten zaio; oro har, Femi Kuti eta bere taldearen kantu eder eta ezagunak biltzen dira lehen diskoan (baita lehen urteetan kaleratutako kantu ezezagunak ,eta gure artean, orain arte, argitaratu gabeak). Bigarren diskoan berriz Femi Kutiren hainbat kantuen nahasketa desberdinak entzuteko aukera dugu; afo-beat eta erritmo elektronikoen arteko harreman estuaren adibide direnak (besteak beste, Kerri Chandler, Faze Action, Da Lata edo Joe Claussel bezalako disko jartzaile eta ekoizleek egindako nahasketa elektronikoak). Orain artean Femi Kuti nigeriar musikariaren doinuak ezagutzen ez dituenarentzat bilduma aproposa izan daiteke baina ez dugu oso ondo ulertzen, horren gaztea izanda dagoeneko horrelako izen itsusia duen bilduma kaleratzen dioten. Ez dadila “definitiboa” izan mesedez.

ARITZ SOUND SYSTEM

FERMIN MUGURUZA - MIRANT AL CEL

FERMIN MUGURUZA “MIRANT AL CEL” (Filmaren soinu banda)
(Talka, 2008)

1938. urtean tropa faxisten guda hegazkinek Bartzelona hiria bortizki bonbardatu zuten. Gertaera latz hori argudio hartuta, Jesus Garay zuzendariak, Mirant Al Cel izeneko filma egin du eta soinu banda berriz, Fermin Muguruzak osatu du. Berria duen eremuan murgildu da Fermin eta filmen soinu bandak osatzeko erabiltzen diren ohiko osagaiei berezkoak dituenak gehitu dizkio (dub, d&b, etab). Giro ilunak eta itogarriak adierazten dituzten kantuak dira baina gertaerak sortuko zituen sentimenduentzat hotzegiak, agian.

ARITZ SOUND SYSTEM

GABRIELE POSO - From the genuine world

GABRIELE POSO “FROM THE GENUINE WORLD”
(Yoruba, 2008)

Downtempo bezala ezagutzen diren doinuetan base elektroniko lasaiak estilo desberdinekin nahasten dira. Grabiele Poso italiar musikariak base erritmiko horien gainean mediterraneo itsasoa zeharkatzen duten kultura desberdinetako doinuak elkartzen ditu jazza, soula eta erritmo afro-kubatarrak ahaztu gabe. Kantu batzuetan Tanya Michelle, Emanuele Coluccia eta Osunladeren laguntza izan du ahotsa eta produkzioetan (diskoa Osunladeren diskoetxeak argitaratzen du Soul Jazz zigiluaren azpi zigilua).

ARITZ SOUND SYSTEM

GAUDI & NUSRAT FATEH ALI KHAN - DUB QAWWALI

GAUDI & NUSRAT FATEH ALI KHAN “DUB QAWWALI”

(Six Degrees, 2007)

GIZAKI ETA JAINKOEN BITARTEKARI

Gaur egun normaltasunez ikusten bada ere, duela urte batzuk eztabaida sortzen zuen hilik dagoen abeslari baten ahotsarekin diskoak ateratzea. Zer pentsatuko luke artistak, zer iritzi dute sendi eta gertukoek, zein asmorekin egiten da eta antzeko galdera asko egin izan dira. Disko honen kaleratzeak ez du, oraingoz eta guk dakigula, horrelako eztabaidarik piztu. Mendebaldean ez behintzat. Italian jaio eta egun Londonen bizi den Gaudi produktoreak Nusrat Fateh Ali Khan abeslariaren ahotsa erabili du disko berria osatzeko. Gaudi, ezaguna da musika estilo desberdinak dub eta doinu elektronikoekin nahasteko duen trebeziagatik. Egin dituen nahasketen artean, Bob Marley, FatBoy Slim, Simple Minds, Africa Bambaataa edo Ojos de Brujoren kantuak daude, besteak beste. Nusrat Fateh Ali Khan Pakistanen jaiotako abeslaria da eta Qawwali abeslarien artean maisu kontsideratua izan da. Qawwalia Sufi erlijioaren musika da; Sufia Islamaren eskola da eta bertan jainkotasunaren ikuspegi mistiko eta poetikoa azpimarratzen da. Jainkoarekin harremana musika eta dantzaren bidez bilatzen du. Ali Khan izan zen eskola horren ahots esanguratsuena eta mendebaldeko artistekin lan asko egin izan zuen (Peter Gabriel, Michael Brook, etab.). Disko honetan, Gaudik, dub musikan oinarritutako musika erabiliaz, luxuzko oinpekoa jarri dio Ali Khanen ahots eder eta hipnotikoari.

ARITZ SOUND SYSTEM

GENTLEMAN - Another intensity

GENTLEMAN “ANOTHER INTENSITY”
(Sony, 2007)

Reggae musikaren historian jamaikarrek jamaikarra bezala hartu duten lehen abeslari zuria dela esan daiteke. Alemanian jaioa, reggae musikarekiko duen pasioak bultzatuta joan zen Jamaikara bizitzea eta reggae musikaren mundu basatian lekua egitea lortu du. Jamaikako produktoreek adoptatu dute eta emaitza ezin hobea izan da. Laugarren disko honetan aurreko bi diskoen (lehenengoa dancehall-rap estilokoa zen gehien bat) bidea jarraitu du; New Roots delakoa eta luxuzko kolaboratzaileak (Sizzla, Diana King,etab.).

ARITZ SOUND SYSTEM

GIGI - Gold and wax

GIGI “Gold and Wax”
(Palm, 2006)

Kultura desberdinen arteko harremanak emaitza ederrak eman ohi ditu; maitasunean oinarrituta daudenean behintzat. Horren adibide garbia da, azken urteotan, Etiopiako Gigi abeslariaren eta AEBetako Bill Laswell musikari eta ekoizlearen harremana. Gigiren ahotsak, Etiopiako elizaren kantuetan oinarritutako abesteko era du, eta abesteko era horri, Bill Laswell-ek doinu elektronikoen jantzia gehitzen die. Zalantzarik gabe, estres egoeretan, doinu hauen entzuketa, kimika sintetikodun pilulak baina emaitza hobeagoa emango luke.

ARITZ SOUND SYSTEM

GILLES PETERSON - In the house

GILLES PETERSON “IN THE HOUSE”
(Defected, 2008)

Sorpresaz jaso dugu Defected diskoetxearen “In the House” bildumen azken alea (3cd). Normalean house musika jartzeagatik ezagunak diren disko jartzaileen saioak eskaintzen dituzte eta oraingoan Gilles Peterson aukeratu dute. Egia da Gilles Peterson ez dela house musika jartzeagatik ezaguna baina gizon honek duen jakituria musikalarekin, eta housaren sustraiak disko funk eta soul musikan daudela kontutan izanda, musika elektronikoaren zaletuak ez direnek ere entzuteko moduko bilduma osatu du.

ARITZ SOUND SYSTEM

GLADYS NIGHT - Before me

GLADYS NIGHT “BEFORE ME”
(Verve labels, 2007)

Ahotsaren garrantzia. Gladys Night bezalako abeslariek kantu baten atal garrantzitsuena ahotsa izatea lortzen dute. 1961ean bere lehen zerrenda postua lortu zuenetik asko dira lortutako arrakastak. Disko berrian, dotorezi handiz, jazz musikaren kantu klasikoen bertsiok egiten ditu; horien artean Duke Ellingtonen “Come Sunday” edo Gershwin anaien “The Man i Love”. Soul klasikoaren eta gospel musikaren jarraitzaileentzat ezinbesteko erreferentea izan da eta hemendik aurrera, jazz musikaren jarraitzaileek ezingo diote muzin egin.

ARITZ SOUND SYSTEM

GLEN ANTHONY HENRY - Relax and love

GLEN ANTHONY HENRY “RELAX AND LOVE”
(Funkorama-Unique, 2008)

Askotan (gehienetan) musika munduko diskorik interesgarrienak komunikabide eta promozio kanpaina handietatik urrun osatzen dira. Glen Anthony Henry komunikabideetan oihartzunik lortzen ez duen abeslari apartaren adibidea da. Txikitatik musikarekin harreman estuan, kolaboratzaile modura aritu izan da beste musikari eta ekoizleentzat. Oraingoan, Carlo Coupe-ren laguntzarekineta 70. hamarkadako grabazio teknika erabilita, soularen eta funkiaren urrezko garaia berreskuratzen du.

ARITZ SOUND SYSTEM

GNAWA DIFFUSION - Fucking Cowboys

GNAWA DIFFUSION “FUCKING COWBOYS”

(Uncivilized World, 2007)

Gnawa, Afrika iparraldeko leinua da. XVI. Mendean Fez eta Argeleko jauntxoek Sudan mendebaldetik indarrez esklabo modura eraman zituzten iparraldera eta islamera bihurtu zituzten, nahiz eta gutxi batzuk aitzinako jainko afrikarren sineskera mantendu zuten (egun, Maroko eta Argeliako leku batzuetan mantentzen da). Gnawa Diffusion taldeak izena leinu honen omenez du eta taldeko partaideak Frantziako Grenoble hirian bizi dira. Taldeko sortzailea Amezigh Yacine da, Argeliako Kateb Yacine idazle ezagunaren semea. Taldea 1992. urtean sortu zenetik gizarteko injustiziak salatzeko erabili dute musika. Herrialde kapitalista boteretsuenek munduan zehar martxan jarri duten kolonialismo berriaren aurka borrokatzen dute eta komunikabideetan ahulek jasaten duten bazterketa salatzen dute. Arabiarrez, frantsesez eta ingelesez abesten dute eta Frantzian arabiarrez abesten duten taldeek komunikabideen aldetik jasotzen duten bazterketa pairatu dute. Musikalki; gnawa perkusio erritmoak dira taldearen oinarria eta hauei rai, reggae, ragga eta rap musikaren doinuak gehitzen dizkiete. Taldeak estudioko hiru disko ditu eta 14 urteko ibilbidea eta gero taldea desegitea erabaki dute (taldekide batzuk beste egitasmoak jarriko dituzte martxan). Jarraitzaileei esker ona erakutsi asmoz taldearen ibilbideko kantu esanguratsuenak jasotzen dituen zuzeneko diskoa grabatu dute (DVDarekin batera). Zuzeneko erritmiko eta goxoa, gnawaren mamia.

ARITZ SOUND SYSTEM

GOTAN PROJECT - LUNATICO

GOTAN PROJECT “LUNATICO-DELUXE LIMITED EDITION”
(Xl, 2007)

Azken urteetan musika munduak eman duen egitasmo bitxi eta interesgarrienetakoa da Gotan Project. Inor gutxik esango luke 1998an –Gotan Project sortu zen urtea-; Eduardo Makaroff gitarra jole argentinarrak, Philippe Cohen Solal musikari frantsesak eta Christoph H Müller ekoizle suitzarrak, tangoa eta erritmo elektronikoak bateratzea erabaki zutenean, horrelako arrakasta lortuko zutenik. Eta ordutik hona, asko dira formula hori kopiatzen saiatu direnak, horrelako emaitza onik lortu gabe. Gotan Project-eko lagunak tangoaren eta musika elektronikoaren maitale sutsuak direla argi erakutsi dute eta maitasunaz gain, musika horiekiko ezagutza handia dute. Epe luzerako egitasmoa aurreikusi zuten hasietarik eta momentuko arrakastari bizirauten jakin diote. Hezur haragizko musikariak eta makinak primeran uztartu dituzte, makinen eta gizakien arteko elkarlana, txukun eginez gero behintzat, emaitza oso onak eman ditzakeela argi erakutsiaz. 2001. urtean kaleratu zuten “La Revancha del tango” arrakastatsua eta orain, duela hilabete gutxi kaleratutako bigarren diskoaren berrargitalpena kaleratzen dute; cd gehigarri batekin (orain arte argitaratu gabeko hiru kantu eta bi bideoklipekin). “Luxozko” argitarapen honek ez du gauza berri askorik eskaintzen –soilik salmentari begira egina dagoela esango dute askok- baina egitasmo interesgarri honi buruz hitz egiteko aitzakia eman digu.

ARITZ SOUND SYSTEM

HABIB KOITE - AFRIKI

HABIB KOITE “AFRIKI”
(Cumbancha, 2007)

MALIKO KONTUAK

Sei urte igaro dira Habib Koitek azken lana kaleratu zuenetik baina itxaronaldiak merezi izan du. Lan berriak Afriki izena du (Afrika Maliko Bambara hizkuntzan) eta Afrikar kontinenteko hainbat osagai jasotzen ditu. Habib Koite, Afrikako mendebaldean kokatuta dagoen Mali herrian jaio zen 1958. urtean. Griot sendikoa da; hau da, festak eta ospakizunak alaitzen dituzten trobadoreen semea da. 1988. urtean Bamada taldea osatu zuen (Bamada, Mali hiriburuko Bamakoko biztanleak izendatzeko erabiltzen den izena da eta krokodiloaren ahoan esan nahi omen du). 1992. urtean, Natale kantuak arrakasta handia izan zuen frantses estatuan eta horri esker, Afrikatik kanpo kontzertuak eman ahal izan zituen (Euskal Herrian ere bere zuzenekoarekin gozatzeko aukera izan genuen). Disko berria, hiru kontinenteetan grabatu du eta musika munduko kolaborazio ugari izan ditu; horien artean, Ali Farka Toure musikariarekin lan egin zuen Hassey Sarré biolin jolea, edo James Brownekin aritutako Pee Wee Ellis haize sekzioan. Habib Koitek estilo propioa garatu du; Maliko musika tradizionalean oinarrituta dago (Nta Dima kantuan adibidez animalien hezurrekin egindako haize instrumentuak entzun daitezke) baina mendebaldetik iritsitako eraginak ahaztu gabe. Oinarrian, gitarraren maisu honek, musika atsegina eta goxoa eskaintzen du, topikoak diren afrikar perkusio bizietatik urrun.

ARITZ SOUND SYSTEM

HERBIE HANCOCK - River

HERBIE HANCOCK “RIVER (THE JONI LETTERS)”
(Verve, 2007)

Musikariak estiloen mugen gainetik egan egiten dutenaren beste adibide. Oraingoan, azken urteetan jazz musikak izan duen musikari fin eta dotoreenetako batek, Herbie Hancock alegia, pop eta rock mundukoa omen den Joni Mitchell abeslaria omendu du. Kanadako abeslariaren letretan inspirazioa bilatu eta Norah Jones, Tina Turner, Luciana Souza edo Leonard Cohenekin abeslariekin batera sentiberatasun handiko diskoa osatu du. Joni Mitchelle-n zortzi kantu gehi Wayne Shorterren Nefertiti eta Duke Ellingtonen Solitude abestien bertsioak.

ARITZ SOUND SYSTEM

HORACE ANDY - Livin it up

HORACE ANDY “LIVIN IT UP”
(Medium, 2007)

Reggaearen hauskortasunaren ahotsa

Abeslari batzuk musikarekiko duten maitasuna miresgarria da. Horace Andy 16 urterekin grabatu zuen bere lehen kanta (1967. urtean) eta orduz geroztik musikaren munduan murgilduta egon da buru belarri. 70. hamarkadan, Jamaikan arrakasta handia izan zuten kantuak grabatu zituen (Skylarking, Jah Jah Children, Money is the root of the devil, e.a.) baina irlatik kanpo ez zuen horrenbesteko oihartzuna lortu (Ingalaterran izan ezik). 80. hamarkada erdialdean sustraizko reggaeak indarra galdu zuen eta reggae abeslari askorentzat oso urte gogorrak izan ziren. Kuriosoa da baina azken urteotan sustraizko reggaea jorratu duten talde eta abeslari askok Europan reggae musikak izan duen berpizkundeari esker mantendu dira. Jamaikako gazteen artean, sustraizko reggaeak ez du arrakastarik eta Europako gazte zurien sortu den zaletasunari esker “bizi” dira. Zoritxarrez, hauen artean ere, Horace Andy ere ez zen oso ezaguna eta Bristoleko Massive Attack taldearekin egindako kolaborazioei esker egin da ezaguna. Massive Attacken distira itzali da baina Horace Andy-k diskoak kaleratzen jarraitzen du. Azkena, Sly and Robbie bateri eta baxu joleen eskutik dator, eta kantu berriekin batera, 70. hamarkadako bere “klasiko” batzuk berreskuratu ditu. Donostiko Jazzaldian zuzenean ikusteko eta entzuteko aukera izango dugu aurki.

ARITZ SOUND SYSTEM

HORACE ANDY - On tour

HORACE ANDY “ON TOUR”
(Trojan, 2008)

Urteetan itzalean egon eta gero reggae musikaren abeslari ezagunenetakoa da egun (besteak beste Massive Attackekin egindako elkarlanari esker –disko berria prestatzen ari dira-). Iazko Livin It Up eta gero On Tour izenekoarekin dator orain, Jamaikan abeslariak duen grabazio estudioan grabatuta eta Trojan berrituak (Universalek erosi du) kaleratuta. Reggae klasikoa, Andy-ren ahots fina eta produkzio digitalak. Erritmo kutxak eta sintetizadoreak nagusi. Reggaearen garai pobreenak dakarzkigu gogora.

ARITZ SOUND SYSTEM

IBRAHIM FERRER - Mi sueno

IBRAHIM FERRER “MI SUEÑO”
(World Circuit, 2007)

BETETZEN EZ DIREN AMETSEN AHOTSA


Abuztuaren 6an bi urte beteko dira Ibrahim Ferrer abeslariak utzi gintuenetik. Bere heriotzatik bi urte igaro behar izan dira abeslari handi honek zuen amets handia egi bihurtzeko; hau da, boleroekin osatutako diskoa argitaratzea. Ibrahim, Santiago De Cuban jaio zen 1927. urteko otsailaren 27an. Hamabi urte zituela geratu zen umezurtz eta hamalau urterekin sortu zuen bere lehen taldea (Los Jovenes del Son). Cubako musikaren kantu ederrak abestu zituen 80. hamarkada amaieran musika mundua utzi zuen arte. Afro Cuban All Stars taldearekin bueltatu zen musika mundura 1997an eta Ry Cooderrek bultzatutako Buena Vista Social Club ekimenari esker egin zen ezaguna nazioarte mailan. Bakarlari modura 1999. urtean kaleratu zuen lehen diskoa eta orain, bere bizitzako ametsetako bat egi bihurtu da eta bolero klasikoekin osatutako diskoa kaleratu da. Cubako Antzoki Nazionalean grabatuta dago eta diskoan, Ibrahimen ohiko lagun musikariekin batera, besteak beste, Ruben Gonzalez (pianoa), Ry Cooder (ekoizpena “Melodia del Rio” kantuan) eta Omara Portuondok (ahotsak “Quizas quizas” kantuan) hartu dute parte. Guztira Cubako bolero erromantikoaren klasikoak diren 12 kantu entzun daitezke, Ibrahimek bere gustura moldatuta. Mugak apurtzen dituen musika da eta estiloen gainetik, musika zaletu orok gozatzeko modukoa. Argi distiratsuetatik urrun, itzalean, musika maitatu eta musika maitarazi egin duten abeslarien omenaldi ederra.

ARITZ SOUND SYSTEM

ISMAEL LO - Senegal

ISMAEL LO “SENEGAL”
(Wrass, 2006)

Gure artean zinemari esker duela gutxi ezaguna egin bada ere, Ismael Lo-k urteak daramatza musika munduan (22 disko kaleratu omen ditu dagoeneko). Abesteko duen era goxoari eta konposatzen dituen balada ederrei esker berehalako arrakasta lortzen duen abeslaria da. Azken diskoa bere jaioterriaren omenaldia da eta bertan, 13 kantu berrirekin batera kantu ezagun bat berreskuratzen du. Maiatzaren 22an Donostian eskainiko du kontzertua. Ezinbestekoa.


ARITZ SOUND SYSTEM

ISRAEL VIBRATION - Stamina

ISRAEL VIBRATION “STAMINA”
(Mediacom, 2007)

Jamaikar musikaren zaletuentzat ezinbesteko taldea da Israel Vibration. Hirukotea hasieran (1976an kaleratu zuten lehen diskoa), bikote bilakatu da orain (Apple bakarlari modura dabil). Hasieratik sustraietatik edaten duen reggae musika defendatu dute eta defentsa hori azken disko honetan ere atzeman daiteke. Urteetan bidai lagun izan dituzten Roots Radics taldeko beteranoekin grabatu dute, Sly Dunbarren kolaborazioarekin. Zorionez, beste reggae abeslari askok ez bezala, diskoak grabatzeko behar duten denbora hartzen dute.

ARITZ SOUND SYSTEM

JACOB MILLER - Lives on

JACOB MILLER “LIVES ON”
(Vp, 2008)

Amerikako reggae banatzaile handienak aurrera darrain 70 eta 80. hamarkadetan kaleratu zen sustraizko reggaearen berreskuratze lanetan. Oraingoan, Jacob “Killer” Miller abeslariari iritsi zaio txanda. Inner Circle taldearen abeslaria izandakoak (1980. urtean kotxe istripu batean hil zen) ospe izugarria zuen jamaikarren artean. 70. hamarkada amaieran kaleratutako Lives On diskoa oinarri hartuta, kantuen bertsio luzeak eta bereziak entzuteko aukera dugu diskoan.

ARITZ SOUND SYSTEM

JAMIROQUAI - High Times singles 1992-2006

JAMIROQUAI “High Times singles 1992-2006”
(Sony, 2006)
Soul, funk eta disko musikaren kopiak eginez, komertzialtasunaren eta kalitatearen arteko oreka lortu du. Bilduma honetan, bi kantu berriekin batera, taldearen kantu ezagunenak biltzen dira. Jay Kay, taldeko abeslari eta burua, gazte “ekologista” izatetik, luxuzko autoen bilduma egitera pasa den aberats berria da. Ez du diru gehiago merezi.

ARITZ SOUND SYSTEM

JIMI TENOR & KABU KABU - JOYSTONE

JIMI TENOR & KABU KABU “JOYSTONE”

(Ubiquity, 2007)

Pertsonai bitxia da Jimi Tenor. Finlandian jaioa, 70. hamarkadako soul, funk eta techno musikak izan ditu eragin handienak. Sähkö, Warp edo Kitty-Yo bezalako diskoetxekin grabatu du. Musikaren adar guztietara irekia dago eta kaleratu dituen diskoetan aniztasun handia atzeman daiteke. Azken honetan, Fela Kutiren kolaboratzaile izandako Kabu Kabu izan du lagun eta Helsinkin grabatu dute bertako jazz musikari finekin. Emaitza jazz, pop, funk eta afrikar erritmoen arteko uztarketa ederra.

ARITZ SOUND SYSTEM

JOE HIGGS - LIFE OF CONTRADICTION

JOE HIGGS “LIFE OF CONTRADICTION”
(Pressure sounds, 2008)

Bizitza kontradikzioz beteta dago. Jamaikar musikaren garapena ulertzeko ezinbesteko izena da Joe Higgs-ena. Kingston hiriburuko Trenchtown ghettoan jaioa, gaztetik poliziaren jazarpena jasan zuen, rasta ideiak defendatzeagatik (oso errespetatua zen ghettoko txiroen artean). Bere etxe xumean eskolak ematen zizkien ghettoan abeslariak izan nahi zuten gazteei eta, besteak beste, bere klaseak jaso zituzten Bob Marley, Peter Tosh, Bunny Wailer, Jimmy Cliff, Bob Andy eta garaiko beste abeslari ezezagun asko. Sentimenduekin abestera erakutsi zien, sonoritatea baino garrantzitsuagoa zela esaten zien.. Era berean, euren kantu propioak sortzera animatzen zituen; reggaean produktoreek musika egin eta abeslariek musika horren gainean ahotsa jartzea da ohikoena. Desberdintasun handia dago norberak sortutako musikaren gainean abestea edo beste batek sortutako musikaren gainean abestea. Denborarekin, ikasleak famatu egingo ziren eta bera, bitartean, disko gutxi batzuk kaleratu zituen soilik. 1999. urtean hil zen AEBetan minbiziak jota. Orain aurkezten dugun diskoa bere lehen iraupen luzea izan zen eta 1975. urtean kaleratu zuen. Reggae zaletuen artean ere, guztiz ezezaguna bada ere, ezinbesteko diskoa da, bereziki, reggaearen eta rhythm&bluesaren arteko harremanaren maitale direnentzat. Edizio berri honetan binilozko disko originalean zeuden hamar kantuekin batera bi “bonus track” sartu dituzte.


ARITZ SOUND SYSTEM

JOSE JAMES - The dreamer

JOSE JAMES “THE DREAMER”
(Brownswood, 2008)

Jose James abeslariaren ametsa egi bihurtu da: diskoa kaleratzea. Horretarako, Gilles Peterson disko jartzaile eta BBC-ko irrati esatari ezagunak sortutako diskoetxearen laguntza izan du. Gilles Petersonen ibilbidea ezagututa bi ondorio atera ditzakegu; batetik, musikalki maila altuko diskoa dela eta bestetik, estiloei dagokionez, soularen eta jazz berriaren bideari jarraitzen diola. Diskoa entzunda esandakoa baieztatzen da. Terry Callier eta Jon Lucien abeslariekin parekatzen dute batzuk.

ARITZ SOUND SYSTEM

Jill Scott - Collaborations

Jill Scott “Collaborations”
(Hidden Beach, 2007)

Soul musikaren urrezko aroa 60. hamarkada izan zela esan ohi da. Zorionez, soul musikak jasan duen garapenaren barruan, alde komertzialena baztertzen duten abeslariak asko dira. Arrakasta lortzen dutenen artean berriz, plastikozko panpinak dira nagusi. Jill Scottek, arrakastaren eta kalitatearen artean oreka posible dela erakutsi du. Soularen arimari muzin egin gabe garai berrietara moldatzen jakin du eta garai hauetan, musika beltzaren ahots esanguratsuenekin egindako elkarlanen bilduma osatu du/diote.


ARITZ SOUND SYSTEM

KENNY WAYNE SHEPHERD - 10 Days out

KENNY WAYNE SHEPHERD “10 DAYS OUT”
(Reprise/Wea, 2007)

Blues gitarra jole gazte honek bi helburu nagusi izan ditu disko/dvd hau kaleratzeko garaian; batetik, maite duen musikaren sustraiak bilatu eta bestetik, sustrai horiek irudikatzen dituzten blues abeslari eta musikari beteranoak omendu. Horretarako, Double Trouble izeneko sekzio erritmikoarekin batera, AEBetako hegoaldea zeharkatu du eta blues musikaren aurpegi ezagun eta ez ezagunekin zuzenean grabatu ditu kantuak, tokian tokiko taberna zulo keotsuak eszenatoki modura erabilita.

ARITZ SOUND SYSTEM

KENYATTA CULTURE HILL - Pass the torch

KENYATTA CULTURE HILL “PASS THE TORCH”
(Tafari records, 2007)

Reggae zaletuentzat Culture taldea ezinbesteko taldea da. 30 urtez, Joseph Hill-ek zuzendutako taldeak, sustraizko reggaearen bidea jorratu du. Urte bete pasa da Joseph Hill-ek utzi gintuela, eta orain, Kenyatta semeak aitaren bideari jarraituz, diskoa kaleratzen du. Aitak utzitako lekukoa hartu eta reggae klasikoaren doinuetan murgiltzen da. Diskoan, Kenyattaren zazpi kantu eta Joseph Hill-en beste zazpi kantu (orain arte argitaratu gabeak omen direnak) entzun daitezke.

ARITZ SOUND SYSTEM

KY-MANI MARLEY - Radio

KY-MANI MARLEY “RADIO”
(Vox Music, 2007)

Musikaren munduan bere anaiak baino beranduago hasi bazen ere azken urteetan etengabe aritu da kantuak grabatzen eta diskoak kaleratzen. Horretaz gain, aktore lanetan ere aritu da Jamaikan arrakasta handia lortu duten hainbat filmetan (“Shottas” (2002), “One love” (2003), etab.). Orain aurkezten digun diskoa estudioan grabatutako laugarren iraupen luzea da eta, “The Journey” izenekoan egin bezala, reggae klasikoaren doinuak baino rap eta soul berriaren bideari jarraitzen dio.

ARITZ SOUND SYSTEM

LA PEGATINA - Al carrer

LA PEGATINA “AL CARRER”
(Sukha, 2007)

Hiriko rumba. Izen hori jarri diote La Pegatina taldeko kideek egiten duten musikari. Oinarrian rumba, reggae, ska eta festa giroa nonahi. 90. hamarkada erdialdean indarrean egon zen “patxangaren” jarraitzaileak; Mano Negra, Macaco, Color Humano, etab. Mestizaia esaten zioten. Diskoa katalanez, galegoz eta gazteleraz abestua dago eta diskoan; besteak beste, Che Sudakako Leo & Kachafaz, Radio Bembako Gambeat (abesti guztietan baxua jotzen du) eta Manu Chaok ( “o Camareiro” kantuan abestu du) hartu dute parte.

ARITZ SOUND SYSTEM

LAURYLL HILL - Ms Hill

LAURYLL HILL “MS HILL”
(Think Differently, 2008)

Fugees taldean abesteagatik egin zen ezaguna eta bakarlari modura ere arrakasta handia lortu zuen “Miseducation of” eta “Unplugged” diskoengatik. Azken hamarkadan, AEBetan egin den rap eta soul berriaren erreferente izan da. Kantu berriak jasotzen dituen diskoaren faltan, nahasketa bereziak, erremixak, argitaratu gabeko kantuak eta beste abeslari eta musikariekin egindako kolaborazioekin osatu dute diskoa (D'Angelo, Rah Digga eta John Forte, besteak beste). Gatzik gabea.

ARITZ SOUND SYSTEM

LEE PERRY - Chicken scratch

LEE PERRY “CHICKEN SCRATCH”
(Heartbeat, 2008)

Lee Perry aitzindaria izan zen bere garaian. Black Ark diskoetxearekin soinu propioa eta berezia sortu zuen eta gaur egungo musika ulertzeko ezinbestekoak diren grabazio teknikak landu zituen. Urteetan itzalean pasa eta gero, azken aldian merezitako errekonozimendua jaso du. Honek disko berriak kaleratzeko aukera eman dio (aurten bertan Repentance izenekoa kaleratu du) baina guk, zalantzarik gabe, 60-70 urteetan ekoizle bezala kaleratutako diskoak nahiago ditugu. Oraingo berrargitalpen honek, ska garaiko grabazioak jasotzen ditu.

ARITZ SOUND SYSTEM

LORENZO JOVANOTTI - SAFARI

LORENZO JOVANOTTI “SAFARI”
(Universal, 2008)

Belarriak zabalik edukitzen saiatu arren, munduan egiten den musika gehienak ihes egiten digula konturatzen gara. Italian egiten den musikaz, adibidez, ez dugu informazio gehiegi. Lorenzo Jovanotti, abeslaria eta kantu egilea, hogei urte darama diskoak kaleratzen, eta guk, orain ezagutu dugu, azken diskoan Michael Franti, Sly & Robbie, Sergio Mendes edo Ben Harper bezalako musikariek parte hartu dutelako. Mundura begira dagoen italiar kantautorea.

ARITZ SOUND SYSTEM

LUCIANA SOUZA - THE NEW BOSSA NOVA

LUCIANA SOUZA “THE NEW BOSSA NOVA”
(Verve, 2007)

50 eta 60. hamarkadetan, Brasilgo musikari askok jazz musikan oinarritu ziren bossa nova deituko zen musika sortzeko garaian. Bossa Novak aspaldian lortu zuen nazioarteko errekonozimendua eta horren adibide da, Verve jazz diskoetxe ezagunak, Luciana Souza abeslari brasildarraren diskoa kaleratu izana. Luciana Souza ez da bossa novaren izen ezagunenetakoa baina oso preziatua da bossa eta jazzaren jarraitzaileen artean. Oraingoan Joni Mitchell, Sting, Leonard Cohen edo Randy Newmanen musikaren gainean abesten du.

ARITZ SOUND SYSTEM

LUCKY DUB - Respect

LUCKY DUBE “RESPECT”

Errespetua. Hori da Lucky Dube bezalako musikariek merezi dutena. Errespetua zen bere musikaren bidez aldarrikatzen zuena, errespetua txiroentzat eta ahulentzat. Hirtzez eta ekintzez. Hego Afrikan jaio zen eta apartheideko urte gogorrenak bizi izan zituen. Reggae musikaren bidez iraultza mezuak zabaltzen zituen. Urriaren 18an, tirokatuta erail zuten Johanesburgon. Komunikabide “handiek” ez dute bere aipamenik egingo baina guk, lerro hauen bidez, benetako izarrek merezi duten oroitzapena aldarrikatzen dugu.

ARITZ SOUND SYSTEM

LUCKY PETERSON WITH ANDY ALEDORT - TETE A TETE

LUCKY PETERSON WITH ANDY ALEDORT “TETE A TETE”
(Jsp, 2007)

Lucky Petersonek musika mundutik edan du txikitatik. Bere aita blues areto bateko nagusia zen eta txikitatik bluesman handien kontzertuetan murgilduta egon da. Agian hori dela eta Lucky Petersonen kontzertuek zerbait berezia dute eta berehala ikus entzuleekin harreman berezia sortzen da. Aurrekoetan bezala azken lan honetan ere blues dotorea entzuteko aukera dugu; funk eta soularen eragina nabariarekin. Oraingoan Guitar World aldizkariko Andy Aledort izan du gitarran bidai lagun.

ARITZ SOUND SYSTEM

MAK - SUAREN GARAI ERRAUTS ERREKAI

MAK “SUAREN GARAI ERRAUTS ERREKAI”
(Autoekoizpena, 2007)

“Indigenas! Somos indigenas! Euskaldunak! Eta beste minoritateak! Aizkorak ez badira nahiko karga kanoiak! Hemen zutik aro ero bero diren indigenak! Indigenak! Gira indigenak! Azal gorri eta apatxe urbanoak! Ez gira gu izango azken Mohikanoak! Hemen zutik aro ero bero diren indigenak!”. Musika mezuak zabaltzeko tresna ezin hobea dela esan ohi dugu. Musikaren zuhaitz aberatsaren barruan rap musika, mezuak zuzenean zabaltzeko oso aproposa da eta, Selektah Kolektiboa edo MAK bezalako taldeek, argi erakutsi dutenez, euskarak (beste edozein hizkuntzak bezala) ez du muga musikalik. Musika Armatu Komandoko lagunak bueltan dira bigarren diskoarekin eta oraingoan, kolaboratzaileen gudarostea dute ondoan; Aire Ahizpak, Sorkun, Fat Fish, Jon Maia eta Igor Elortza bertsolariak, Menzo, Mirza, Staff, Moro Bad Sound System eta Txomin Human Beat Box.. Musikalki rap erritmoak dira nagusi (rockaren eragina ezin uka), abesti landuak, sampler ugari eta hezur haragizko musikariak; bateria, baxu/kontrabaxua, teklatuak, gitarra, pianoa eta tronpeta. Zuzenean ere musikariekin osatutako ikuskizuna prestatu dute. Diskoaren osagarri, digitalean, kantuen letrak eta Denok Ala Inor Ez kantuaren bideoklipa. “Ekintza hitza baino hobe Mikro mizto, arima mintzo, bainan beno ba, Ekintza hitza baino hobe, Orekaren bila gelditu gabe, Ekintza hitza baino hobe, Ekintza zuzena sekulan geldi gabe”.


ARITZ SOUND SYSTEM

MALA RODRIGUEZ - MALAMARISMO

MALA RODRIGUEZ “MALAMARISMO”
(Universal, 2007)

Rap musikak estatuan duen arrakastaren eragileetako bat da. Raparen eremuak gainditu eta rap zaletu amorratua ez den entzulearengana iristen jakin du. Pertsonalitate bereziko abeslaria da eta ez zaizkio mugak gustatzen. Hori dela eta agian, estatu espainiarrean egiten den rap musikari haize freskoa ekarri dio. Disko berri honetan Griffi (Solo Los Solo) ekoizlearen eskua nabari da eta luxuzko kolaboratzaileez inguratu da (Raimundo amador, Julieta Venegas, Dj rectangle, e.a.).

ARITZ SOUND SYSTEM

MALIK ADOUANE - The Orient meets funk & soul

MALIK ADOUANE “The Orient meets funk & soul”
(Emi, 2007)
Bere burua Rai musikaren berritzailetzat aurkezten du eta egia da, funk eta soul musikaren klasikoak arabiar musikaren ikuspegitik berregitea ideia interesgarria dela oso. Diskoa entzunda ordea, komertzialtasunak alferrik galdutako ideia dela uste dugu. Ea norbaitek duintasun gehiagorekin ekiten dion lanari.

ARITZ SOUND SYSTEM

MALOUMA - Nour

MALOUMA “NOUR”
(Marabi/Harmonia Mundi, 2007)

Tradizioa eta “modernitatearen” artean zubi lanak egiten dituen disko horietakoa da Maloumaren Nour diskoa. Blues musikaren sustraiak bilatzen dituztenentzat argibide izan daiteke (Maloumari “basamortuko blues emakumea deitzen diote). Mauritania bezalako herri gatazkatsuan (2005. urtean estatu golpea jasan zuen) emakumeek duten egoera ikusita, azpimarratzekoa Maloumak lortu duen oihartzuna. Diskoan Mauritaniako musika tradizionalarekin batera (blues afrikarra), reggae eta musika elektronikoa ere entzun daitezke kantu batzuetan.

ARITZ SOUND SYSTEM

MANU CHAO - La radiolina

MANU CHAO “LA RADIOLINA”

(Because Music, K Industria, 2007)

Cada día me miro / en un mundo al revés / cada día me veo / en un mundo tan fierro / cada día es un día / y un volver a nacer / cada día una suerte / pa saber alcanzar / cada día yo grito / a la luna mi celo. Cada día es absurdo / como un pozo al caer / cada día me río / para no despreciar / la muerte es un regreso / que tendrá que esperar / porque yo voy pal frente / de este mundo demente. Y cada día yo lucho / para no decaer / cada día me espanto / de tanto rebuscar / cada día rabiando / saltando en la sartén / con mi zapato ardiendo / en busca libertad / cada día me veo / en un mundo al revés / cada día me veo / en un mundo tan feo / cada día me espanto / porque si no me muero / cada día me olvido / en un mundo al revés. Mundu zoroan bizi gara eta norabide okerrean doa. Alderantzizko norabidea. Korrontearen kontra igeri egiten dutenek ez dute oihartzun handiegirik izaten. Manu Chao da salbuespena. Nazioarteko musika eta komunikazio enpresa handienen babesa izan gabe ere, mundu osora iristea lortu du. Irrati txiki mugikorra da berea eta eskuz esku doa. Manu Chaok ez du presarik. Pauso lasaia eta sendoa da bera. 1998an “Clandestino” diskoarekin hasitako bideari eutsi dio. 2001ean kaleratu zuen “Proxima Estación: Esperanza” eta orain, sei urte eta gero, “La Radiolina” diskoa kaleratu du. Tartean, Radio Bembaren zuzenekoa, "Sibérie m'était contéee" diskoa (2004. urtean estatu frantsesean kaleratuta), Amadou eta Mariam-en diskoaren ekoizpena, hainbat taldeekin elkarlana eta ehunka kontzertu mundu osoan. Musikalki, ez dugu aldaketa handiegirik aurkituko (ukitu rockeroagoa agian) baina bere estiloen nahasketa bitxiarekin hasieratik lortu zuen freskotasuna mantentzen du (reggae, rock, folk, afro eta latindar erritmoak, etab.). Itxuraz sinplea den collage izugarria da berea, koloretsua eta bizia. Azala eta mamia.

MANU CHAO - Rainin in paradise

MANU CHAO “RAININ IN PARADIZE” (EP)
(Because Music, 2007)

Abuztuaren 27an kaleratuko omen da Manu Chaoren disko berria, “La Radiolina” izenarekin. 19 kantu izango ditu eta diskoaren aurrerapen modura lau kantuz osatutako maxi hau kaleratu dute; diskoko kantu bat (bi bertsio desberdinetan) eta diskoan azalduko omen ez diren beste bi kantuz osatuta. Musikalki Manuren bakarlari garaiko estiloa mantentzen da (kutsu rockeroagoa agian). Aurrerapen lan honen kantu nagusiaren bideoa Emir Kusturica zingileak egin du.

ARITZ SOUND SYSTEM

MARCIA GRIFFITH - PLAY ME SWEET AND NICE

MARCIA GRIFFITH “PLAY ME SWEET AND NICE”
(Trojan, 2007)

Gizarte bereziki matxista da jamaikarra. Kontrakoa iruditu daitekeen arren gehiengoa kristaua da (protestanteak) eta oso ohikoa da haurrak bakarrik hezi behar dituen emakumeak ikustea (aitak beste emakume batekin ospa egin duelako). Musikan ere emakumeak bigarren maila batean egon dira nahiz eta Marcia Griffith bezalako abeslariek arrakasta handia duten irlan. Nazioartean, Bob Marleyrekin koroak egiteagatik ezaguna, bakarlari modura 1974ean kaleratutako diskoa berreskuratu du Trojan diskoetxeak.

ARITZ SOUND SYSTEM

MARCUS MILLER - Free

MARCUS MILLER “FREE”
(Dreyfus, 2007)

BAXUAREN AZTI ETA MAISU

Marcus Miller, musikaren pisu astuna da. Guztiaren gainetik musikaria da, letra larriz idatzita. Bizitza osoa musikari eskaini dio eta, merezimenduengatik balitz, komunikabideetan etengabe azaltzen diren “musikaren izar” ezagunak baino ezagunagoa behar luke izan. Hamahiru urterekin klarinetea, pianoa eta baxua jotzen zituen eta hamabost urte zituela New York hiriko areto askotan jotzen zuen zuzenean. Berehala grabazio estudioetako musikari kotizatua bilakatu zen eta Aretha Franlin, Roberta Flack, Groover Washington jr. edo Bob james bezalako jendearentzat grabatu zuen. Miles Davisekin ere aritu zen elkarlanean eta Davisen baxulari kuttuna izan zen. Estudioko grabazioak zuzeneko emanaldiekin eta beste musikari eta taldeentzat egindako ekoizpen lanekin uztartzen jakin du eta berarekin lan egin dutenek, langile sutsua izateaz gain, harremanetarako dohain berezia duela diote. Bere izenpean kaleratzen dituen diskoetan urteetan jasotako jakintza islatzen du; estudioko musikari onenetakoaren esperientzia, jazzaren barruan dauden bide desberdinak uztartzen dituen musika sortzailea eta estiloen edo aurreiritzien mugak apurtzen dituen ekoizlea. Eta guzti hori gutxi balitz, laguntzaile papera izan duen instrumentua (baxua) protagonista bilakatzen jakin du. Hausturarik gabe etengabe garapenean dagoen musikaria da. Disko berri honetan, kantu propioekin batera hainbat bertsio ere entzun ahal dira.

ARITZ SOUND SYSTEM

MARCUS MILLER - Marcus

MARCUS MILLER “MARCUS”
(Concord Records, 2008)

Asko dira baxua bigarren mailako instrumentutzat dutenak. Normalean, bateriarekin batera, abestiaren atal erritmikoaren parte bezala kontsideratua dago, soilik. Reggae musikan aldiz (eta musika afro-amerikarrean orokorrean) ezinbesteko osagaia da. Marcus Miller, hamahiru urte zituela hasi zen baxua jotzen, klarinetea eta pianoarekin batera. Denborarekin, baxuaren aldeko apustu garbia egin zuen eta gaur egun, mundu mailan dauden baxu jole guztien artean, maisua kontsideratua dago. Hamabost urte zituela, Aratha Franklin, Roberta Flack, edo Groover Washingtonen estudioko musikaria zen. Baxulari trebea izateaz gain, ekoizle aparta da. David Sanbornentzat ekoiztutako lanagatik Grammy saria jaso zuen bitan (1980 eta 2000 urteetan). Musikari askorekin lan egin izan du eta hainbat pelikulen soinu banda osatu du. Bakarlari bezala kaleratu dituen diskoetan, musikalki duen aberastasuna atzeman daiteke eta oinarria jazz eta funk doinuetan badu ere, erritmo askorekin jolastea gustatzen zaio. Azken disko hau irekitzen duen kantuan adibidez, ekialde hurbileko musikari egiten dio keinua. Azken diskoetako joerari jarraiki luxuzko kolaboratzaileak bildu ditu ahotsetan; Corrine Baley, Keb Mo, Lalah Hathaway, etab. Marcus Milleren kantu propioekin batera, Miles Davis, Stevie Woner eta Tower Of Power taldeen bertsioak entzun daitezke diskoan. Oso gomendagarria

ARITZ SOUND SYSTEM

MARVIN GAYE - IN OUR LIFETIME

MARVIN GAYE “IN OUR LIFETIME”
(Hip-O records, Motown, 2007)

Ez dugu aitzaki askorik behar Marvin Gayren musikari buruz aritzeko. Soul musikak eta orokorrean musika popularrak eduki duen abeslari onenetakoa iruditzen zaigu. “What´s going on” (Motown, 1971) eta “I Want You” (Motown, 1976) diskoak edozein musika zaletuak entzun beharreko diskoak iruditzen zaizkigu. Orain berrargitaratzen duten disko honetan originalak ez zituen nahasketa berriak entzun daitezke. Motownentzat grabatu zuen azkena izan zen (1981.urtea).

ARITZ SOUND SYSTEM


MARY ANN HOBBS PRESENTS THE WARRIOR DUBZ

MARY ANN HOBBS PRESENTS THE WARRIOR DUBZ
(Planet Mu, 2007)
Musika munduan emakumeak bigarren mailan egon ohi direla eta maitasun kantu goxoekin (batzuetan lerdenekin) erlazionatzen ditugula esan dugu. Eredu horren kontrakoa da Mary Ann Hobbs. Ingalaterrako BBC 1 irrati kateko esatari ezaguna da eta kazetaritza musikalean erreferentea da. Rock “gogorra” delakoan eman zituen lehen pausoak eta orain, musika elektroniko esperimentalaz osatutako disko bilduma aurkezten digu. London hiriko lur azpian arrakasta duten dubstep doinuak entzun daitezke bertan. Disko gogorra, keotsua eta iluna da, oso iluna.

ARITZ SOUND SYSTEM

MATTAFIX - RHYTHM & HYMNS

MATTAFIX “RHYTHM & HYMNS”
(Phantom Sound & Vision, Virgin 2007)

Zorionez, geroz eta zailagoa da talde askok egiten duten musika sailkatzea, egiten duten musikari buruz hitz egiteko garaian, horrek zailtasunak ekartzen baditu ere. Mattafix taldea Marlon Roudette eta Preetesh Hirji musikariek osatzen dute; bata Karibeko San Bizente irlakoa eta bestea, London hiriko Harrow Road auzoan jaioa eta indiar etorkinen semea. Diskoan reggae, rap, blues, bangra, pop, rocka eta beste hainbat osagai elkartzen dira afrikar erritmoen presentzia handiarekin.

ARITZ SOUND SYSTEM

MAUMOUSSE - 46 03

MAUMOUSSE “46:03”
(Psilocybina records, 2007)

Zuhaitzak basoa ikusten uzten ez duela esan ohi da askotan. Batzuetan ordea, basoaren edertasunak gertuen dugun zuhaitzari jaramon handirik ez egitera eramaten gaitu. Euskal Herria, txikia izanda ere, handia da diskoen grabazioari dagokionez. Estilo batzuetan gabeziak sumatzen badira ere pauso sendoak ematen ari dira. Musika industriak bizi dituen aldaketak kalte egin die batzuei baina musikaren munduan bide berriak asmatzera eta lantzera eraman du. Hondarribin adibidez, bertako talde eta musikariek sortutako Psilocybe elkarteak lan handia egin du azken urteotan Hondarribi eta inguruko herrietako musika sorkuntzaren promozio eta zabalkundean. Dj Mauk zuzentzen duen Moumousse egitasmoa da horren adibide. Baliabide apalekin maila handiko diskoak egin daitezkeela erakutsi dute. Izen horrekin kaleratzen duten bigarren disko honetan, melodiak eta sentimenduak dira nagusi. Hezur haragizko musikariez osatutako banda sendoarekin eta seriotasun handiz aritu diren kolaboratzaile sortarekin (Carlos Noain eta Igor Obeso-Pinbol-, El Brujo, Dj Sucio –BSS, HR-, Apala-Küm-), oso disko txukuna kaleratu dute. Giro lasaiak sortu eta kantuei pertsonalitatea ematen dien melodiak nagusi, gitarra akustikoak, ornamentu elektronikoak eta ahots jokoak (euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez abestutako letrak). Sinplea bezain ederra. Topikoetatik eta estiloen mugetatik ihesi.

ARITZ SOUND SYSTEM

MICHAEL FRANTI & SPEARHEAD - ALL REBEL ROCKERS

MICHAEL FRANTI & SPEARHEAD “ALL REBEL ROCKERS”
(Anti, 2008)

AEBetatik iristen zaigun kultur bakarraren erasoa etengabea da. Munduko herrialde “aurreratuena” omen denak nola jantzi, zer jan, nola kontsumitu eta zer pentsatu eta sentitu behar dugun “erakutsi” nahi digu etengabe. Komunikabideetan ikusezinak badira ere, “inperioaren” barruan, pentsamendu bakarraren kontra borrokatzen dutenak egon badaude. Michael Franti da horietako bat. Harrigarria da horrelako maila duen musikaria guztiz ezezaguna izatea gure artean. Harrigarria? Erkidegoko komunikabide publikoaren lelo batek honela dio: “kontatzen dizugun guztia ikusten duzu”. Kontatzen diguten guztia ikusten omen dugu baina ikusten dugun guztia ez dute kontatzen. Michael Frantiren lehen pauso musikalak The Beatnigs eta The Disposable Heroes of Hiphoprisy taldeetan eman zituen. Technoaz eragindako rap eta rock industrial gogorraren garaiak ziren. Spearhead taldearekin ordea soularen, jazzaren, reggaearen eta funkaren eragina jaso zuen. Michael Franti & Spearhead bezala kaleratu dituen diskoetan aniztasuna da nagusi; estiloen mugak apurtu eta era guztietako doinuetara irekia dagoela argi erakutsi du. Azken disko honetan ere estilo anitzeko doinuak elkartzen dira nahiz eta azken diskoetako joerari jarraituz, jamaikar kutsuko erritmoek nagusitasuna lortu dute (besteak beste, Cherine Anderson eta Zap Mamaren ahotsen laguntza izan du). Musika ederra AEBetan iraultza haziak landatzeko.

ARITZ SOUND SYSTEM

MICHAEL ROSE - The saga

MICHAEL ROSE “THE SAGA”
(Love Injection, 2007)

Ezaguna da jamaikar abeslariek diskoak kaleratzeko duten erraztasuna (beharra askotan). Jamaikar musika industriaren funtzionatzeko erak ahalbideratzen du hori, eta askotan, diskoen kalitatearen kalterako izan ohi da. Michael Rose reggae abeslaria, ezaguna egin zen Black Uhuru taldeko kide izanagatik. Bakarlari modura indartsu dabil, eta bere jarraitzaile garenontzat, poztekoa da kaleratzen dituen disko guztietan mantentzen duen maila altua. 21. mendeko sustraizko reggaea.

ARITZ SOUND SYSTEM

MICK HUCKNALL - TRIBUTE TO BOBBY

MICK HUCKNALL “TRIBUTE TO BOBBY”
(Rhino, 2008)

Azken aldian, musika munduko abeslari ezagun askok inspirazio iturri dituzten musikariei omenaldia egiteko joera dago. Simply Red taldeko sortzaile eta abeslari nagusiak, Mick Hucknallek, bakarlari modura kaleratzen duen lehen disko honetan, Bobby "Blue" Bland abeslariaren hamabi abestien bertsioak egin ditu. Agian, bluesaren ezkatak falta zaizkio baina disko eder honek, itsasoetako uhandrearen deiaren eragina izan dezake bluesaren arrotzak direnentzat.

ARITZ SOUND SYSTEM

MIGHTY DIAMONDS - INNA DE YARD

MIGHTY DIAMONDS “INNA DE YARD”
(Makasound, 2008)

Reggae musika biluzik. Kalean abestuta(yard edo ghettoan) eta gitarra akustikoa eta perkusioaz lagunduta, soilik. Horrela sortu dira reggae musikaren (eta baita beste estilo askotan ere) kantu ederrenak. Ahotsa, gitarraz eta perkusio batez lagunduta, estudioko ekoizpenetik aske. Eta ekoizpenak garrantzia izugarria duen jamaikarra bezalako musikan, luxu handia da melodia propioak sortzen dituen hirukote honen kantu ezagunenak era akustikoan entzun ahal izatea.

ARITZ SOUND SYSTEM

MO HORIZONS - SUNSHINE TODAY

MO HORIZONS “SUNSHINE TODAY”
(Agogo records, 2007)

Globalizazioa modu positiboan ulertuta. Mo´Horizonseko Ralf Droesemeyer eta Mark 'Foh' Wetzler-ek musikak muga fisikorik ez duela erakutsi dute azken zortzi urteotan kaleratu dituzten diskoetan. Estudioko laugarrena da hau eta mundu osotik egin dituzten bidaietan jasotako musika altxorren bilduma da; Europa, Afrika, AEBak eta Hego Amerikako musika desberdinen osagaiak erabili dituzte; beti ere, fondo elektronikoa oinarri dutela. Zazpi herrialdeetako bost abeslari eta hamar musikarik hartu dute parte.


ARITZ SOUND SYSTEM

MORCHEEBA - Dive deep

MORCHEEBA “DIVE DEEP”
(Ultra Records, Pias 2008)

POP ETA FOLKAREN BIDEAN

90. hamarkada erdialdean, Ingalaterran, Godfrey anaiek (Paul Godfrey disko jartzailea eta Ross musikaria) Morcheeba egitasmoa jarri zuten martxan. Anaiek musika konposatzen zuten eta ahotsak berriz Skye Edwards-ek jartzen zituen. Trip-hop eta Bristol soinua deitu zenaren garaiak ziren; erritmoetan abiadura pausatuak eta setazko makinen nagusitasuna. Soularen ahotsak jazz, blues, dub, funk eta raparen oihartzunak zituen melodiaren gainean. Giro lasai eta atseginak sortzeko aproposak. “Who Can You Trust” (1996) eta “Big Calm”(1998) garai eta estilo horren erreferente bilakatu ziren. Skye Edward abeslariak taldea utzi ondoren noraezean ibili da egitasmoa. Urteak igaro dira eta musikak garapena izan du. Daisy Martey abeslariak saiakera egin zuen baina Edwardsek utzitako oinazeak zama handiegia zuen. Hiru urte igaro dira Morcheebak aurreko lana kaleratu zuenetik (Antidote, 2005) eta disko berrian bost abeslari desberdinek jartzen dituzte ahotsak. Base erritmikoetan ez da aldaketa handiegirik nabarmentzen (pop eta folk kutsuko doinu gehiago daude orain) baina abesteko eran, abeslari bakoitzak bere ezaugarriak gehitzen dizkio (pop eta folk aldera batzuk, soul eta rap aldera besteak). Laburbilduz, blues eta dub musiken eraginek hasieran ematen zioten iluntasuna galtzen doa pop eta folkaren argitasunaren mesederako. Zurrunbilorik gabeko musika goxo, melodiko eta atsegina bilatzen dutenentzat egokia.

ARITZ SOUND SYSTEM

MUCHACHITO BOMBO INFIERNO-Visto lo visto

MUCHACHITO BOMBO INFIERNO “Visto lo Visto”
(El Orfanato Electrico, 2007)

Muchachito Bombo Infierno, kaleko izpirituaz jantzitako taldea da. Kiko Veneno, Ojos de Brujo, Dusminguet, Macaco edo Color Humano bezalako taldeen “mestizaiaren” iturritik edan dute eta reggaea, rocka, sona, salsa edo rumbaren odola daramate gorputzean (Rumboxing estiloa egiten omen dute; rumba eta swinga aurrez aurre). Inprobisatzerako eta zuzeneko ikuskizunerako beti prest. Taberna usaia du talde honek egiten duen guztia; tabernako solasaldi, kea eta festaren usaia.

ARITZ SOUND SYSTEM

MYKAL ROSE - Passion of life

MYKAL ROSE “Passion Of Life”

(Jet Star, 2007)

Jamaikar abeslari eta musikari askok bezala, Mykel Rosek musikarekiko pasioa erakusten du. 70. hamarkadan kantak grabatzen hasi zenetik ez du etenik izan. Black Uhuru taldearen ahots nagusi izan zen garaian lortu zuen nazioarteko errekonozimendua eta bakarlari modura kaleratzen dituen diskoetan, errekonozimendu hori mantentzeko arrazoiak eskaintzen ditu. Disko berri honetan, sustraizko reggaearen bideari jarraitzen dio (dancehall erritmoak alde batera utzita).

ARITZ SOUND SYSTEM

Marvaking - Soul sistah

MARVA KING “SOUL SISTAH”
(Expansion, 2006)

Hasiera batean soul berriaren –adituek R&B deitzen diote- beste aurpegi eder baten aurrean gaudela iruditu daiteken arren, Marva King, salmentarako kontsumotik haratago doa. Diskoaren azalak duen irudi tipiko-topikoa kenduta, diskoaren musika arakatzen hasi eta berehala konturatuko gara, gaur egun egiten den soul musikaren disko landu eta konplexu baten aurrean gaudela. Ekoizpen landua du eta kantu propio zein bertsioekin osatutako disko sentibera eta ederra da.

ARITZ SOUND SYSTEM

NATACHA ATLAS - ANA HINA

NATACHA ATLAS “ANA HINA”
(World Village, 2008)

EKIALDEA ETA MENDENBALDEA BAT EGINDA

Etno Techno delakoaren izar nagusietakoa da eta musikaren bidetik ekialdeko eta mendebaldeko kulturen arteko zubi sendoak eraiki ditu. Aita egipziarra (Maroko eta Palestinako arbasoekin) eta ama ingelesa ditu. Bruselasen jaio zen baina gurasoak banandu zirenean amak Ingalaterrara eraman zuen. Ingalaterran ez zen inoiz gustura sentitu eta bizitzeko gustuko izango zuen lekuaren bila hasi zen bidaiatzen. Ingalaterraz gain, Egipton, Belgikan, Turkian eta Grezian bizi izan da (egun AEBetako Washington hirian bizi da). Bizitzan bezala, musikalki ere, asko bidaiatu du eta egitasmo desberdinetan parte hartu du. Mandanga salsa taldea, Jah Wooble, Balearic Beat eta Transglobal Undergrounden eman zituen lehen pausoak. Azken hauekin lortu zuen nazioarteko oihartzuna. Herrialde desberdinetako erritmo etnikoak base elektronikoekin nahasten zituzten eta, beste abeslariekin batera, Natacha Atlas zen abeslari nagusia. 1995. urtean kaleratu zuen lehen diskoa bakarlari modura (Diaspora). Orain aurkezten duen diskoa zortzigarrena da bakarlari modura eta azken urteetako joerari jarraikiz, base elektronikoek nagusitasuna galdu dute eta 50 eta 60. hamarkadan egiten zen arabiar musikaren ukitu handiagoa du. Diskoan Mazeeka Ensemble izeneko taldeak parte hartu du, nazioarteko musikariekin osatutako orkestra. Haize eta perkusio landuak, melodia goxoak eta sentikortasun berezia duen Natacharen ahotsa.

ARITZ SOUND SYSTEM

NILS PETTER MOLVAER - Re vision

NILS PETTER MOLVAER “Re-Vision”

Norvegiako musikari honek, musikaren garapenaren bila dabil etengabe. Jazzaren adar klasikotik urrun, musika elektronikoak zabaldu dizkion aukerekin jolasten dabil etengabe. Egitasmo anitzetan parte hartu du, eta disko honetan, filmeen soinu bandentzat osatu dituen kantuen aukeraketa egin du. Bere esanetan, kantu horiek, irudiarekin duten lotura apurtu eta gero sortzen zituzten sentsazioak dastatu nahi zituen. Baita lortu ere. Irudiarekiko independentzia osoa edukita ere, sortzaile direla erakutsi digu.

ARITZ SOUND SYSTEM


NINA MIRANDA - ZEEP

NINA MIRANDA & CHRIS FRANCK PRESENTS ZEEP
(Far Out, 2007)

CAMDEM TOWNEKO IPANEMA NESKA

Horrela ezagutzen dute Nina Miranda musika munduan. 90. hamarkada erdialdean, Trip-Hop deitu zutenaren lehen pausoak ematen ari ziren. Musika elektronikoaren hazkundea abiadura izugarrian zihoan eta bidean tartekatzen zen guztia harrapatzen zuen. Ingalaterran musika estilo “berriak” asmatzeko joera dute etengabe. Kontrolik gabeko zerbait da. Garai hartan, Bristol hirian mugimendu handia zegoen eta bertako biztanle koloretsuen eraginez erritmo elektronikoak reggaearekin, bluesarekin, soularekin edo brasildar musikarekin elkartzeko joera izugarria zegoen. Joera horrek London hiria kutsatu zuen berehala. Nina Miranda Brasil, Ingalaterra eta Frantzia artean hezi zen. Aita brasildarra du eta ama berriz ingelesa. 1996. urtean Marc Brown musikari eta disko jartzailearekin “Underwater Love” kantua grabatu zuen. Kantuak izugarrizko arrakasta lortu zuen (besteak beste, TBko iragarki bati esker). Chris Frank musikari eta ekoizlearekin batera Smoke City taldea osatu eta “Flying Away” diskoa kaleratu zuten. Reggae, dub, bossa nova, samba, folk, jazz eta elektronikaren ukituak dituen diskoa da. Igaro ziren arrakastaren urteak eta 2001. urtetik ez dute disko berririk kaleratu. Dena den, Nina eta Chris musika eginez jarraitu dute eta orain Zeep izeneko diskoa aurkezten digute. Oinarrian ezagunak egin zituen musika egiten jarraitzen dute; dagoeneko ez da ezer berria bezala kontsideratzen baina gustura entzuten den diskoa da.

ARITZ SOUND SYSTEM

NITIN SAWHNEY - IN THE MIND OF

NITIN SAWHNEY “IN THE MIND OF”

(District 6, 2007)

Ingalaterran jaioa baina Pakistandar etorkinen semea, Nitin Sawhney-k txikitatik ezagutu zuen arrazakeriaren krudeltasuna. Opresiotik espresioa jaiotzen dela esan ohi du eta bere bizitza da horren adibide garbia. Bost urterekin hasi zen pianoa jotzen eta ondoren gitarra flamenkoa ikasi zuen. Egun, instrumentu asko menperatzen ditu. Mendebaldeko eta ekialdeko musika klasikoaren ikasketak egin zituen (zuzenbide ikasketekin batera) eta, oso gaztetik, jazzaren eta hindu musikaren arteko maitasun harremana landu du. 80. hamarkadan James Taylor-en taldean aritu zen, Jazztones izeneko taldea sortu zuen ondoren eta, Talvin Singh-ekin batera, Tihai Trio hindu-jazz taldean aritu zen. Outcast diskoetxearekin sinatu eta gero hasi zen diskoak bakarlari modura kaleratzen; 1995an “Migration” izenekoa izan zen lehena eta ondoren estudioko beste sei disko kaleratu ditu (horien artean “Beyond Skin” (1999) eta “Prophesy” (2001), ezinbestekoak). Musikaria izateaz gain, ekoizlea eta disko jartzailea da. Kaleratu berri duen disko hau sesio modura antolatua dago eta bere kantu propioekin batera, gustukoak dituen hainbat kantu nahastu ditu (Massive attack, DÁngelo, Nusrat Fateh Ali Khan, Ojos de brujo, Nuyorican Soul, e.a.). Nitin Sawhney, estiloen mugak gainditzen dituen musikaria da eta musika mailan, iraultzarik ez dakarren arren, musika ederra eta sentibera bilatzen duen orok kontutan hartu beharko luke. Ezinbestekoa.


ARITZ SOUND SYSTEM

NNEKA - No longer

NNEKA “NO LONGER AT EASY”
(Four Music, 2008)

AMORRUA ETA MINAREN ALDE EDERRA

Aspaldian ez genuen horrelako abeslari sentibera ezagutu. Lehenengo diskoak maitemindu gintuen eta bigarren honekin, urtu egiten gara. Nigerian jaioa, hemeretzi urterekin joan zen Alemaniara (musika eta antropologia ikasketak egitera). Musikalki, Fela Kuti eta Bob Marley ditu erreferentzi nagusiak. Rapa, soula, funkia eta reggaea, oso modu pertsonalean abestuta. Duela aste gutxi zuzenean ikusteko eta entzuteko aukera izan genuen. Eszenatokira irten zenean musikari eta soinu ekipoaren artean ez zen apenas ikusten (txikitoa da eta duen afro orrazkera ederragatik ez balitz...); abesten hasi zen arte. A ze ahotsa duen. Neneh Cherryren garai onenak ekarri zizkidan burura. Nigeria, Afrikan biztanle gehien dituen herrialdea da. 1901. urtetik 1960. urtera ingelesen menpe egon da eta ondoren, bertako jauntxo eta militarrek ustiatzen jarraitu dute. Gas eta petrolioan aberatsa da oso (ustiaketa atzerriko multinazionalen esku dago, europarrak tartean), baina biztanle gehienak miseria gorrian bizi dira. Bordelen eskainitako kontzertuan, Nigeriako egoeraren larritasunaz aritu zen, eta jendeari zerbait egin behar genuela esaten zigun. Goizeko ordu txikiak ziren eta jende askok ez zion bere hitzei jaramon handirik egiten (festa giroan zeuden). Haserre zirudien eta kontzertua bertan behera utziko zuela pentsatu nuen. Agian, bere ingelesa ulergaitza egingo zitzaigula esan eta kontzertuarekin jarraitu zuen.

ARITZ SOUND SYSTEM

NOUR - Papier mullat

NOUR “PAPIER MULLAT”
(Kasba, 2007)

“Itzalitako ahots batek aulkirik gabe geratu naizela esaten du, ez dut ori koloreko baldosekin osatutako bidea aurkitu, OZ-en ertzak hesiak dituzte, haziak pribatizatzen dituzte, kristalezko botiletan barra eta izarrak edaten dituzte, tamaina askoko ametsak eraikitzen dituzte, ez du hutsik egiten, ordaintzen baduzu eta isilik bazaude pantailetan iragartzen duten paradisua bereganatuko duzu”. Musikaren iluntasun itogarrian argia ekartzen duen taldeetakoa da Nour (arabiarrez argia esan nahi du). Cheb Balowski taldeko Yacine Belahcene abeslariak martxan jarritako egitasmoa da eta lehen disko honetan, aurreko egitasmoko bideari jarraitu dio. Afrika iparraldeko musiken eragina da nagusi, musika elektronikoaren ornamentuekin apainduta (rockari, reggaeari eta rapari muzin egin gabe). Katalanez eta arabiarrez abestutako kantuak (tarteka erdarazko esaldiekin) dira eta, oinarrian, “ongizatearen” gizartearen hipokresia salatzera datoz. Salaketa nagusi. Mezu zuzen eta bortitzak, bitartekorik gabe. Taldeko partaideekin batera diskoan lagun askok parte hartu dute; horien artean, Joan Garriga (LaTrova Kung Fu), Lautaro Rosas (Machalah), Massa Kobayashi (Kultur Shock), Mohamed Souleimane (Orquestra Arab de Barcelona) edo At Versaris taldeko Pau Llong eta Rodrigo. Erritmo aldetik disko lasaia da orokorrean baina taldearen energia guztia zuzenekoan atzeman daiteke.

ARITZ SOUND SYSTEM

ONE DAY AS A LION - ONE DAY AS A LION

ONE DAY AS A LION “ONE DAY AS A LION”
(Anti, 2008)

One Day As A Lion Zack De La Rocha eta Jon Theodore -ren egitasmo berria da. Lehenengoa, Rage Against The Machine taldeko abeslari ezaguna eta bigarrena Mars Volta taldeko bateri jole izandakoa. Amorrua bizirik dirau. Hogei minutuko maxi honetan, Zack De La Rocharen abesteko era bereziaz (raparen esparruan) eta rockaren indarraz sistemaren lokatzezko hankak astintzera datoz berriro. Rage Against The Machine taldeko jarraitzaileek irribarrea mantentzeko arrazoiak dituzte.

ARITZ SOUND SYSTEM

ORCHESTRA BAOBAB - MADE IN DAKAR

ORCHESTRA BAOBAB “MADE IN DAKAR”
(World Circuit, 2007)

Afrika eta Amerikaren arteko lotura musikal estuaren beste adibidea. 37 urtetan, Senegalgo talde honek, Kubako erritmoen maitaleentzako arri bitxia izan da. Afrika beltzean egindako erritmo latinoak. Posible ote? Taldeak posible dela erakutsi du eta disko berri honetan, ezagun egin dituen estiloen harreman goxo eta dantzagarria mantentzen dute; Kubako erritmoak Nigeriako highlife eta Senegaleko mbalax doinuekin batera, wolof hizkuntzan abestuta. Ederra.

ARITZ SOUND SYSTEM

ORGONE - THE KILLION FLOOR

ORGONE “THE KILLION FLOOR”
(Ubiquity, 2007)

Eskarmentu handiko musikariekin osatutako taldea izan arren (10 urte daramate elkarrekin) lehen diskoa da orain aurkezten dutena. Funky Nassau klasikoaren bertsioa eginez eman ziren ezagutzera eta musikalki daramaten bidearen adibide garbia da. Los Angeleseko talde honek 70. hamarkadako funk eta afrobeat doinuak ditu maite (baita soula, jazza eta latin jazza ere, noski). Diskoan garai hartako soinua lortu dute eta diskoa entzunda, edonork zalantzan jarriko luke 2007. urtean grabatua izan denik. Indartsua.

ARITZ SOUND SYSTEM

PAMA INTERNATIONAL - LOVE FILLED DUB BAND

PAMA INTERNATIONAL “LOVE FILLED DUB BAND”
(Active/Universal, 2008)

80. hamarkadan Ska musikaren berpiztea eman zen Ingalaterran. Jamaikako etorkinek 60. hamarkadan Karibeko irlan sukarra eragiten zuten doinu bizkor eta dantzagarriak ingeles gazte zurien artean zabaldu zituzten eta perretxikoak bezala, ska musikaren oinarria zuten taldeak sortu ziren. The Specials, The Madness, The Beat, The Trojans, The Selecters, etab. Iraultza musikala ekarri zuten Europara. Two Tone garaia deitu zuten eta ska doinuak, punk eta pop ukituekin elkartuta, arrakasta itzela lortu zuten. Europako hainbat herrialdeetara zabaldu zen sukarra, eta Euskal Herrian, Kortatu bezalako taldeak gaixotu zituen. Urteak pasa ala sukarrak behera egin zuen nahiz eta tarteka beroaldiak sumatzen diren. Azken urteotan, beroaldi horretatik sortutako talde interesgarrienetakoa Pama International izenekoa da. Loafers eta Special Beat taldeko partaideek sortuta lehen diskoa 2002. urtean kaleratu zuten, autoekoizpena zen eta baliabide gutxirekin egina baina Steel Pulse, Galliano, Pop Will Eat Itself, Bentley Rhythm Ace, Style Council, Big Boss Man edo Intensified eta Topcats taldekoen laguntzaz egina (sinisteko ere). Orain aurkezten duten diskoan ere luxuzko kolaboratzaileak aurkituko ditugu (Rico Rodrigez, Sir Horace Panter (Specials), Paul Heskett (Swinging Cats), Stephen 'Marli' Wright (Lee Perry band) eta Michie One abeslaria, askoren artean. Ska, dub, pop eta soul freskoa belarrientzat.

ARITZ SOUND SYSTEM

PAULA LIMA - SINCERAMENTE

PAULA LIMA “SINCERAMENTE”
(Indie Records, 2007)

Harrigarria da brasildarrak “arrotzak” zaizkien erritmoak bereganatzeko duten trebezia. Azken urteotan musika elektronikoarekin (drum&bass eta housa bereziki) gertatzen ari bada ere, funk edo jazza bezalako estiloak duela asko bereganatu zituzten. Paula Lima abeslaria maisu da funk erritmoak samba doinuekin elkartzen. Auzo txiro edo fabeletako dantzalekuetan sukarra eragiten duten elektro-funk doinu zakarretatik aldentzen da eta jazz kutsu dotorea ematen die kantuei.

ARITZ SOUND SYSTEM

PEVEN EVERETT - POWER SOUL

PEVEN EVERETT “Power Soul”
(Peven, 2007)

Lau urte zituela hasi zen bateria jotzen eta egun, hamar instrumentu baino gehiago menperatzen ditu -horrela ulertzekoa da bere diskoetako instrumentu gehienak jotzea-. Musikalki, jazz, soul eta funk doinu klasikoak lantzen hasi zen baina 90. hamarkada bukaeran, house doinuekin erakarrita sentitzen da –arrakasta asko lortu ditu estilo honetan-. Azken lan honetan, 70. hamarkadako soula nagusi bada ere, bizitzan zehar izan dituen eragin musikal guztiak atzeman daitezke.

ARITZ SOUND SYSTEM

PIERPOLJAK - Tuff gong blues

PIERPOLJAK “TUFF GONG BLUES”
(Soulfire, 2007)

Parisen 1964. urtean jaioa skinhead-punk munduan eman zituen lehen urrats musikalak. Londoneko squad batean ezagutu zuen jamaikar reggaea eta berehala maitemindu zen estilo honetaz. Kartzelan egon eta gero, Karibera bidaiatu eta Frantziarako bueltan grabatu zuen lehen diskoa. Bigarrenerako Clive Hunt ekoizlearen eta Leroy Horsemouth Wallace bateri jolearen laguntza izan zuen. Orain, Clive Huntekin batera disko berria aurkezten du (lehenengoa ingelesez abestua eta luxuzko laguntzaileekin; Anthony B, Horace Andy, etab).

ARITZ SOUND SYSTEM

PIRAT´S SOUND SISTEMA - VOL 2

PIRAT´S SOUND SISTEMA “VOL.II”
(Propaganda Pel Fet, 2007)

Katalunian jamaikar erritmoek duten indarraren erakusle garbia da Pirat´s Sound Sistema. Reggae musikaren adar koloretsuak erakarrita sortu zuten piraten sound sistema eta konturatzerako, bigarren diskoarekin datoz. Aurrekoarekin alderatuz, bigarren honetan sound sistema sendotuta aurkitzen dugu; musikalki aniztasun handiagoarekin (beti ere jamaikar doinuen inguruan baina dubari eta drum&basserari tarte handiagoa emanez) eta kolaboratzaile zerrenda amaigabearekin. Base erritmiko guztiak (bat kenduta, “Cristal Woman”) eurek ekoiztu dituzte eta urteek ematen duten esperientzia nabarmentzen da maila honetan ere. Kolaboratzaileei dagokionez berriz, osotasuna ematen diote diskoari; besteen artean, La Troba Kung Fu taldeko Des Joan Garriga eta Toty Arimany-ren laguntza izan dute ahotsa eta nahasketetan, baita Martingalako Franki Da Silva edo Uri P, Héktor edo Sister Castro. Aipamen berezia merezi dute The Kinky Coocoo´s taldeko Gemma Soles eta Leire Etxeberriak koroetan egin duten lan txukunagatik. Musikalki sendotuta datoz eta edukiei dagokionez beti bezain borrokalari (Katalunia herri aske eta ezkertiarraren bidean). Musika iraultzarako tresna ederra dela erakustera datoz eta askok uste dutenaren aurka, jamaikar doinuak ere, katalanez era duinean abestu daitezkeela argi erakusten digute. Ahala izanez gero ez galdu euren zuzeneko sound sistema, Euskal Herrian izan ditugunean behintzat zuzeneko indartsua eta koloretsua dutela erakutsi dute eta.


ARITZ SOUND SYSTEM

PORTISHEAD - Third

PORTISHEAD “THIRD”
(Mercury, 2008)

Portishead izan zen 90. hamarkadan, trip-hop deitu zenaren erreferente nagusienetakoa (Massive Attack edo Tricky-rekin batera, besteak beste). Bristol hiriko beste hainbat taldeek egin bezala, soularen, jazzaren, dubaren eta erritmo elektronikoekin, bare-bare zihoan musika almadia osatu zuten. Hamar urte igaro dira aurreko lana kaleratu zutenetik, eta urte guzti hauetan, taldeko partaideek bizi izan duten eraldaketa nabari daiteke diskoan. Inoiz baino erritmikoago eta beti bezain misteriotsu datoz.

ARITZ SOUND SYSTEM

PROMOE - Standard bearer

PROMOE “Standard Bearer”
(Bad Taste, 2007)

Europa kontinentalean egiten den rap musikak duen osasun onaren adibide da Promoeren musika. LoopTroop taldeko abeslari nagusi zenean hasitako bideari jarraitu dio eta orain, 2007. urtean kaleratutako diskoaren gehigarri diren abestiak aurkezten dizkigu, DVDarekin batera. CD-an, singleen b aldeak eta kantu bitxiak aurkituko ditugu eta DVD-an berriz ordubeteko dokumentala, Copenhagenen eskainitako kontzertua eta 2001-2007 urte artean kaleratutako zazpi bideo klip.

ARITZ SOUND SYSTEM

PUBLIC ENEMY - Fight the power live

PUBLIC ENEMY “FIGHT THE POWER LIVE”
(Pyramid, 2007)

Oroitzapenetik bizi diren taldeen zerrendan sartu beharko zela pentsatu izan dut askotan. 80. hamarkada amaieran bide berriak ireki zizkion rap musikari eta gaur egun duen arrakastaren hazia landatu zuen. Burmuinak astindu eta injustiziak salatu. Boterea borrokatu eta etsai publiko nagusian bilakatu. Urteak pasa eta gauzak asko aldatu dira. Oihartzun handirik izan ez duten hainbat disko eta gero zuzeneko honekin datoz (cd+dvd), gitarren laguntzaz betidanik izan duten amorrua kaleratuz.

ARITZ SOUND SYSTEM

PUTUMAYO KIDS PRESENTS ANIMAL PLAYGROUND

PUTUMAYO KIDS PRESENTS ANIMAL PLAYGROUND
(Putumayo, 2007)

Putumayo diskoetxea aurrera darrai gaztetxoentzako apropos pentsatutako diskoak kaleratzen. Haurren artean abereek duten erakargarritasuna kontutan izanda, Putumayok, abereei buruz hitz egiten duten kantuekin osatu du bilduma hau. Amerikan hasi eta Afrikan amaitzen den bidai musikatuan, herrialde desberdinetan, abereei eskainitako kantuekin osatu du diskoa; koloretsua, bizia eta alaia. Abestu, dantzatu eta saltoka aritzeko aproposa.

ARITZ SOUND SYSTEM

PUTUMAYO PRESENTS - A NEW GROOVE

PUTUMAYO PRESENTS “A NEW GROOVE”
(Putumayo, 2007)

Normalean komunikabideetan musikalki oihartzuna ez duten herrietako doinuak gerturatzen dizkigu Putumayo zigiluak. Bilduma tematikoak izan ohi dira, lurraldeka edo estiloka antolatuta eta oso aurkezpen eta aukeraketa txukuna dute. Oraingoan New Groove izenpean; Dinamarka, AEB, Puerto Rico, Kanada, Ingalaterra, Australia, Alemania eta Frantziako hainbat talde aurkezten zaizkigu giro bereziak sortzen dituzten doinu goxo, berri eta dotoreekin. Talde eta proposamen berriak ezagutzeko aproposa.

ARITZ SOUND SYSTEM

RAJERY, BALLAKE SISSOKO, DRISS EL MALOUMI - 3 MA

RAJERY, BALLAKE SISSOKO, DRISS EL MALOUMI “3 MA”
(Contre Tour, 2008)

Zer da Maroko, Mali eta Madagaskarreko hiru musikari elkartzen dituena? Musikarekiko maitasuna noski eta sokaz osatutako afrikar instrumentu bereziekiko lotura. Gure artean, instrumentu gutxi batzuk ezagutzen badira ere, ia munduko kultura bakoitzak bere instrumentu propioak ditu (kultura horren historiarekin lotura estua dutenak). Musika eta instrumentu horien bidez kultura horiek hobe ezagutzeko aitzakia dugu. Rajery, Madagaskarreko musikaria da eta Valiha izeneko sokazko instrumentu bitxia jotzen du. Banbuarekin osatutako tutua da eta harpa luze baten itxura du. Instrumentu honek jatorria Indonesian du (Madagaskarreko lehen biztanleak Indonesiatik iritsi omen ziren eta beranduago Afrika ekialdeko biztanleak irlara joan eta bertakoekin elkartu ziren). Driss El Maloumi, Bereber jatorriko marokoar musikaria da eta laute arabiarraren maisua da. Bereberrak ipar Afrikako etnia nagusia dira. Izena latineko barbacusetik dator, atzerritarra. Greko erromatarrek era honetan izendatu zituzten Ipar afrikako bertako biztanleak. Jatorrizko izena ordea Amazig da (gizon askea). Azkenik, Ballake Sissoko Gambian jaiotako griota da (Malin bizi da) eta Kora instrumentua jotzen du. Griotak ahozkotasunaren bidez idazten eta irakurtzen ez zekiten herri askoren kulturak mantendu dituzte mendeetan zehar. Diskoan, hiru instrumentuen edertasuna, goxotasuna eta lasaitasun giroa islatzen da.

ARITZ SOUND SYSTEM

RANDY CRAWFORD & JOE SAMPLE - Feeling Good

RANDY CRAWFORD & JOE SAMPLE “Feeling Good”
(Pra records, 2007)

Letra larriz idazten diren musikariak elkartu eta disko borobila grabatzen duteneko adibide garbia da honako hau. Ez da lehenengo aldia Randy Crawford abeslariak eta Joe Sample piano joleak bat egiten dutela, eta aurrekoan bezala, orain ere, lortutako emaitzak jazz musikaren eremua gainditzen du. Tommy LiPumaren luxuzko ekoizpenarekin, lehen eta oraingo klasikoen bertsioak egin dituzte. Maisu diren musikariek naturaltasun osoz egina.

ARITZ SOUND SYSTEM


REUBEN WILSON, BERNARD PURDIE & GRANT GREEN JR. - THE GODFATHERS OF GROOVE

REUBEN WILSON, BERNARD PURDIE & GRANT GREEN JR. “THE GODFATHERS OF GROOVE”

(18th & Vine, 2007)

Reuben Wilson organo jolea, Grant Green jr. gitarra jolea (Grant Green ezagunaren semea) eta Bernard Purdie bateria (munduan gehien grabatzen duen bateri jolea dela diote; Isaac Hayes, B.B. King, Aretha Franklyn, e.a.) disko honetarako elkartu dira. Hirurak soul, jazz, blues eta funk musikaren pisu astunak dira eta bakoitza bere instrumentuan maisu. Aipatu estilo horien adar instrumentalaren jarraitzaileentzat guztiz aproposa den diskoa da. Kalitatea eta esperientzia batera doaz oraingoan.

ARITZ SOUND SYSTEM

ROCKABYE BABY - Lullaby Renditions of Bob Marley

ROCKABYE BABY “Lullaby Renditions of Bob Marley”
(Babyrock, 2007)

Musika entzutea adin tarte zehatz bati dagokiola uste dute askok. Musikak adin mugarik ez duela erakutsi nahian Rockbaby diskoetxeak haurrei zuzendutako diskoak kaleratzen ditu. Dagoeneko 22 disko kaleratu dituzte eta guztietan, musika munduko talde eta abeslari arrakastatsuen kantu ezagunak bertsio-natu dituzte (Pink Floyd, Radiohead, The Cure, Rolling Stones, e.a.), sehaska kantu modura moldatuta (bibrafonoa erabiliz). Oraingoan Bob Marley eta bere lagunen kantu ezagunak sehaska kantu bilakatu dituzte.

ARITZ SOUND SYSTEM

ROISIN MURPHY - OVERPOWERED

ROISIN MURPHY “OVERPOWERED”
(EMI, 2007)

Trip-Hop bezala ezagutu zen musikaren garaian egin zen ezaguna, Moloko taldearen abeslari bezala. Kantu bakar batek egin zuen famatu, “Bring It back” izenekoa (soul eta disko garaiko ahots jokoak house erritmoekin). Kantu bakarreko abeslariaren eremua gainditu du eta orain, bakarlari modura bigarren diskoa kaleratzen du. Pop kutsuko melodia goxoak dira nagusi, electro eta 80. hamarkadako funkaren eraginarekin. Musika mundura iraultzarik ekartzen ez dion diskoa da, baina disko dotorea da eta gustura entzuten da.

ARITZ SOUND SYSTEM

ROY PACI - Suonoglobal

ROY PACI & ARETUSKA “SUONOGLOBAL”
(Edel, 2007)

Italiako Sizilian jaioa hamar urte zituela hasi zen tronpeta jotzen. Talde desberdinetan aritua da; horien artean, Macaco eta Manu Chaorekin batera (azken honek diskoko kantu batean abesten du). Musika, erlijio eta herrialdeen gainetik dagoela dio eta diskoan munduko hainbat txokoetako doinuak elkartu nahi izan ditu. “Itanol” deitzen duen hizkuntza ere sortu omen du eta hizkuntza eta dialekto desberdinekin osatuta dagoela dio. Hizkuntza, kolore, musika eta kolaboratzaileez betetako txaranga.

ARITZ SOUND SYSTEM

RUSSELL GUNN - Plays miles

RUSSELL GUNN “PLAYS MILES”
(Highnote, 2007)

Miles Davis izan zen, zalantzarik gabe, XX. mendeko musikaririk garrantzitsuenetakoa. Bere musikak milaka zaletu erakarri ditu eta horien artean, Chicagoko Russell Gunn tronpeta jolea dago. Urteak dira Miles-en musika gurtzen duela eta orain, Electrik Butterfly taldearekin batera, Miles Davisen musikari omenaldia egitea erabaki du. Horretarako 60-70. hamarkadetako kantuak bertsio-natu dituzte bereziki, diskoari funk kutsua emanez (ukitu elektronikoarekin batera).

ARITZ SOUND SYSTEM

RZA - AFRO SAMURAI

RZA “AFRO SAMURAI” (Soinu banda)
(Koch Records, 2007)

Nondik ote dator rap musikari askok ekialdeko kulturekiko sentitzen duten erakarpena? RZA; rap abeslari, musikari, aktore eta ekoizle ezagunak, hip-hop munduaren estetikari itxura berria eman zion 1993. urtean, Wu-Tang Clan kolektiboaren “Enter The Wu Tang” diskoa kaleratu zuenean. Jakina da, afroamerikarren artean arte martzialen pelikulek arrakasta handia izan dutela, baina, RZA izan zen, ekialdeko arte martzialen estetika eta doinuak, hip-hop mundura arrakasta handienarekin eraman zuena. Ekialdeko kulturekiko duen erakarpenaren beste adibidea izan daiteke “Ghost Dog” filmeari soinu banda egin izana (oso gomendagarria), eta baita “Kill Bill” filma arrakastatsuari ere (besteen artean). Oraingoan, Japoniako manga zinema eta hip-hopa uztartu ditu eta “Afro Samurai” izeneko marrazki bizidunetako filmari soinua jarri dio. Lagun izan ditu rap eta r&b-ko izen ezagunak; Talib Kweli, Big Daddy Kane, Maurice, Q-Tip, e.a. Filmaren historiari dagokionez; bere aita mendekatu nahi duen samurai gazte baten abenturak kontatzen zaizkigu. Betikoa; oso ona den mutikoa oso gaiztoak diren gaiztoen aurka borrokan. Ikusgarria eta odoltsua. Bideo jokoa pantaila handira eramana. Eta kezkagarria, gazteen artean, norberekeria, mesfidantza eta neurri gabeko biolentziaren ideia zabaltzen duelako. Zu eta besteak (zure etsaiak). Hobe talde lana, elkarrizketa eta errespetua bezalako baloreak bultzatuko balitu.

ARITZ SOUND SYSTEM

SAMAR - Ramas

SAMAR “RAMAS”
(Kap produkzioak, 2008)

Samar bezalako taldeek, haize freskoa ekartzen diote euskal musikari. Euskal Herrian, zorionez, musika asko ekoizten da; estiloen aniztasunari dagokionez, berriz, bide luzea dago oraindik egiteko. Samar taldearen diskoa aurrerapausoa suposatzen du bide horretan. Musika munduan eskarmentu handiko musikariekin osatutako taldea da; Pascal Gaigne (gitarra elektrikoa, ud-a, berinbaoa eta vocoder-a), Javier Area (bateria, perkusioak), Iban Nikolai (didgeridooa), IkerTelleria (perkusioak, panderoa, eta bateria) eta Ritxi Salaberria (baxu elektrikoa). “Folk eta World Musikaren arteko nahasketa modernoa, alternatiboaren esparruan” bezala kokatzen dute egiten dutena, baina, haratago doaz; kantu batzuetan funk musikaren eragina nabari zaie (Totem abestian adibidez), arabiar musiken ukituak (Morako), jamaikar doinuak (reagge raagga), rap jokoak ahotsik gabe (Rap Ero), musika elektronikoaren eragina (Tekno Khan) eta kantu askotan, rockaren kutsu nabaria. Iturri desberdinetatik edan dute diskoaren hamabi kantuak osatzeko garaian baina diskoan, didgeridooa da lokarri lana egiten duen instrumentua. Australiako antzinako instrumentu honek, giro berezia sortzen du diskoan zehar. Ibiltzen ikasten hasten den haurra bezala, denbora beharko da soinua findu eta osagaien arteko harremana goxatu arte, eta bitartean, bidean aurkitutako oztopoei aurre egin beharko zaie.

ARITZ SOUND SYSTEM

SANTOGOLD - SANTOGOLD

SANTOGOLD “SANTOGOLD”
(Downtown, 2008)

Etengabeko garapenean dagoen musika munduan, tarteka, egunerokotasunaren errutina apurtzen duten musikari eta diskoak azaltzen dira. Santogolden lehen iraupen luzea horrelako dohainak ditu. M.I.A. eta Diplok zabaldutako bideari jarraituz, aurrez ezagutzen ditugun osagaiak era berritzailean nahastuta, haize freskoa dakar. Electro, dancehall, funk, pop eta imajina ezin ditzakegun estiloen eragina, guztia 80. hamarkadako estetikak igurtzia eta hori gutxi balitz, Bad Brains edo Steel Pulse taldekoen kolaborazioak. Bitxia.

ARITZ SOUND SYSTEM

SCRATCH PERVERTS - Watch the ride

SCRATCH PERVERTS “WATCH THE RIDE”
(Harmless, 2007)

Scratcharen teknika rap musikaren zutabe nagusietakoa da. Oinarrian biniloak instrumentu modura erabiltzea da scratch-a, besteek egindako musika oinarri hartuta doinu berriak lortzeko helburuarekin. Platoak erabiltzeko teknika honetan maisu dira Scratch Pervertseko hiru kideak. Disko jartzaileen adar ikusgarriena osatzen dute eta euren sesioetan disko desberdinetako zatiak elkarrekin nahasteko trebezia handia erakusten dute. Sesio honetan garai guztietako rapa, drum & bassa eta two stepa entzun daitezke.

ARITZ SOUND SYSTEM

SEAN COSTELLO - WE CAN GET TOGETHER

SEAN COSTELLO “WE CAN GET TOGETHER”
(Delta Groove Music, 2008)

Philadelphian jaioa, txikitatik gitarraren maitale sutsua izan da. Hamazazpi urterekin lehen diskoa kaleratzen du (Call The Cops, 1996) eta orain, seigarrena den honetan, urteetan jasotako esperientzia guztia erakusten du. Hasiera batean abesteari zion beldurra uxatu du dagoeneko eta gitarraren eta ahotsaren arteko oreka ederra lortu du. Bluesaren, rockaren eta soularen maitale direnentzat ezagutu beharreko musikaria da eta azalaren kolorearekin eta adinarekin aurreiritziak dituztenentzako adibide.

ARITZ SOUND SYSTEM

SERGIO MENDES - Encanto

SERGIO MENDES “ENCANTO”
(Universal, 2008)

Sergio Mendes modan dago. 50. hamarkadan hasi zen musika munduan eta 60. hamarkadan, bossa novaren sorrera eta zabalkundearekin batera, konposatu zituen kantu arrakastatsuenak. Black Eyed Peas-eko Will.I.Am-ekin batera galdutako fama berreskuratzen hasi da eta “Timeless” izeneko diskoarekin hasitako bideari eutsi dio disko berrian. Luxuzko kolaboratzaileak (Carlinhos Brown, Zap Mama, etab) eta bere abesti klasikoen berrikuspena. Disko komertzial guztiak horrela balira…

ARITZ SOUND SYSTEM

SEU JORGE - AMERICA BRASIL O DISCO

SEU JORGE “AMERICA BRASIL O DISCO”
(Emi Brasil, 2007)

Hamar urteko ibilbidean abeslari eta aktore ezaguna bilakatu da Seu Jorge. Urteetan Baixada Fluminense (Rio de Janeiro inguruko auzo txiroa) izeneko kaleetan miseria larrian biziraun ondoren, Marcelo Yucari esker, lehen disko grabatzeko aukera sortu zitzaion (musika zaleon gozamenerako). Samba eta funk doinuen maitale amorratua da eta disko berri honetan, AEBetan sortutako funk doinuak alde batera utzi eta samba oinarria duten doinuak dira nagusi.

ARITZ SOUND SYSTEM

SEVEN ELEVEN - Live in paris

SEVEN ELEVEN “Live in Paris”
(2006, autoekoizpena)
Funk musika AEBetako afro amerikarrek sortu bazuten ere, urteak dira, mundu osora zabaldu zela, baita Europara ere. Funk klasikoaren jarraitzaile finak dira Seven Eleven taldekoak eta, urteetan estilo hau jorratu eta gero, funk musikaren indarra zuzenekoetan dagoela argi erakusten dute Parisen grabatutako disko honetan. Kalitatea.

ARITZ SOUND SYSTEM

SHARON JONES & THE DAP-KINGS - 100 DAYS, 100 NIGHTS

SHARON JONES & THE DAP-KINGS “100 DAYS, 100 NIGHTS”
(Daptone, 2007)

ARIMAREN BERPIZTEA

Zergatik dute arrakasta arrakasta duten abeslari/taldeak? Hauxe bai galdera zaila. Musikalki onenak direlako? Egiten duten musika estiloa gehiengoari gustatzen zaiolako? Atzetik promozio indartsua dutelako? Ez dakit. Zaila da orokortzea. Askotan esan izan dugu entzuleak, dauden musikari eta estiloen artean aukeratzeko aukera gehiago izango balu, gaur egun, komunikabideetan izar bezala aurkezten diren horietako asko ez zirela izar bezala kontsideratuak izango. Beste era batera esanda, jende gehiagok Sharon Jones bezalako abeslariak ezagutzeko aukera izango balu, izarren panorama bestelakoa litzateke. 1958. urtean AEBetako Georgian jaioa, urte mordoa eman ditu itzalean musika zaletasuna garatzen. 2001. urtean Dap Kings taldearekin hasitako elkarlanari esker, abeslari honen doai guztiak garatu dira. Berdin dio soul goxoa, blues garratza edo funki basatia abesten duen, guztietan barne barnetik sortutako sentimenduak azaleratzen ditu. Hau bai arri bitxia! Abeslari baten garapenean ezinbestekoak dira ingurunea eta taldekideak. Dap King taldearekin batera, Sharon Jones eskaintzeko duen onena eskain dezake bai estudioan eta baita zuzenean ere. Azken disko honetan, aurreko bi diskoetan hasitako bideari eusten dio. 60. hamarkadako soul eta funk doinuak errepika ezinak direla uste duten guzti horientzat eta egun egiten den plastikozko soularekin nazkatuta dauden guztiontzat ezinbesteko abeslari, talde eta diskoa da.

ARITZ SOUND SYSTEM

SIZZLA - Children of jah

SIZZLA “CHILDREN OF JAH”
(Penitentiary, 2007)

Garnett Silk-ek zabaldutako bideari jarraiki, 90. hamarkada erdialdean sustraizko reggaea berreskuratzeko bidean pauso handia eman zuen (Luciano, Tony Rebel e.a. -ekin batera). Singjay abesteko erak (melodikoa eta ragga-zakarra tartekatzen dituena) famatu egingo zuen eta gizartea aldatzeko irrikatan zeuden gazte jamaikarrentzat eredu izan zen. Lortu duen ospea handitzen zen neurrian gutxitu da txurroak bezala kaleratzen dituen diskoen maila. Laster Euskal Herrian.

ARITZ SOUND SYSTEM

SKATALITES - On the right track

SKATALITES “ON THE RIGHT TRACK”
(Aim, 2007)

Jamaikar musikaren historian talde esanguratsurik bada hori Skatalites taldea da. Jamaikako irlaren independentziarekin jaio zen eta “askatasun” egoera horrek ekarritako alaitasuna eta itxaropena musika bihurtu zuen. AEBetatik iritsitako Rhythm&bluesa eta Karibeko mentoa eta calypsoa oinarri hartuta ska musika sortu eta reggae musikaren hazia landatu zuen Skatalites taldeak. Jamaikar musikaren bilakaeran funtsezko papera jokatu duten musikariak dira eta ska-reggae disko garrantzitsuenetan aurki ditzakegu. Lau hamarkada hauetan taldeak gora behera asko jasan ditu eta dagoeneko taldea sortu zuten musikari gehienak ez daude gure artean baina oraindik indartsu mantentzen direnak kontzertuak ematen eta diskoak grabatzen jarraitzen dute. Kaleratu berri duten disko honetan Skatalitesen onena aurkituko dugu; 60. hamarkadan musika mundua irauli zuen musikarekin datoz berriro eta nahiz eta partaide “original” asko falta diren, testigua jaso dutenek (horietako batzuk hasieratik taldearen kolaboratzaile izandakoak) taldearen maila mantentzen dute. Diskoan instrumental indartsuak eta abestutako kantu (Doreen Shafferen ahots gozoarekin) ederrak aurkituko ditugu eta taldearen ibilbidea ikusita, ziur gaude, kantu berri hauek mundu osoan zehar zuzenean jotzeko irrikan egongo direla. Euskal Herrian askotan egon dira eta badakite ongi etorriak izango direla beste behin ere.


ARITZ SOUND SYSTEM

SLACKERS - Self medication

SLACKERS “SELF MEDICATION”
(Indication, 2008)

Slackers, Ingalaterran 80. hamarkadan indar handia eduki zuen Two Tone mugimenduaren hazietatik ernaldutako taldea da. Jamaikar etorkinek ekarritako ska doinu dantzagarri eta azkarrak, gazte zuri asko zoratu zituen. Ingalaterratik Europa osora hasieran eta ondoren, AEBetara zabaldu zen sukarra, lekuan lekuko berezitasunak bereganatuaz. New Yorkeko talde honek blues, punk eta rockaren eragina jaso du eta taldearen zazpigarren disko honetan, estilo guztiekin porrusalda beroa osatu dute.

ARITZ SOUND SYSTEM

SOLOMON BURKE - Nashville

SOLOMON BURKE “Nashville”
Bitxia bada ere, Solomon Burke abeslari afro amerikarrak, primeran moldatzen da soula eta countrya eginez. Bitxia diogu, countrya, normalean, abeslari zurien esparrua kontsideratua izan delako. Eliz gizon honen disko berrian countrya da nagusi eta, askoren artean, Emmylou Harris eta Dolly Parton izan ditu bidai lagun.

ARITZ SOUND SYSTEM

SOULPHONIC SOUND SYSTEM - VOL 1

SOULPHONIC SOUND SYSTEM “VOLUME 1”

(Convincing Woodgrain, 2007)

Musika elektroniko lasaiaren zaletuek badute zer entzun. Azken urteotan perretxikoak bezala ugaritu dira “Downtempo”, “Chill out”, “Nu-jazz” eta antzeko etiketekin aurkezten diren taldeak. Oinarrian, base erritmiko elektronikoak jazz, soul, pop edo brasildar doinuekin nahasten dituzte kantu goxoak osatzeko. AEBetako Dj Santo eta Chaucey Canfield bikoteak bide hori hartu du erres entzuten den diskoa egiteko. Itxura ona du bai baina gatza falta zaio.

ARITZ SOUND SYSTEM

STEPHANE POMPOUGNAC - HELLO MADEMOUSELLE

STEPHANE POMPOUGNAC “HELLO MADEMOUSELLE”
(Wagram, 2007)

Chill Out, downbeat, lounge, trip-hop, etab. Elektronika lasaia definitzeko (eta salmentarako) izen asko asmatu ziren 90. hamarkada amaieran. Era berean, Frantses estatuan, kafetegi , jatetxe edo luxuzko hotelen propaganda egiteko tresna oso baliagarria bilakatu zen musika hori. Disko jartzaile ezagunen sesioetaz baliatzen ziren bildumak osatzeko. Costes hoteleko bilduma ezagunen egileak bere musikarekin kaleratutako bigarren disko honetan setazko base erritmiko elektroniko-poperoak topatuko ditugu.

ARITZ SOUND SYSTEM

STEPHEN MARLEY - Mind control

STEPHEN MARLEY “MIND CONTROL”
(Republic, 2007)
Estiloa: Reggae

UHIN POSITIBOAK

Marley abizenak aspaldi gainditu zituen reggae musikaren eremuak. Bob Marley-k 1981. urtean utzi gintuen baina bere seme alabek, aitaren bideari jarraitu diote. Stephen, Bob Marley-k Rita Marleyrekin izandako bigarren semea izan zen eta bere anai arrebekin Melody Makers taldean aritu zen zazpi urte zituenetik. Talde horretan Ziggy, anai zaharrenak, izan zuen protagonismo handiena. Stephenek kantu batzuetan ahotsak jartzen zituen baina gehien bat, produkzio lanetan aritzen zen. Produktore lanetan sari asko jaso ditu beste artistekin egindako elkarlanaren emaitza bezala (Buju Banton, Erykah Badu, Damian Marley anai gaztearekin, e.a.) eta orain, beste anai batzuk egindako bideari jarraituz (Ziggy, Damian, Kymani edo Julian) lehen diskoa kaleratzen du bakarlari modura. Reggae musikak garapen handia bizi izan du azken 25 urteetan eta Stephenen estreinako lan honetan, garapen horren isla diren kantuak entzun daitezke. Estiloen arteko harremana inoiz baino sendoagoa da eta diskoan reggaea nagusi bada ere, soularekin, raparekin, poparekin edo rockarekin duen erlazio estua atzeman daiteke. Diskoan, besteak beste, maitasun abestiak aurkituko ditugu, marihuanaren legeztatzea eskatzen dutenak, politikoen hipokresia salatzen dutenak edo pentsamendu bakarraren esklabutza mentalaz ohartarazten dutenak. Orokorrean, ez du ezer berririk eskaintzen baina gustura entzuten den diskoa da.

ARITZ SOUND SYSTEM

STEVIE RAY VAUGHAN AND FRIENDS - SOLOS, SESSIONS AND ENCORES

STEVIE RAY VAUGHAN AND FRIENDS “SOLOS, SESSIONS AND ENCORES”
(Sony, 2007)

Stevie Ray Vaughan, Jimmy Hendrix maisuarekin alderatu izan dute askok. Blues musikan luxuzko tartea egitea lortu zuen gitarra jolea zen. 1990. urtean hegazkin istripuan hil zen baina dirudienez, aurretik egindako grabaketa argitaratu gabeekin diskoak kaleratzen jarraitzen dute. Oraingoan, diskoaren izenburuak dioen bezala, hainbat lagunekin egindako grabaketak entzun daitezke (horien artean: Albert King, B.B. King, Jeff Beck, Albert Collins, etab.). Estudiokoak batzuk eta zuzenekoak besteak.

ARITZ SOUND SYSTEM

SUSHEELA RAMAN - 33 ONE THIRD

SUSHEELA RAMAN “33 ONE THIRD”
(Xiii Bis, 2007)

London hirian jaioa, Indiako etorkinen sendikoa da eta lau urte zituela Australiara eraman zuten gurasoek. Txikitatik Indiako kantu tradizionalak ikasi ditu eta nerabe zela funk, rock, jazz taldea osatu zuen. Aurrekari hauekin bueltatu zen Londonera eta bertan kaleratu zuen lehen disko arrakastatsua 2001. urtean. Orduz geroztik emanaldi eta kontzertu asko eskaini ditu. Laugarren disko hau aurrekoen bidea jarraitzen du (akustikoagoa agian) eta Susheelaren ahotsaz gozatzeko aukera berria da.

ARITZ SOUND SYSTEM

TALIB KWELI - Ear drum

TALIB KWELI “EAR DRUM”
(Wea, 2007)

Rap musikaren basamortuan oasia da Talib Kweli. Musikalki erritmo arin eta aspergarriak eta eduki aldetik letra are arin eta azalekoagoak nagusitzen diren bitartean Talib Kwelik pisua jartzen dio gaiari. Disko berri hau hirugarrena du bakarlari modura eta Black Star izenarekin hasitako bideari eutsi dio. Letra eta musika landuak aurkituko ditugu diskoan (soul musikaren ikutuekin) eta oso kontutan edukitzeko kolaboratzaile zerrenda (Roy Ayers, KRS-One, Musiq Soulchild, Kanye West, etab.).

ARITZ SOUND SYSTEM

THC - Positive

THC “POSITIVE”

Ederra da THC taldearen disko berria. Hasieratik bukatu arte gustura entzuten den disko horietakoa da. Funk, jazz, soul, drum & bass eta house doinuekin osatutako arri bitxia da eta arri bitxia diogu, nazioartean antzeko proposamenak aurki badaitezke ere, Euskal Herrian horrelako diskoa kaleratzen aitzindariak direlako (Wagon Cookin ekin batera). Azken urteotan funk, jazz eta doinu elektronikoak lantzen dituzten taldeak ugaritu dira gure artean baina gutxi dira THCren garapena lortu dutenak. Izugarrizko lana egin behar izan dute horretarako baina emaitzak merezi izan du. “Positive” izeneko diskoa hirugarrena da taldearentzat (lehenengoa maketa 2003an kaleratu zuten “THC” izenarekin eta 2004ean berriz “Homonime” zuzeneko diskoa kaleratu zuten). Taldea 1999an sortu zutenetik izugarrizko garapena jasan du; garapen teknikoa nabarmena (produkzio landuagoak eta soinu hobea) eta garapen musikala (hasierako funk house estiloari ateak zabaldu dizkiote eta brasildar musikaren eta drum & bass erritmoen eragina nabariagoa da orain). Ahotsek ere garrantzi handia dute eta atal honetan ere nabarmentzekoa da egindako lana (hizkuntza desberdinetan gainera). Kolaborazioek ere diskoa osatu dute (Acido C-ko haize sekzioa eta Ion De Luisen programaketak). Zorionak Euskal Herrian oraindik ezezagunak diren erritmoak bultzatzeagatik, zorionak diskoak kaleratzeko egin duzuen esfortzuarengatik, zorionak ematen dituzuen zuzenekoengatik eta zorionak musikalki egin duzuen bidearengatik. Mila esker.

ARITZ SOUND SYSTEM

THE AGGROLITES - Reggae hit in LA

THE AGGROLITES “REGGAE HIT L.A.”
(Hellcat records, 2007)

Izugarria da Jamaikar musikaren eragina mundu osoan. Bitxia da baina Jamaikar musikak nazioartean duen eraginari esker mantendu dira bizirik reggaeren azpiestilo batzuk. Skinhead Reggae bezela ezagutzen dena adibidez 60. hamarkadan Jamaikan egiten zen lehenengo reggaeri dagokio (The Harder They Come filmean ederki erakusten da). Urteak dira jamaikarrek estilo hau egiteari utzi diotela eta, besteak beste, Los Angeleseko Aggrolites taldeari esker mantendu da bizirik. Maila ederra erakusten dute.

ARITZ SOUND SYSTEM

THE APPLES - Buzzin about

THE APPLES “BUZZIN ABOUT”
(Freestyle, 2008)

Funk berriaren zaletuentzat kontutan eduki beharreko taldea. Israelgo musikariekin osatuta dago eta diskoa entzunda, taldeko kideen erreferentzia nagusiak 70. hamarkadako funk instrumentala, big band delakoen soinua eta jazza direla esango genuke. Musikariekin batera bi disko jartzaile doaz, kantuetan scratch doinuak sartuaz. Zalantzarik gabe, Rage Against The Machine taldearen Killing In The Name of kantuari egiten dioten bertsioagatik egingo dira ezagunak.

ARITZ SOUND SYSTEM

THE BAMBOOS PRESENT KYLIE AULDIST - Just say

THE BAMBOOS PRESENT KYLIE AULDIST “JUST SAY”
(Tru Thoughts, 2008)

Denbora kontua zen. Musikari desberdinekin hainbat single interesgarri kaleratu eta gero, iritsi da iraupen luzeko diskoa. Soularen eta funk doinu klasikoen zaletuentzat albiste pozgarria da, zalantzarik gabe. Komunikabide handi guztiek musika industriak irentsitako Amy Winehouse gaixoaren gora beherak kaleratzen dituzten bitartean, soularen arima berreskuratzen duten abeslari eta musikariek lanean dihardute. Australiako The Bamboos taldearen bultzadarekin osatutako disko ederra.

ARITZ SOUND SYSTEM

THE DIPLOMATS OF SOLID SOUNDS FEAT. THE DIPLOMETTES PLENTY NASTY

THE DIPLOMATS OF SOLID SOUNDS FEAT. THE DIPLOMETTES PLENTY NASTY”
(Record kicks, 2008)

The Diplomats of Solid Sound soul eta funk doinuen maitaleek kontutan eduki beharreko taldea da. Azken urteotan ugariak dira musika beltzaren urrezko aroa gogoan hartuta, 60-70. hamarreko soul eta funka berpizten ari direnak. Horien artean, azpimagarria da Iowako talde instrumental honek egindako lana. Oraingoan, The Diplomettes taldeko hiru abeslariak (Sarah Cram, Katherine Ruestow eta Abigail Sawyer) dira soularen ahots hirukoteen magia gehitu dietenak.

ARITZ SOUND SYSTEM

THE GREYBOY ALLSTARS - What happened to tv

THE GREYBOY ALLSTARS”WHAT HAPPENED TO TELEVISION”
(Sci Fidelity Records, 2007)

Hamar urte igaro dira The Greyboy Allstars taldeak estudioko aurreko diskoa –eta lehenengoa- kaleratu zuenetik. Itxaroteak merezi izan du. Funk musika instrumentalaren maitaleak irrikan zeuden Greyboy Dj-ak sortutako talde honen grabazio berriak noiz iritsi zain. Funk samplerretaz nekatuta, zuzeneko funk banda indartsua sortzea erabaki zuen Greyboy-k. 70. hamarkadako funk talde klasikoak eredu hartu eta zuzenekoetarako sortua izan arren estudioan dotore moldatzen direla argi erakusten dute disko berri honetan.

ARITZ SOUND SYSTEM

THE HEAVY - GREAT VENGEANCE AND FURIOUS FIRE

THE HEAVY “GREAT VENGEANCE AND FURIOUS FIRE”
(Counter records/Ninja Tune, 2007)

Disko bitxia da The Heavy izenpean kaleratzen den lehena. Ninja Tune zigiluak banatzen du baina ez du antzekotasun handirik Ninja Tunek kaleratzen dituen diskoekin. Egia da, rap musikaren beats edo erritmo batzuk erabiltzen dituela baina ez da rap diskoa (ezta gutxiago ere). Rockaren, bluesaren, soularen, 70eko soinu banden, folkaren eta bereziki funkiaren elementuak jasotzen ditu eta ziur gaude, estilo guzti horien maitaleen gustukoa izango dela. Zubi lanak egiten.

ARITZ SOUND SYSTEM

THE HEPTONES - Sweet talking

THE HEPTONES “SWEET TALKING”
(Heartbeat, 2007)

Urteak dira Heartbeat zigiluak Studio One jamaikar diskoetxeko katalogotik altxorrak berreskuratzen dituela. Oraingoan Heptones hirukotearen kantu bitxiak jaso ditu disko bilduma honetan (60. hamarkada bukaera). Soul musikan bezala, reggaean ere ahots hirukoteek izugarrizko garrantzia izan dute eta nahiz eta Heptones ez den hirukote ezagunenetakoa, ska-rocksteady eta lehen urteetako reggaearen garapena ulertzeko ezinbestekoa da. Reggae eta soul melodikoaren jarraitzaileentzat ezinbestekoa.

ARITZ SOUND SYSTEM

THE HERBALISER - SAME AS IT NEVER WAS

THE HERBALISER “SAME AS IT NEVER WAS”
(K7, 2008)

Ninja Tune diskoetxearentzat kaleratu dituen bost diskoetan, rap instrumentalaren bideari ekin dio gehien bat, bide hori zabaldu eta esperimentazioari irekiaz. Oraingoan, pauso berria eman du eta, aurreko diskoetan erabilitako scratch eta sampler teknikei, musikariak eta abeslariak gehitu dizkio. Estilo aldetik, raparen eremua aspaldi gainditua zuen baina disko berrian funk, soul eta era guztietako erritmo beltzen eragina inoiz baino nabariagoa da. Disko borobila musika beltzaren maitaleentzat.

ARITZ SOUND SYSTEM

THE LIONS JUNGLE STRUTTIN

THE LIONS JUNGLE STRUTTIN”
(Ubiquity, 2008)

Musika munduko beste bitxikeri horietako bat. Normalean funk eta soul doinuak lantzen dituzten talde desberdinetako musikariak reggae musika egiteko elkartu dira. Musikari hauek, AEBetan musika beltza lantzen duten puntako taldeen partaide dira (puntakoak baina ezezagunak). 2006. urtean Killion estudioetan elkartu ziren eta ia ia joko bat bezala hasi zena diskoan bilakatu da orain Ubiquity zigilu interesgarriari esker. Jamaikar doinuak nagusi, beti ere, soularen, jazzaren eta funkiaren ezinbesteko eraginarekin.

ARITZ SOUND SYSTEM

THE MEDITATIONS - ANTHOLOGY 1971-79

THE MEDITATIONS “ANTHOLOGY 1971-79”
(Nighthawk, 2007)

Bob Marley, Peter Tosh eta Bunny Wailer reggae musikaren hirukoterik ezagunena dira baina ez bakarra. Jamaikar musikaren historian asko izan dira sortu diren ahots hirukoteak (Gladiators, Abyssinians, Maytals, Israel Vibratio, e.a.) AEBetako gospel eta soul ahotsen eragina nabaria izan bada ere jamaikarrek ahots joko berezi eta propioak sortzea lortu dute (eta oso ederrak). Bakarrak munduan. Meditations-ekoak lortu dute ,gutxik bezala, Karibeko argia eta alaitasuna ahotsaren bidez islatzea.


ARITZ SOUND SYSTEM

THE NEW MASTERSOUNDS - 102percent

THE NEW MASTERSOUNDS “102 per cent”
(3 on the B Records, 2007)

60 eta 70. hamarkadak izan ziren, ziurrenik, funk musikaren urrezko aroak. James Brown-ek mundu osoan ezagun egin zuen estilo dantzagarri eta koipetsu honek eragina handia izan du gainontzeko musika estiloetan. Ingaleterrako TNMS taldeak funk instrumentala, erritmikoa lantzen du; eta gutxik bezala, jatorrizko funkiari fidel mantentzen zaio.

THE ROOTS- Rising down

THE ROOTS “Rising Down”
(Def Jam, 2008)

Aparailu elektronikoek musika egiteko eta diskoak grabatzeko aukera zabaldu duten arren, gutxi dira hezur haragizko musikariekin lortutako soinua berdintzen dutenak. Rap taldeen artean, geroz eta gehiago dira musikariekin grabatzen duten abeslariak. Filadelfiako The Roots taldea aitzindaria izan zen musikariekin osatutako rap taldeen artean. Emaitza begi-bistakoa da. Taldearen zortzigarren disko honetan, aurrekoetan bezala, soinu indartsua eta landua eta luxuzko kolaboratzaileak izan dituzte (Common, Mos Def, Talib Kweli, etab).

ARITZ SOUND SYSTEM

THE TOASTERS - ONEMORE BULLET

THE TOASTERS “ONE MORE BULLET”
(Stomp records, 2007)

Ska musika jamaikarrek sortu zuten 60. hamarkadan. 80. hamarkadan, erritmo hauek Europan zabaldu ziren, Ingalaterran bereziki, Two Tone izenpean (Specials, Trojans, Madness, e.a. Euskal Herrian Kortatuk erritmo hauen eragin nabaria izan zuen). AEBetan New York hiriko Toasters taldea aipatu beharra dago. 25. urteurrena ospatzen duten disko honetan, aurrekoen bideari jarraituz, ska erritmoak rock eta jazz musikekin nahasten dituzte, haize sekzio indartsua eta oso kantu dantzagarriekin.

ARITZ SOUND SYSTEM

THINK OF ONE - Camping shaabi

THINK OF ONE “CAMPING SHAABI”
(Crammed, 2008)

BELGIKA MAROKO KONEXIOA

Maiatzeko disko aipamenetan Antwerp Girsy Ska Orchestra taldeari buruz hitz egin genuen. Harrituta geunden Belgikan horrelako musika egiten zuen taldea egoteaz. Jamaikar doinuak Balkanetako erritmoekin elkartuta? Dirudienez, Belgikako Antwerp zonaldeak ezkutatutako arri bitxi gehiago ditu. Oraingoan, oinarria Marokoko Shaabi erritmoan dago (bereber jatorriko erritmoa) eta erritmo hau, taldeko kideek gustukoak dituzten hainbat doinuekin jantzi dute (jazz, punk, rock, dub, rap). Emaitza musika koloretsua eta bizia da. Taldeko partaideak jatorri desberdinekoak dira eta kantuak abesteko garaian ere, hizkuntza desberdinak uztartzen dituzte (arabiarra, frantsesa eta flandiarra, besteak beste). Aurreko diskoan Brasilgo erritmoak landu zituzten eta disko honetarako Shaabi erritmoak Europa eta Amerikako erritmoen arteko zubiak eraiki nahi zituzten. Horretarako Marokoko bost musikarien laguntza izan dute, eta hauetaz gain, Marokoko abeslari eta perkusiolari ezagunak diren Amina Tcherkich and Lalabrouk Loujabe (biak soilik emakumez osatutako Marraketseko Houara taldeko partaideak), Ab el Kebir Bensalloum (Marraketseko Gnawa abeslaria), eta "The Twins", Hicham and Hakim Bouanani Moul ay bikotea, Bruselaseko Shaabi musikari ezagunak. Kantuak Marrakets hirian eta Antwerpeko auzo pobreetan konposatu dituzte, Bruselasen grabatu dituzte eta nahasketak Parisen egin dituzte.

ARITZ SOUND SYSTEM

TIKEN JAH FAKOLY - Lafricain

TIKEN JAH FAKOLY “L´AFRICAIN”
(Barclay, 2007)

“Barkatu dezakegu baina ez dugu ahaztuko”

Euskal Herrian bezala, Boli Kostan ere, gobernu zein polizi indarrek gogor ekiten diote jauntxoen estatusa borrokatzen dutenen aurka. Tiken Jah Fakoly, Manding (Malinke-Bambara) herriko semea da. Europear kolonizatzaileek indarrez inposatutako lurralde banaketan Manding herria Boli Kosta, Senegal, Mali, Ginea, Gambia eta Mauritania estatuen artean sakabanatu zuten. “Afrikako historia ezagutzen dugunean eta ditugun eskubide eta betebeharretaz kontziente garenean hobe defendatuko gara”. Tiken Jah Fakoli Boli Kostan jaio zen. Boli Kosta frantsesek duela mende pasatxo sortutako estatua da. 1960. urtean independentzia lortu zuenetik agintari desberdinak izan ditu gobernuan eta guztiak agintaldia poltsikoak betetzeko erabili dute. Egoera hau salatzeagatik heriotza mehatxuak eta hainbat atentatu saiakera jaso ditu eta etxea erre diote. Erlijioekin ere oso kritikoa da. Erlijio monoteistak kolonoek ekarritako erlijioak direla dio eta afrikarrak banatzeko erabili dituztela. “Lehen ez zegoen ez kristau ezta musulman ere/baina orain dena izorratuta dago/ikaleak bananduta daude/militarrak bananduta daude/irakasleak bananduta daude/eta merkatuko amak ere bananduta daude…” (“Le Pays Va Mal” kantua). “Esklabutza ezabatu eta gero/Kolonizazioa sortu dute/Konponbide aurkitu dugunean/Kooperazioa sortu dute/Baina egoera salatu dugunez/Globalizazioa asmatu dute/Babilonia da ustiatzen gaituena” (“Yén A Marre”(Nazkatuta gaude) kantua).

ARITZ SOUND SYSTEM

TONY REBEL - I REBEL

TONY REBEL “I REBEL”
(Flames, 2007)

1983an musika munduan hasi zenetik Dj edo toasterren arloan ezinbesteko abeslaria izan da Tony Rebel. Sound System edo Jamaikar dantzalekuetara zuzendutako reggaea lantzen du baina bide hori landu duten beste abeslari askok ez bezala, abesten dituen gaiak azaletik landu beharrean edukiz eta konpromisoz betetzen ditu. Kontzientzia dun reggaea deitzen diote. Urteetako esperientziak lagunduta eta irlako ekoizle eta musikari onenekin osatu du lan berria. Reggaearen garai desberdinen arteko zubi sendoa.

ARITZ SOUND SYSTEM

TOUMANI DIABATE - THE MANDE VARIATIONS

TOUMANI DIABATE “THE MANDE VARIATIONS”
(Nonesuch/World Circuit, 2008)


Instrumentu bakarra (eta bere musikaria) protagonistatzat dituzten diskoak ez dira oso ohikoak gure artean . Ideia bera aspergarria iruditu daiteke. Toumani Diabate, Maliko musikaria da eta maisua da Kora jotzen. Kora, Afrika mendebaldeko instrumentua da, arparekin antzekotaasunak ditu eta ospakizun askotan erabiltzen da. Toumanik mila sonoridade desberdin ateratzen dizkio eta batzuetan, bakarlaria baino banda entzuten ari garela dirudi. Hauskortasun eta lasaitasun giroak sortzen ditu.

ARITZ SOUND SYSTEM

TRANGLOBAL UNDERGROUND - Moonshout

TRANGLOBAL UNDERGROUND “MOONSHOUT”

(Mule Satellite, 2007)

Mendebalde eta ekialdearen arteko lotura

Gutxi batzuk mendebalde eta ekialdeko kulturen arteko harremana soilik gatazkatsua izan daitekeela sinistarazi nahi diguten bitartean, beste batzuk, musikaren bidez, hori horrela ez dela erakusten digute. Komunisten “mehatxua” gaindituta musulmanak dira orain etsaiak. Terrorea (militarra eta kulturala) mundu osoan zehar inposatzen duten mendebaldeko gobernu aberatsek terroristaz inguratuta gaudela sinistarazi nahi digute eta desberdin bizi, pentsatu edo sinisten duena etsai bihurtzen dute (euren interes ekonomiko eta politikoen aurka doan bitartean noski). Beldurraren kultura. Gezur horri aurre egiteko tresna aproposa da musika. Transglobal Underground mendebaldeko kapitalismoaren bihotzean sortu zen, London hirian. Urteetan munduko herriak bortizki ustiatuz aberastu den London hiria kultura desberdinen topaleku da. 90. hamarkada hasieran T.U-ek hesi asko apurtu zituen. Londonen dauden kultura desberdinen espresio musikalak elkartu eta ordura arte apenas landutako nahasketa osatu zuen. Oinarri elektroniko baten gainean (abiadura desberdineko beat elektronikoak erabilita; rap, breakbeat, jungle, dub, etab) Ipar Afrikako, India eta Pakistango eta orotar ekialdeko kultura desberdinen tradizio musikalak uztartu zituen. Disko berrian bide horri eutsi dio eta nahiz eta orain ez den zerbait “berria” lehen bezain ederra eta aberasgarria izaten jarraitzen du.

ARITZ SOUND SYSTEM

TRICKY - KNOWLE WEST BOY

TRICKY “KNOWLE WEST BOY”
(Domino, 2008)

1995. urtean Maxinquaye diskoa kaleratu zuenean iraultza suposatu zuen musika munduan. Lagun handi batek utzi zidanean (eskerrak Manolo) blues elektronikoa iruditu zitzaidan; iluna, malenkoniatsua eta ederra. Pentsatzen uzten zaituen horietakoa. Urte gutxitara famatu egin zen eta egia esan, pista galdua nion aspaldi (trip-hoparen kea). Disko hau da, azken urteetan entzun ditudanetik, lehen diskora gehien gerturatzen dena da. Giro ilunak, ahots sakonak eta erritmo erdoilduak. Jaio zen auzoko oroitzapenak dira agian?

ARITZ SOUND SYSTEM

TRIKIZIO - Euscat

TRIKIZIO “EUSCAT”
(Baga-Biga, 2008)

“Duintasunaz kantu entzutetsuenak jo, beste batzuk sortu eta alaitasuna barreiatu”. Helburu horiekin sortu zen 1999. urtean Trikizio taldea. Xabi Arakamaren gidaritzapean Euskal Herriko zein kanpoko plaza askotan aritu dira helburu horiek beteaz. Taldearen lehen lana den honetan, zubi lanak sendotu nahi izan dituzte Euskal Herria eta Kataluniaren artean. Bi herri hauetako musikari ezagunen kantu esanguratsuen bertsio alaiak egin dituzte, lagun askorekin batera eta euskara zein katalanera tartekatuaz.

ARITZ SOUND SYSTEM

TUESTATE DE TRANKS - Tuestate De Tranks

TUESTATE DE TRANKS “Tuestate De Tranks”
(Auto-ekoizpena, 2007)

Urak harrotzen hasiak dira Donostia aldean. Urteak dira Hip-Hop mugimendua indarrean dagoela eta alkatearen borondatearen aurka bada ere, sendotzen ari den mugimendua da. Horren adibide da Tuestate de Tranks taldeak kaleratu duen diskoa. Autoekoizpenaren bidetik, base erritmiko landuekin, estatuan zein nazioartean arrakasta duten taldeen azaleko mezu ñuñoak alboratu eta bizi dugun gizartearekin kritikoak diren letrak aurkituko ditugu (gazteleraz). Zuzeneko sendoa.

ARITZ SOUND SYSTEM

The Wailers - Another dance

BOB MARLEY & THE WAILERS “ANOTHER DANCE”
(Heartbeat, 2007)

Bob Marley eta bere lagunak etengabeko harrobia dira. AEBetako Heartbeat zigiluak Studio One jamaikarrarekin zinatutako akordioari etekina ateratzen jarraitzen du eta oraingoan, Studio Onentzat The Wailers taldeak (eta ez Bob Marley and The Wailers) grabatutako kantuak aurkituko ditugu; ska, rocksteady eta soul garaikoak (famatu egin zituen reggae garai aurrekoak beraz). Taldearen zaletuak adi egon, agian diskoko kantuak beste bildumen batean edukiko dituzue eta.

ARITZ SOUND SYSTEM

The good, the bad & the queen

The Good, The Bad & The Queen
(2007, Virgin)
The Clash taldearen baxu jolea zenak, Paul Simononek, talde berria osatu du. Damon Albarn, Blur eta Gorillaz talde arrakastatsuen abeslariarekin, Simon Tong, The Verve taldeko gitar jolearekin eta Tony Allen, Fela Kutiren bateri jolea zenarekin osatu du taldea. London hiria inspirazio modura hartu dute diskoko kantuak osatzeko.

ARITZ SOUND SYSTEM

U-NAM - BACK FROM THE 80´S

U-NAM “BACK FROM THE 80´S”
(Passion, 2007)

Smooth jazz. Zer ote? Izenari erreparatzen badiogu, jazz goxoa eta gozoari buruz ari gara; arina eta hauskorra. Jazz klasikoaren zaletuentzat, jazzaren adar komertziala da, azukrea gainezka du eta “benetako” jazz musikaren maitaleak ez direnentzat aproposa omen da. Lagun batek zionez, Londonen bulegotik estresatuak ateratzen diren exekutiboek etxerako bidean automobilean entzuten duten musika da (izen bereko irrati katea eta guzti). George Benson gitarrista izango da ziurrenik jazzaren azpi estilo honen erreferente nagusia eta George Benson da, zalantzarik gabe, U-Nam-en inspirazio iturri nagusia. Parisen jaioa, urteetan jazz eta soul musikaren izen ezagunekin lanean aritu da gitarra jole gaztea. 2005. urtean “The Past Builds The Future” disko arrakastatsua kaleratu zuen eta orain, 80. hamarkadako jazz “komertzialena” gogora ekartzen digun diskoa kaleratu du. Bertan, kantu propioekin batera, hamarkada horretako kantu ezagunen hainbat bertsio instrumental entzun daitezke; Randy Crawford and the Crusaders-en “Sreet Life” ederra, George Bensonek ezaguna egindako “Turn Your love Around”, Lionel Richieren “Love Will find a way” edo Roberta Flack eta Donny hathaway-ren “Where is the Love”, besteak beste. Kantu dotore eta entzun errazak dira eta lagun batek esango luke “ari musikalerako aproposak” direla. Nerbio pixka bat faltan botatzen diogu guk.

ARITZ SOUND SYSTEM

U-ROY - OLD SCHOOL, NEW RULES

U-ROY “OLD SCHOOL, NEW RULES”
(Ariwa, 2007)

Euskal Herrian, askorentzat, Fermin Muguruzaren diskoan parte hartu izanagatik ezaguna bada ere, “Daddy” U-Roy-k, 40 urte daramatza reggae munduan. Disko berria, Mad Professor ekoizle, musikari eta soinu musikariarekin grabatu du. Hitz jario musikatuaren aitzindaria, larunbatean, Bilbon ikusteko aukera izango dugu, Junior Marvinekin batera.

ARITZ SOUND SYSTEM

U.K. Bill - U.K. Hill

U.K. Bill “U.K. Hill”
(Añorghetto, 2007)

Arrakastaren fokuen distiratik “salbu” dauden taldeek osatzen dute Euskal Herriko musikaren historia. Zuzeneko fokuen berotasunean jaio eta hazi diren taldeak dira eta musikarekiko duten maitasunaren indarrarekin garaitzen dituzte oztopoak. U.K. Bill taldeko lagunak historia horren parte dira. Utikan, Asgarth eta Laurobako taldeetan aritutakoak dira eta izenen gainetik, gurean, rockak egindako bidea aberastera datoz. Añorghetto diskoetxea sortu eta bertan kaleratu dute lehen lana. Jaso ukabilak. www.myspace.com\anorghetto



ARITZ SOUND SYSTEM

UB 40 - UNDER THE INFLUENCE

UB 40 “UNDER THE INFLUENCE”

(DMC, 2007)

Diskoaren izenburuak okerrera eraman badezake ere, hau ez da UB 40 taldearen disko berria. Oinarrian, UB 40 taldeko partaideek gustuko dituzten kantuen bilduma da eta teorian, taldearentzat funtsezko eragina suposatu duten kantuak jasotzen dira bertan. Izenburuarena salmenta kontua izango da noski. Diskoan, reggae eta soul musikaren abeslari eta talde klasikoak entzun daitezke (Bob Marley, Marvin Gaye, Burning Spear, Ijahman, e.a.) eta UB40 taldeak, arrakastatsu bilakatu ondoren, kaleratu duen edozein disko baina interesgarriagoa iruditzen zaigu.

ARITZ SOUND SYSTEM

UB40 - DUB SESSIONS

UB40 “DUB SESSIONS”
(Reflex muzik, 2008)

Ub40 taldea reggae poperoaren adierazpide nagusia da. Lehenengo diskoak izan ezik, gainontzekoak reggae komertzialaren adibide dira eta horrek reggae zaletu askoren kritikak ekarri dizkie (disko honek agian zaletu askoren iritzia aldatuko du). Aldaketak datoz taldean eta ekainean kaleratuko duten disko berria Ali Campbell abeslari nagusiarekin kaleratutako azkena izango da. Diskoaren aurrerapen gisa, disko berriko hainbat kantuen dub bertsioak eta kantu argitaratu gabeak biltzen dituen edizio mugatuko disko hau kaleratu dute.

ARITZ SOUND SYSTEM

UMALALI - GARIFUNA WOMENS PROJECT

UMALALI “GARIFUNA WOMENS PROJECT”
(Cumbancha, 2008)

MENDEETAKO HISTORIA EZKUTUA AGERIAN

Musika, belarrietatik sartzen den zerbait dela esan ohi da, baina, musika horren atzean dagoen mundua ezagutuz gero, normalean, erakargarriagoa eta ederragoa egingo zaigu gustukoa dugun musika. Horren adibidea izan daiteke Garifuna herriko emakumeen abestiak biltzen dituen disko hau. Garifunak, itsasoan galdutako esklabo afrikarren eta Karibeko Arawak eta Carib indioen arteko maitasun harremanetik sortutako herria da. Belice, Nicaragua, Honduras edo Guatemalako kostaldean sakabanatutako herrixka txikietan bizi dira eta hasiera batean, musika kontuetan, gizonezkoak nagusi direla badirudi ere, emakumeak dira aitzinako ohiturak mantendu dituztenak. Familia osoa aurrera ateratzen duten emakume hauek, lanaren zama arintzeko, eguneroko kontuak abesten dituzte; haurrekin gora beherak, maitasun kontuak, haizeteek eragindako kalteak, etab. Belicen egoitza duen Stonetree zigiluko Ivan Duran izan zen emakumeen kantu hauek berreskuratzeko eta grabatzeko lana hartu zuena. Etxeetako sukaldeetan, egongeletan, kalean edo Garifuna elizetan egin ditu grabaketak eta emaitza bezala, euren ohitura eta hizkuntza bereziak mantentzeagatik borrokatzen duten emakumeen doinuak bildu ditu. Afrikar erritmoak, Karibeko doinuak, funka, rocka, bluesa eta erritmo latinoak nahasten dituzte, goxotasun dosi handiarekin. Hamar urtetako lana mendeetan ezkutuan egon diren doinuekin guztiok gozatu eta ikasi dezagun.

ARITZ SOUND SYSTEM

UP, BUSTLE & OUT - ISTANBUL SECRET

UP, BUSTLE & OUT “ISTANBUL SECRET”

(Groove Attack, 2007)

MUNDUARI BIRA 14 URTETAN

90. hamarkada hasieran, Ingalaterrako Bristol hirian musika leherketa eman zen. Bristol, Ingalaterra mendebaldeko kostan dagoen herria da. Mendeetan hiriko jauntxoak esklaboen merkataritzari esker aberastu ziren eta urteetan Ingalaterrako hiri garrantzitsuenetakoa izan zen. II. Mundu-gerra eta gero, esku lan merkearen beharra zegoela eta, Jamaikatik iritsitako etorkin asko jaso zituen. Jamaikar etorkinek reggae eta dub erritmoak ekarri zituzten eta hauei rap, soul eta musika elektronikoaren doinuak gehituta sortu zen “Trip-hop” bezala ezagutuko zen musika. Massive ttack, Tricky edo Portishead bezalako taldeek osatzen dute lehen belaunaldi ospetsua. Up, Bustle & Out taldea 1993. urtean sortu zen. Hirian nagusi ziren doinuak bereganatu zituzten eta hauei, taldekideek bidaiatzeko eta kultura berriak ezagutzeko grina gehitu zieten. Urte guzti hauetan bidai ugari egin dituzte eta kaleratutako diskoetan bidai horietan jasotako esperientziak aurki daitezke. Kuba, Jamaika, Mexiko, Bolibia, Ipar Afrika, Andaluzia eta orain, Turkiako Istanbul hiriari iritsi zaio txanda. Diskoan aurreko esperientzi guztia biltzen da musika estilo bizia eta koloretsua lortuaz. Kolaboratzaileen zerrenda ere ez da nolanahikoa; Thivery Corporation taldeko Rob Garza, Portishead-eko Jim Barr, King Cahngo taldeko Blanquito man, Kalaf olerkilari afro-portugesa, Radio Tarifako Benjamin Escoriza eta Turkiako Sevval Sam abeslari eta aktorea.

ARITZ SOUND SYSTEM


UP, BUSTLE & OUT - Mexican Sessions

UP, BUSTLE & OUT “Mexican Sessions”
(Collision Cause Chap, 2007)

Bristol hiria ezaguna egin zen 90. hamarkadan Massive Attack, Portishead edo Morcheeba bezalako taldeei esker. Bertakoak dira Up, Bustle & Out nahiz eta aurretik aipatutakoak bezain ezagunak ez izan. Musikalki ere, hasiera batean, antzeko eraginak izan bazituzten ere (reggae,dub,rap,elektronika, e.a.) Up, Bustle & Out taldeko lagunak munduan zehar bidaiatu dute herri kultura desberdinetako musika eraginak jasoaz. Oraingoan “Bristol” soinuari Mexikar musikaren kutsua eman diote.

ARITZ SOUND SYSTEM

US3 - SAY WHAT

US3 “SAY WHAT”


90. hamarkadan Blue Note diskoetxearen arduradunek pauso berria ematea erabaki zuten. Blue Notek duen jazz katalogo izugarriari haize freskoa eman nahian (eta helburu komertzialak ahaztu gabe), katalogo hori Geoff Wilkilson ekoizlearen esku jarri zuten jazz eta raparen arteko elkarketa egin zezan. Aurretik antzeko esperimentuak egin ziren baina oraingoan nazioarte mailako oihartzuna bilatzen zen eta ez zuen edozerk balio. Saiakera ugari eta gero, “Hand on The Torch” diskoa osatu zen eta nazioarteko kantu arrakastatsua berriz “Cantaloop” ezaguna (Herbie Hancock-en originalean oinarrituta). Lehen disko horren muga asko apurtu zituen eta oso salmenta onak izan zituen. Hortik aurrera ehunka disko kaleratu ziren jazz kantuen sampleak zituzten rap kantuekin. Hurrengo bi diskoak oihartzun handirik ez zutela ikusita sampleak alde batera utzi eta hezur haragizko musikariekin lan egiten hasi ziren. Us3 proiektuaren garai berri izango zen, abeslari berriak eta soinu berria. Bigarren garai horretan koka dezakegu disko berri hau. Eskarmentu handiko musikariekin egindako kantuak eta aurreko diskoan parte hartu zuten bi rap abeslariekin (emakumezko abeslaria gehitu zaie) disko borobila osatzea lortu dute. Osagai nagusiak rapa eta jazza badira ere, brasildar doinuetara ireki dira. Gora behera asko eduki dituen arren, badirudi, Geoff Wikilsonek azkenean Us3-ren proiektua sendotzea lortu duela nahiz eta oraindik, lehen disko izugarri horren zama handia den.

ARITZ SOUND SYSTEM

VIEUX FARKA TOURE - REMIXED UFOS OVER BAMAKO

VIEUX FARKA TOURE “REMIXED UFOS OVER BAMAKO”
(World Village, 2007)

Aitak nahi ez zuen arren, Vieux Farka Tourek musika munduan murgildu da buru belarri. Otsailean kaleratu zuen lehen diskoa (izen berekoa) eta orain, bere kantuei egindako nahasketak jasotzen dituen diskoarekin dator. Vieuxek, Maliko Mande eta Sonrai estiloak bluesarekin eta Karibeko musiken eraginekin uztartzen ditu eta disko honetan, erritmo horiei, Nickodemus, 3rd bass edo Dj Center bezalako disko jartzaile eta ekoizleek base elektronikoak gehitu dizkiete.

ARITZ SOUND SYSTEM

WAGON COOKIN - 2faces

WAGON COOKIN “2 FACES”
(Compost, 2007)

BILUTSIK

Esaera zaharrak dio inor ez dela profeta bere herrian. Luis eta Javier Garaialde anaiak Iruñean jaio ziren eta oso gazte zirela hasi zituzten musika ikasketak Pablo Sarasate musika eskolan. Aita, saxofoi jole ezaguna, jazz musikaren hazia landatu zien eta oso gaztetik musika munduan bideratu zituen. 90. hamarkadan, eta hainbat instrumentu menperatzen zituztela, musikaren adar elektronikoagatik interesatu ziren (aparailu zein estiloei dagokionez; acid jazz deitu zenarekin bereziki). Europako disko jartzaile eta musika elektronikoaren ekoizleen artean (Gilles Peterson edo Rainer Truby besteak beste) oso harrera ona izan zuten bikotearen binilozko lehen grabazioek. 2002. urtean Appetizers disko luzea kaleratu zuten; jazza, latin, soul eta house erritmoekin osatutako kantu dotore eta ederraz beteta. Brasilgo argitasunak itsututa Salvador de Bahian eman zuten denboraldi luzea eta esperientzi horren ondorioa izan zen 2004. urteko “Everyday Life” diskoa. Aurreko grabazioen osagaiei brasilgo musikaren ukitua gehitu zioten. Orain, urte guzti hauetan jasotako esperientzia guztiekin sukaldatutako disko bikoitza aurkezten digute. Bi zatitan banatuta dago; lehenengoan, sarrera modura, euren aurpegi goxoena erakusten digute; jazz, soul, funk erta brasildar doinuak oinarri elektronikoekin igurtzita. Bigarren diskoan berriz festarako arropa jantzi eta dantzarako aproposagoa den aurpegia erakusten digute; dotorezi handiz igurtzitako oinarri elektroniko indartsuak.

ARITZ SOUND SYSTEM

WAILING SOULS - Most wanted

WAILING SOULS “MOST WANTED”
(Greensleeves, 2007)

Jamaikar musikaren zaletuen gozamenerako, Reggae musikaren urrezko aroan egindako diskoen berragitapenen modarekin bat egin du Greensleeves diskoetxe/banatzaileak. Nazioartean oso ezaguna ez bada ere, Jamaikan bereziki maitatua da Wailing souls taldea. Abeslari nagusiaren ahotsa Bob Marleyren ahotsarekin parekatu izan dute askotan eta kantuetako melodi ederrak bizipoza eta ghettoetako sufrimendua islatzen dute. Oraingoan, taldeak kaleratutako 12 hazbete ezagunenekin bilduma osatu dute.

ARITZ SOUND SYSTEM

WAREIKA HILL SOUNDS

WAREIKA HILL SOUNDS

Jamaikar musikan haize sekzioak garrantzi izugarria izan du. Ska garaian Don Drummond izan zen tronboia instrumentu nagusi bilakatu zuena (ordura arte zuen laguntzaile papera gaindituz). Calvin Cameron tronboi jolea Skatalitesekin, Count Ossie & The Mystic Revelation Of Rastafari edo Light of Saba bezalako egitasmotan aritutakoa da; reggaearen tradizio afrikarrean hezita beraz (danborren taupadak nagusi). Egitasmo berri honetan instrumentalak eta abestutako kantuak uztartzen dira, dubaren eta afrikar tradizioaren magalean.

ARITZ SOUND SYSTEM

WARSAW VILLAGE BAND - Upmixing

WARSAW VILLAGE BAND “UPMIXING”
(Jaro Medien, 2008)

FOLKAREN BIDE GURUTZEAK

Europa ekialdeko herriak guztiz ezezagunak izan zaizkigu duela gutxi arte (eta neurri handi batean ezezagunak izaten jarraitzen dute) baita musika mailan ere. Zorionez, besteak beste sareak zabaldu dituen aukerei esker, geroz eta talde gehiago ezagutzeko aukera dugu. Aberastasun horrekin gozatzeko eta ikasteko aukeraz baliatu behar gara. Warsaw Village Band Poloniako folk taldea da. 1997. urtean Poloniako folk musikaren maitale sutsuak diren sei gazte elkartu eta musika ikasketarik egin gabe, herriz herri abiatu ziren bertako adineko musikariekin egon eta instrumentu tradizionalak ikasteko asmoz. Era horretan Baraban tanborra, dulcemele edo poloniako biolina (Suka) bezalako instrumentuak erabiltzen ikasi zuten. Hauetako instrumentu batzuk Poloniako folkean soilik aurki daitezke. Poloniako biolina adibidez XVI. Mendeko instrumentua da eta azkazalekin jotzen da. Taldeko abeslariak, ahots zuria izeneko teknika erabiltzen dute. Abesteko modu ozena da, artzainen garrasietan oinarritutakoa. Warsaw Village Band taldeak nekazal herrietako zaporea du baina zentzuak erne ditu, kanpotik datorrenaz ikasi eta aberasteko asmoz. Taldeak, 2005. urtean, Uprooting izeneko diskoa kaleratu zuen eta oso kritika onak jaso zituen. Mundu osoko diska jartzaile eta ekoizleen eskariei jarraiki, disko horren kantuen nahasketak jasotzen dituen diskoa da hau. Taldeak jarritako baldintza bakarra bertsioak jamaikar kutsua izan behar zutela da, nekazal giroko dantzaldietatik sound systemetarako pausoa.

ARITZ SOUND SYSTEM

WAX POETIC - Brasil

WAX POETIC “BRASIL”
(Nublu Records, 2007)

New Yorkeko Wax Poetic taldea ezaguna egin zen Trip-hop delako garaian jazza, popa eta elektronika suabea elkartzen zituelako (eta bereziki Norah Jones zuelako abeslaria). Ilhan Ersahin, taldeko buru eta saxofoi joleak, hiru diskoz osatutako bidai musikala osatzea erabaki zuen. Lehena “Kopenhage” hiria zuen ardatz, bigarrenari “Istanbul” deitu zion eta hirugarrena “Brasil” du ardatz. Disko bakoitzean aipatzen den hiri edo lurraldean egiten den musikarekin osatu ditu kantuak eta azken honetan; besteak beste, Bebel Gilberto eta Otto izan ditu lagun.

ARITZ SOUND SYSTEM

YOUSSOU NDOUR - Alsaama day

YOUSSOU N´DOUR “ALSAAMA DAY”
(361 Records, 2007)

KONTALARIAREN ITZULERA

Afrika kontinente ezezaguna da oraindik guretzat. Egunero, albistegietan, Afrikako edozein herrialdeetan gertatutako sarraski eta heriotzen berri dugu. Sufrimendua eta miseria erakusten zaigu, Afrikak duen aberastasuna ezkutatuz. Europako begiekin begiratzen diogu, lurralde handi horri dagokionez, itsu gaudela konturatu gabe. Horren gertu eta horren desberdin. Musikari esker dakigu Afrikarrak ahozkotasunean oinarritzen dutela jakintza transmisioa. Musika dute hizkuntza komuna eta erritmoa da mezuaren bidea. Entzutera ohituta daude. Nazioarte mailan, Yossue N´Dour da afrikar mezulari ezagunenetakoa. Belarri zuriek ulertzen duten hizkuntza sortu du eta Afrikako kontuak zabaltzeko erabiltzen du. Musikaz gaiz, zinemaren hizkuntza ere lantzen du eta udazkenean Amazing Graze filma estreinatuko da (esklabituteari buruzkoa). Senegal jaioterrian, maitatua da oso. Herrialdeko presidentea baino ospetsuagoa da. Herritarrei zuzentzeko ere musikaren lengoaia erabiltzen du baina desberdin entzuten da. Oraingoan, afrikarrei zuzendutako diskoa kaleratu du; Wolof hizkuntzan abestua eta mbalax erritmo klasikoekin osatua. Iraila bukaeran berriz, zurien txanda iritsiko omen da; gure belarrientzako aproposagoa omen den musikarekin osatutako diskoa eskainiko digulako.

ARITZ SOUND SYSTEM

ZAP MAMA - Supermoon

ZAP MAMA “SUPERMOON”
(Heads Up, 2007)

Ahots afrikarren irribarrea


Zap Mama, Afrikako ahots jokoetan oinarritutako taldea da. Musikalki irekia, edozein musika estiloen eragina bereganatzen du. Taldea Marie Daulnek sortu zuen 1990. urtean. Garai bateko Zairen jaioa (gaur egun Kongoko Errepublika Demokratikoa), oso gazte zela Belgikara eraman zuten bizitzera (Belgikarrek 1908tik 1960ra indarrez ustiatu zuten Kongo herrialdea). Marie Daulne, bidaiari amorratua da eta urte batzuk AEBetan pasa izan ditu. Bere bidaietan egindako harremanetatik sortu dira taldearen diskoetan entzun daitezkeen kolaborazioak; Manu Dbango, Speech, The Roots, Erykah Badu, Common, Talib Kweli, etab. Taldeak 17 urteko ibilbide luzean aldaketa ugari ezagutu ditu. Hasieratik emakumeen ahots jokoak izan dira taldearen ezaugarri nagusia nahiz eta denborarekin instrumentazioa gehitzen joan diren. Taldeko partaideen artean ere joan etorri ugari egon da. Taldeak sei disko kaleratu ditu eta guztietan afrikar ahots jokoak eta erritmoak soularekin , reggaearekin, raparekin eta musika elektronikoarekin uztartu dira. Azken disko honetan ere bide hori jarraitzen dute eta pop kutsuko doinu goxoekin batera mezu baikorrak zabaltzen dituzte. “Munduan gauza onak eta txarrak oreka batean bizi dira. Nik mezu baikorrak zabaltzeko beharra sentitzen dut, nire kantuak eguneroko gauza txikietaz mintzo dira”. Mezu baikor horien zabalkundean Michael Frantiren laguntza izan du azken disko honetan.

ARITZ SOUND SYSTEM

ZIGGIE PIGGIE - LIGHT SMYK MUSIC

ZIGGIE PIGGIE “LIGHT SMYK MUSIC”
(Jimmy Jazz records, 2008)

Zoritxarrez, Europa ekialdean egiten den musika ezezaguna zaigu oraindik. Ziggie Ziggie taldearen estetika ikusita eta musika entzunda 80. hamarkadako Ingalaterra etortzen zaigu gogora. Two Tone garaia, skinhead mugimendu ezkertiarra, txuria eta beltza elkarrekin, garagardoa eta ganja. Ska doinuak Poloniara ere heldu dira (heldu ziren aspaldi eta polonieraz abestuta) eta gu enteratu gabe. Kortaturen zaletu hauek Jimmy Jazz diskoetxean kaleratu dute diskoa. Eskuindarrentzako hesi berria.

ARITZ SOUND SYSTEM

ZUCO 103 - After the carnival

ZUCO 103 “AFTER THE CARNAVAL”
(Dox, 2008)

Hamargarren urteurrena ospatzeko modu ederra. 1998. urtean Brasilgo Lilian Vieira, Alemaniako Stefan Schmid eta Holandako Stefan Kruger elkar ezagutu zutenetik sei disko kaleratu dituzte jada. Brasilgo doinuen eta erritmo elektronikoen arteko harremana bultzatu dute hasieratik, eta ezer berririk asmatu ez badute ere, emaitza oso txukuna lortu dute. Dantza musika egiten duen taldea bezala ikusia izan bada ere, disko honetan bereziki, erritmo lasaiagoekin ere primeran moldatzen direla berresten dute.

ARITZ SOUND SYSTEM